Nietzscheren azken hitza

Nietzscheren besoetan hasi nintzen pentsatzen. Berak gidaturik, fikzioen amarauna aztertzen joan nintzen. Laster, halere, desilusionatu ninduen, “platonikoegia” zelako; hau da, diruaren boterea kontuan hartzen ez zuelako. Platonen mundu ideala, arrazoi osoz, gogor kritikatzen zuen, baina berak ere botere nahiaren inguruan beste mundu ideal bat sortzen zuen.

Ofizioz eta eskarmentuz ondo baino hobeto banekien zein zen fikzioen amarauna sortzen zuen armiarma: dirua, hain zuzen. Ez nekien nola, baina ez nuen inolako zalantzarik zein zen fikzio sozialen atzetik zegoena. Nietzschek, ordea, diruaren ordez botere nahiaren kontzeptu esentzialista jartzen zuen. Ondorioz, filosofoen erara, bilbatzen zuen historia alderantzikatua zen, fikzioen amarauna ifrentzuaren aldetik ikusiko balu bezala. Horregatik filosofo guztien ilusioan erortzen zen eta historia (filosofoen) ideien historiarekin nahasten zuen.

Halere, behin eta berriro itzultzen nintzen Nietzscherengana, botere nahiaren metafisika haren azpitik zerbait berri zegoelakoan. Izan ere, Nietzscheren jarraitzaileek susmopean jartzen zuten (gaitzesten ez bazuten) alde iluna – giza artalde berri bat sortu beharra, adibidez – gogoko nuen nik, alde ilun hartan benetako historia, eta ez ideien historia, agertzen zelakoan. Gustuko nituen ideia susmagarri horiek gure filosofoari nazi izaera leporatzeko balio izan zutenak ziren, hain zuzen.

Jakin badakit, norbaitek lerro hauek irakurriz gero, faxista edo halako zerbait nintzela pentsatuko du. Ez, guztiz kontrakoa. Nietzscheren ildotik, naziak (nazionalistak) nahiz stalinistak (sozialistak) gutxiesten nituen. Ofizioz eta eskarmentuz neoliberala nintzen (artean hitz hori erabiltzen ez zen arren). Azalpen hauek egiten ditut, herri honen kirol intelektual nagusia jendeari “kalitatezko labela” jartzea dela dakidalako. Diruarekin jokatzea nire ogibidea baldin bazen, zer izan nintekeen neoliberala baino? Abertzalea eta sozialista izatea, zurikeria hutsa izango zen (jende asko, halere, zurikeria horretan murgiltzen da). Putaseme bat agian izango nintzakeen, baina putaseme guztiz kontsekuentea.

Nietzscherengana behin eta berriro itzultzeak azkenean bere fruitua eman zuen. “Hilondoko zatien” artean altxor hau aurkitu nuen:

«Azken hitz bat. Hemendik aurrera ezin konta ahalako eskuen — esku hilezinak! — laguntza beharko dut. Transbalorazioa bi hizkuntzetan agertu behar da. Komenigarria izango da leku guztietan elkarteak sortzea, zeinek denbora egokian milioika jarraitzailea emango dizkidaten. Nire alde edukitzea, lehenik, armadaren ofizialak eta bankari juduak — talde biok elkarrekin botere nahia adierazten dute — aintzakotzat hartzen dut.

»Nire berezko aliatuei buruz galdetzen dudanean, ofizialak dira batez ere; gorputzean sen militarrarekin ezin da kristaua izan, — bestela kristaua bezala faltsua litzateke eta faltsua gainera soldadu bezala -. Halaber, nahiz bere jatorriagatik nahiz bere senagatik, bankari juduak nire berezko aliatuak dira, herrien berekoikeria eta harrokeria betebeharra bihurtu duen interesen politika higuingarri baten ondoren, berriro herriak bateratzen dituen nazioarteko botere bakarra da eta» (Hilondoko zatiak. IV. 25 [11])

Nietzscheren pentsamendua sakonki ezagutzen ez duena ez da testu honen garrantziaz jabetuko. Ezagutuz gero, orain arte emandako interpretazio guztiak – eta daude gustu guztien araberakoak – kolokan jartzen dituela konturatuko da. “Zati satanikoa” deitzen diot pasarte horri. Horregatik agian pentsalari tragikoaren iruzkingileek eta jarraitzaileek alde batera utziko dute. Erabiltzen duten aitzakia, halere, aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, zati hau “eromenaren zatien” artean aurkitzen da. Handik egun gutxira filosofoak burua galdu zuen erabat. Ondorio logikoa da: testu sataniko hau, aldamenekoak bezala, eldarnioak sortutakoak da. Testua, halere, logikoa eta argia izateaz gain – gogora dezagun, halere, Chestertonek eromenari buruz zioena: eroak dena galdu du arrazoia izan ezik – Nietzscheren pentsamendu esoteriko edo ezkutuarekin erlazio zuzena du.

Nik dakidala, Klossowskik izan ezik (G. Collik ere bide batez aipatzen du), inork ez du iruzkinik egin zati horri buruz. Klossovskik, Nietzscheren eromenerako bidea aztertuz testu horrekin estropezu egiten du eta, nola edo hala, harri deseroso hori saihesten saiatzen da. Ulergaitza dela, osatugabea dela… baina ezin du esan eldarnioaren itzala, egun haietako beste testuetan bezala, sumatzen dela.

Beste bi arrazoi , hauek filosofikoak, daude testu hau susmagarri bihurtzeko. Lehenengoa, positiboa, bankariaren presentzia. Ez judua eta kosmopolita izateagatik – horrek ez du inolako arazo teorikorik sortzen -, bankaria izateagatik baizik. Dirua eta botere nahia lotzea Nietzscheren jarraitzaileentzat pentsaezina da (gogora ezazue filosofoen platonismoari buruz goian esan dudana). Bigarren arrazoia, negatiboa, artista ez agertzea. Izan ere, botere nahiaren metafisikan artista da gain-gizonaren goi adierazpena.

Bi objekzio horiek ez ziren nolanahikoak. Bankaria eta botere nahia lotzeak Nietzscheren pentsamenduaren ohiko interpretazioa ez ezik mendebaldeko historiazko ikuspegi ilustratua ere kolokan ipintzen zuen. Hori, erraz uler daitekeenez, ez zen niretzat oztopo bat; aitzitik, hortik jotzeko akuilua. Artistaren hutsunea, halere, ez zitzaidan gustatzen. Izan ere, Nietzscheren agindua – bihur ezazu zure bizitza maisulan – nire ikurritza zen.

Bide luzea geratzen zitzaidan, bada.

Bankari anarkista.

dirua
Galo

FILOSOFO OHIA