Napoleon, Wellington eta euskaldunak

Napoleon, Wellington eta euskaldunak –

Noraino iritsi daiteke
gizakiaren ergelkeria?

Hastapenak

1807ko urriaren 23an, Napoleonek eta Espainiako Karlos IV.ak Fontainebleauko Hitzarmena izenpetu zuten. Akordio honek baimena ematen zien frantsesei Espainia zeharkatzeko eta Portugal inbaditzeko. Portugal Ingalaterraren aliatua zen, beraz, Frantzia eta Espainiaren etsai. 1807ko azaroan armada frantses-espainiarrak Lisboa hartu zuen eta Joan VI. Portugalgo erregea, bere familiarekin batera, Brasilen babestu zen. Denbora berean, frantses armadak Espainiako hiri nagusiak bereganatu zituen. Egoera nahasiaz baliatu zen Fernando printze espainiarra bere aita errege-aulkitik kentzeko eta koroa hartzeko Fernando VII. izenarekin.

Aitaren eta semearen arteko liskarrak zirela eta, Napoleonek biak deitu zituen Baionara, Marracq-eko jauregira, hain zuzen ere, auzia konpontzen laguntzeko estakuruaz. Napoleonek behartuta, bai aitak eta bai semeak uko egin behari izan zioten Espainiako koroari eta enperadoreak Jose Bonaparte anaia ezarri zuen errege Espainian.

Napoleon, Wellington eta euskaldunak

Eta Euskal Herrian zer?

1807an, Inperioko tropak Lapurditik eta Nafarroa Beheretik Hegoaldeko euskal lurraldeetara sartu ziren eta berehala kontrolpean hartu zituzten lau hiriburuak eta gainerako herri nagusiak.

Napoleonek Ebrotik gorako lurraldeak, hau da, Hego Euskal Herri osoa, Aragoi eta Hego Katalunia Inperio Frantsesaren barruan sartu nahi zituen, zenbait departamendu eginez. Horretarako bidean edo, Bizkaiko Gobernua antolatu zuten, barruan Araba –Trebiñu barne-, Bizkaia eta Gipuzkoa sartuz. Hiriburua Donostian ezarri zuten hasieran eta ondoren Gasteizen. Nafarroa Garaian Nafarroako Gobernua ezarri zuten, Iruñea hiriburu zuelarik.

Uztaritzeko Garat anaiek zazpi euskal lurraldeak batuz erresuma bat antolatzeko eskakizuna egin zioten Napoleoni, baina ez dirudi enperadorearen asmoetan horrelako aukera zebilenik.

Frantsesek, gerraren gastuak ordaindu ahal izateko, Hegoaldean zergak igo zituzten eta honek jende xehearen haserrea piztu zuen. Dena den, Hegoaldeko euskaldunak hor ibili ziren batekin eta bestearekin, batzuetan lagun, besteetan etsai. Gipuzkoako Foru Aldundiak frantsesen alde egin zuen garbiki. Zenbait herritarrek frantsesen kontrako gerrilletara jo zuten, Jauregi Artzaia kasu, eta abar.

.

Frantsesen gibelatzea eta Gasteizko gatazka

1811ko maiatzean Wellington buruzagi ingelesa, Portugal bereganatu ondoren, Espainiara sartu zen gudaroste aliatu handi baten buru. 1812ko agorrilaren 11n, Madril hartu zuen. Jose Bonaparte erregeak Iparraldera ihesi egin behar izan zuen. 1813ko ekainaren 19an Jose Bonaparte eta Jourdan mariskalaren armada Gasteizera iritsi ziren eta Jose erregeak Montehermosoko jauregian hartu zuen aterpe. Bitartean, frantses soldaduek defentsarako lerroak prestatu zituzten.

Bi egun beranduago, hau da, ekainaren 21ean, Wellingtonen tropa aliatuek eraso egin zuten. Gatazka Arabako lautadan izan zen eta hamabi ordu iraun zuen. Frantsesen porrota erabatekoa izan zen eta Jose Bonapartek, ingeles soldaduen hurbiltasuna ikusirik, zaldiz egin zuen ihesi Iruñea aldera. Egoeraren larritasunaz kezkaturik, Wellingtonen adiskidea zen Alaba jeneral gasteiztarra Gasteizera sartu zen bere soldaduekin eta harresietako ate guztiak ixteko agindua eman zuen. Horri esker salbatu zuen Gasteiz aliatuen arpilatzetik. Iheslariek Iruñea aldera jo zuten hasieran, eta Iruñea erortzean, Iparraldera gero.

.

Soult mariskala, Donostia eta San Martzial

Uztailaren 1ean, Napoleonek Alemaniako Dresde hirian Soult mariskalarekin bildu eta Pirinioetako Armadaren buru izendatu zuen. Aliatuak Ebrotik behera bidaltzeko agindua eman zion. Uztailaren 12an Soult Baionan zen eta 25ean soldaduak Orreaga, Ainhoa eta Amaiurtik barrena igorri zituen, eta 27an Iruñea aurrera iritsi ziren, Soraurenera, hain zuzen. Etsaien indarraz oharturik, 30ean gibelerat egiteko agindu behar izan zuen eta Etxalartik barrena Sarara itzuli ziren.

Bitartean, eta ekainaren 28tik, Wellingtonek Donostia hesituta zeukan, baina ezin hartuz zebilen. Agorrilaren 31n, hiriko bolborina istripu batez lehertu zenean sortu zen zulotik, tropa aliatuak hiri barnera su eta gar sartu ziren. Badirudi Castaños jeneral espainiarrak hiria arpilatzeko eta biztanleak labainkadez hiltzeko agindua eman zuela. Ez dago hitzik Wellingtonen soldaduek Donostian egin zutena kontatzeko, hilketak, lapurketak, bortxaketak, erreketak… Etxe guztiak (600 ) erre, neska, emazte eta amatxi guztiak bortxatu, 1000 bat donostiar erail eta Donostiako 1.600 familia lur jota, miseria gorrienean, utzi zituzten. Larrutik ordaindu zuten donostiarrek frantsesen eta espainiarren arteko gerrate hura.

Joxe Bixente Etxegaraik triskantza hura bertsotan kantatu zuen. Azkenak honela dio: Onra galdu eta hil / lapurtu guztia / eta gero ondoren / erre Donostia. / Donostiar tristeak / zer egingo degu?/ nola negu gogorra/ igaroko degu?/ Ez herri ta ez etxe / ezta ere jantzirik / jatekoa garesti / ta ez izan dirurik.

Egun berean, San Martzialeko gatazka izan zen Irungo Aldabe mendian. Sei mila gizon inguru hil ziren borrokaldi hartan eta frantsesen porrota ikaragarria izan zen.

.

Gerla Iparraldean

1813ko urriaren 7an, Wellingtonen tropek Bidasoa ibaia zeharkatu zuten eta Hendaiara sartu ziren bertan gotortuz. Azaroaren 10ean, Urdazuri ibaiaren inguruetako gatazka handia hasi zen. Aliatuak Axuria menditik, Zugarramurditik, Lizuniagako lepotik eta Larrungo magaletatik barna Lapurdira sartu ziren. Berehalaxe Sara hartu zuten, Senpere, Ezpeleta… ondoren. Zazpi mila gizon inguru hil omen ziren borrokaldi hartan. Egun bereko gauean Soult mariskalak Donibane Lohizune biztanlez husteko agindu zuen.

Azaroaren 26an, Wellingtonen soldaduek Uztaritze eta Larresoro aldera agin zuten. Abenduaren 9an Kanbo, Itsasu, Uztaritze… hartu zituzten eta Errobi ibaiaren eskuin aldera iritsi ziren. Abenduaren 13an Mugerreko gatazka izan zen. 1814ko otsailaren 14an Heleta hartu zuten eta 23an Baiona inguratu eta hesitu egin zuten. Frantsesek Errobi ibaitik gora ihesi egin zuten. Hortik aitzina borrokak Euskal Herriko lurraldeetatik kanpo jarraitu zuen.

Otsailaren 27an Orthez-eko gatazka izan zen, martxoaren 12an aliatuek Bordele hartu zuten eta apirilaren 11n Tolosa. Apirilaren 14an, Napoleonek abdikatu zuen eta honela gerla bukatu zen.

.

Armaden jokaera Euskal Herrian

Napoleonen anbizioak Europa osoa eraman zuen suntsipenera, gerrak, hilketak, lapurretak, bortxaketak, etxe eta baserrien erreketak… Europa osoko mutil gazteak armadetan sartu zituzten, heien gogoaren kontra, eta horietako aunitzek gerla-zelaietan eman zuten azken hatsa. Hor galdu zen Europako gazteriaren lorea.

Napoleon XIX. mendeko Hitler izan zen, dudarik gabe, Europa osoa erraustu zuen zoro handinahia. Eta Euskal Herrian gauza bera gertatu zen, soldaduek, armada batekoek zein bestekoek, hil, erre, lapurtu eta bortxatu egin baitzuten, inolako eskrupulurik gabe. Askotan soldaduei ez zieten pagatzen diruz, eta ordain gisa, osten zuten guztia ematen zieten, Donostian gertatutako genozidioa kasu. Iparraldean Wellingotenen soldaduek bereak eta bost egin bazituzten ere, okerrenak etengabeko gibelatzean zihoazen frantses tropak izan ziren, zer jan ere ez baitzuten frankotan, eta itsuskeria eta gehiegikeria handiak egin zituzten Iparraldeko herri eta baserrietan.

Horrelako gertakizun latzak oroitzekoak ditugu euskaldunok, gure memoria historikoan atxikita baitaude, baina inola ere ez ospatzekoak, zenbaitek egin nahi duten bezala. Euskaldunok zer dugu ospatzeko gerla horretan? Deus ere ez! Napoleon eta Wellington genozida handiak izan ziren eta historiak horrela oroitzen ditu. Eta norbait ohoratu behar baldin badugu, izan daitezela gure arbasoak, bateko eta besteko armaden itsuskeriak eta krimenak jasan zituzten euskal herritar xeheak.

Euskaldunok Euskal Herria gure gain hartu behar dugu, ez gaitzaten inoiz gehiago horrelako ameskeria, inperio eta gerletan sar. Euskaldunok bakean bizi nahi dugu. Utikan Karlomagno, Napoleon, Hitler, Franco, Mussolini eta horrelako hiltzaile handiak! Historiak kriminalen liburu beltzean, inolako gupidarik eta ohorerik gabe, ehortzi ditzan betiko!

Napoleon, Wellington eta euskaldunak Napoleon, Wellington eta euskaldunak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude