INAUTERIAK
Inauterietan jendea mozorrotu egiten da. Urtean zehar izandako arazoak, penak, frustrazioak ahaztu, eta, egun batzuz, euren aurpegi dibertigarriena atera, eta errealitateari aurre egiten diote umore dosi batzuekin.
Bereziki, oso errotuta dauden herrietan, inguratzen gaituzten errealitate gordinen parodia mundialak egiten dituzte koadrilek eta konpartseroek, eta, horrela ikusita, badirudi parodiatzen duten hori guztia broma handi bat dela.
Baina, zoritxarrez, gaur egun inguratzen gaituena ez da broma bat, amesgaizto izugarria baizik.
Ken Loachen filmografia, beste batzuen artean, datorkit burura. Oroitzen dut “Raining stones” filma. Nola langabezian eta xoxik gabe dagoen aita batek mailegu-emaile sasikume bati dirua eskatzen dion, bere alabari lehen jaunartzeko soinekoa erosteko. Dirua bueltatu ezin eta istorioak hilketa batekin amaitzen du, apaizaren barkamen eta guzti, prestamista madarikatu hura garbitzea pekatu txikia besterik ez zelakoan.
Halako tipo pila bat ikusi ditugu filmetan, sasikume halakoak, gaizkileak, ahulenen miseriak etekina ateratzeko erabiltzen dituzten horietakoak, mafiosoak.
Tamalez, gure gizarte demokratiko honetan baditugu halakoak, ordea, ederki mozorrotuta eta desberdintasun batekin: estatuen eta erakunde publikoen bedeinkazioa osoa. Gure mailegu-emaileek ez dizkigute jipoiak ematen, ez gaituzte “biolentziarekin” mehatsatzen, askoz ere adeitsuagoak dira. Etxebizitzak kentzen dizkigute, kale-gorrian uzten dituzte familiak, aiton-amonak, umeak. Adinak eta egoerak berdin die: ordaintzen ez baduzu to zigorra! Ez al da hori “biolentzia” eragiteko beste modu bat?
Giza-duintasunari eraso diote, inolako gupidarik gabe, ondorioak kontuan izan gabe, pertsonak numero eta transakzio hutsa bilakatuz.
Bitartean, hainbat erakundek bankuei dirua injektatzen jarraitzen du, eta diru publikoz beteriko sobreak, gora eta behera, atzera eta aurrera dabiltza, inpunitate osoz.
Noiz arte jasan beharko dugu gizakion oinarrizko eskubideen aurkako eraso bortitz hori? Zein da horren guztiaren irtenbidea, irtenbiderik bada? Nik neuk ez dut erantzunik, baina zerbait egin beharra dagoela argi daukat.
Aurpegira barre egiten ari zaizkigu, eurentzat bizitza etengabeko inautea balitz bezala.