Ideologia eta errealitatea

Ideologia eta errealitatea – 

Ideologia eta errealitatea

Ideologiak (sartu mitologiak eta erlijioak ere barne), ideia sistema itxi koherenteak dira, inguratzen gaituen errealitatea ulertzen laguntzen digutenak, sinplifikazioa baliatuz eta beraz ñabardurak albo batera utziz. Ideologiarik gabe ezingo ginateke munduan ibili, errealitatearen konplexutasunak erotu egingo gintuzkeelako, baina honetaz ohardun izatea ere komeni da, aipatu konplexutasun horri tarteka leihoa apur bat zabaltzeko, eta ñabardurei bere lekutxoa emateko, ideologia  bihur ez dadin, errealitatetik gehiegi aldentzen den sinplekeria.

Zaintza, jarduera ekonomikoa bihurtu zenetik, diru-funts handiak buru-belarri sartu dira, beste edozein jarduera ekonomikoan sartu ohi diren moduan, eta jarduera horretako lan-mota zein den aintzat hartuta, koktel ezin mingotsagoa osatu dutela esan daiteke. Alde batean, inbertsioaren etekinari baino begiratzen ez dioten finantzariak ditugu, mozkinak emendatu beharraren presiopean dihardutelarik, langileak baldintza negargarrietan eta zerbitzua eskastasunaren mugan edukitzeko joera nabarmena izango dutenak. Langileen aldetik berriz, etorkinen zaurgarritasuna eta kultura patriarkalaren ondorio den  zaintzaren balio sozial eta estimu txiroa elkartzen dira, esplotazio joeren errazgarri. Honaino, bistan denez,  bikain ahokatzen zaizkigu ideologia eta errealitatea.

Errealitatea ordea, anitza eta nabarra da, eta bertan badira, gorago aipatu ditugunak ez bezalako beste hainbat datu eta adibide, gehiegitan horiei ez ikusiarena eginez bizi bagara ere. Esate baterako, berriki jasan dugun pandemia , test paregabea izan da, batzuen eta besteen kudeaketaren kalitatea neurtzeko, hots, errealitatez blaitzeko, ideologiez harago. Halere ideologiaren magalean kulunkatzea erosoago gertatu ohi da, errealitatearen aniztasun nabar eta sarritan kontraesankorrean ordena jartzen burua nekatzea baino. Horregatik, pandemia aldian zahar-etxe bakoitzak izan dituen kudeaketa eta emaitzak aztertzen dituen honako txosten hau, sobera ezaguna eta hitzetik hortzera aipatzen dena izan beharrean, gutariko gehienek inoiz ikusi ez dugun dokumentua da.

Izan ere, Infolibre aldizkari digitalak 2022ko abuztuan argitaratu zuenaren arabera, zahar-etxeetan izandako hildako kopuru izugarriaren gehiengoa, talde pribatu erraldoietako egoitzetan gertatu zen. Zaharren %27,5 edukita, heriotzen %36,5 izan zuten 30 talde pribatu handien egoitzetan. Euskadi eta Nafarroan ere, talde handi horietako egoitzetan emaitza negargarriak izan zituzten: Domus Vi taldekoetan, zaharren %6,4 edukita, heriotzen %13,7 izan zituzten eta Amavir taldekoetan berriz, %10,9 eta %20,6 izan ziren hurrenez hurren. Halere, eta hemen hasten dira errealitate bihurriaren datuak, txostenak diosku Euskadi izan zela, sistema publikoan, pribatuan baino hildako gehiago izan zuen erkidego bakarretakoa. Sistema publikoan zeuden zaharren %15,5a, eta bertan gertatu ziren heriotzen %27,8a.

Datu hauetatik bi gogoeta abia daitezke. Lehena, agian publiko/pribatu dikotomia, ideologikoki maitea izan arren,  ez dela bere soiltasun horretan errealitatearen deskribatzaile egokia. Agian beste aldagaiak sartu beharko genituzke ekuazioan, hala nola enpresa mota eta tamaina, eta kudeaketaren irizpideak eta kalitatea (GSR kooperatiba taldeak emaitza bikainak izan zituen adibidez, txostenak dioenez). Bigarrena berriz, greba feminista bat burutu berri dugula, zaintzaren publikotasuna eskatuz, non eta sektore publikoak okerren jardun duen erkidegoan, artean, nik dakidala, desastre horren inguruan kargu-hartze zipitzik egin ez denean. Ahoa bete hortz geratzeko moduko logika falta, lasai-lasai etxekotuta, inor harritzen ez duena.

Orratzetik hari, gutun hau ilustratzen duen argazkiaz hitz parea. Tolosan bi zahar etxe daude, bata publikoa eta beste pribatua. Greba feministaren egunean antolatutako manifestaldiak, besteak beste, zahar-etxe pribatuko atarian egin zuen bere protesta, zaintza publikoa aldarrikatzeko. Noski zeharo koherentea ideologia hutsez jardunez gero, baina gogoeta egiten badugu, pandemia garaian zahar-etxe pribatu horrek, kudeaketa eta aurre-ikuspen bikainei esker, zero gaixo eta zero hildako izan zituela, zahar-etxe publikoak kudeaketa burokratizatu negargarria tarteko, hamabost hildako izan zituen bitartean, esan daitekeen gutxienekoa da, ez duela oso egokia ematen.

Pandemiak agerian utzi zituen eredu bikainak ahaztuta eta izan ziren akats negargarriak aintzat ez hartuta, ez du ematen etorkizunak hobeki prestatuta harrapatuko gaituenik. Lastima da mobilizatzeko hainbesteko indarra, gogoeta finduago bat bultzatzeko ez aprobetxatzea.

Ideologia eta errealitatea

5 pentsamendu “Ideologia eta errealitatea”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2023-12-01 21:03

    “Ideologiak (sartu mitologiak eta erlijioak ere barne), ideia sistema itxi koherenteak dira, inguratzen gaituen errealitatea ulertzen laguntzen digutenak, sinplifikazioa baliatuz eta beraz ñabardurak albo batera utziz”.

    Zorionez, Kurt Gödeli esker badakigu horrelako sistema itxiak funtsatzerik ez dagoela. Sistema logiko baten barnean ezin direla bere proposizio guztiak egiaztatu…
    Ideologiak (zaharrak zein modernoak) beti zulo logikoak edo diskurtsiboak dituzte; ezin dira biribildu pentsamentuan. Marxismoa, feminismoa, are ekologismoa ere, edozein erlijio, ez da inoiz ere konsistente izanen. Ez eta historizismoa ere.
    Alabaina, arrazoiaren indarrak, arrazoia aurkitu beharraren indarrak, bultzatzen gaitu geure erlijio konstruktoak eraikitzera…
    Beharbada gure ezintasuna da, ala gure patua, ala gure alferkeria… baina ez dugu ikasten geure baitako izaten, ez gara geure baitakoak… segurtasun ezean bizi gara… eta beldur naiz horrek hainbat alorretan publikotasuna (artaldearen babesa…) eta administrazioaren erantzunkizuna aldarrikatzera garamatzan…

  • Bai, publikoa ona pribatua txarra ideologia momentu honetanan puri purian dago. Pribatuak okerrago funzionatzen duela ziur dago jendartearen gehiengo bat, sindikatu eta ezkerreko eragileen aldetik jasan dugun kanpaina handiarengatik batipat Kanpainak funzionatu du, beraz horrela segitu beharko dugu. Ideologiaren aurrean egiak ez bait du gehiegi axola.

  • Mikel Haranburu 2023-12-04 19:29

    Harrigarriki, ordea, ez sindikatuk eta ez alderdik eta ez kristok, inork ez du ehorzte zerbitzu publikorik aldarrikatzen… pribatuen kalterako, guztiok hartatik pasa beharko badugu ere… hil ondoren ideologia ere hauts bihurtzen delako?

  • Mikel Haranburu 2023-12-05 13:06

    Eta nahiz eta “heriuak bardintzen handi-ttipiaaak”…

  • Artikulu ona, baina Euskadi ez da EAE, nahiz eta indar asimilazionistek terminologia erabat hostu diguten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude