Hitz egin zigun zuhaitz hori!
Hitz egin zigun zuhaitz hori! –
Ezin uka errealitatea guretik konpreni ohi dugunik, gure baitatik. Hori esanik, ez gara inondik inora esaten ari ezen guretik abiatze horrek gure erara propio eta preseski egokitutako errealitatea denik mutur aurrean duguntxo hori. Baina, halaber, aldez edo moldez, ezin ukatu mutur aurrean dugun erreal den hori gure muturrak berak duela hein batean bederen koloreztatzen eta puska bat zer-nolakotzen. Gure behar-izuek, gure desira-nahikariek, gure itxaropenek, zein sarri askotan are izenik ez duten bestelako emozio-bulkadek ere, eramanarazten gaituzte objektiboki ikusi eta ulertu uste dugun hori, finean eta buruan, gure-gure gisara ulertu-sentitzera. Betiro gurera erakarriaz, zinetan garen horrek erakarrita, ulertzen dugu berez gugandik kanpo dugun horixe.
Izan ere, errealitatearekin bat egitera dei egiten diguten korronte espiritualek zera esan digute honen inguran; gure “egoa” bazter uzteko ahaleginak egin behar ditugula. Gure egoaren eskakizunei men ez egitea bere osoan ezinezkoa da, ezin uka. Prozesu bat, prozesu ahalegintsu bat izango genuke, asko jota, baina ez inolaz erabat eta betiko lor genezakeen egoera bat. Hartara, bestela formulatuko nuke nik ahalegin horren nondik-norako edo zer-nolakoa; errealitatearekin bat egite alderako bide gradual horretan aurrera egin dezagun, pixkana-pixkana gure egoaren “bolumena”-edo jaisten asmatu behar dugu. Gure egoaren ahotsa eta eskakizunen indarra apalduz eta apalduz joan behar dugu. Ez da bide samurra inondik, eta aurrerapentxoren batzuk edo beste eginez gero, txiki-txikienak izanik ere berauek, izango dugu ziur-ziur horien seinale argirik, nahiz eta gehienetan oso hutsalak eta iragankorrak izan bizitako errealitate-bizipen direlako horiek. Egoera horrelatsuko batean-edo murgilduz gero, ahotsa gure baitatik ernatu beharrean, gure betaurrekoen araberako eta guk geuk koloreztatua izan beharrean, lekualdatuko du bere bozgorailua, eta ni-nigan ego ezinago errotu batetik hautemangarria izan beharrean, ni delako horrek bere burua berrezagutuko du estreinakoz nigandik at barnebiltzen nauen kanpo errealitatetik.
Ez dakit zenbat zuhaitz ikusia nagoen jada neure bizitzaren ibilbide jada luzetxoan,
zeinen aspaldiko eta atzenduxea jada zuhaitz bat zer zen ikasi-barneratu nueneko umetxotango garai harako huraxe.
Gaur baina, ez dakit zergatik, begiztatu dudan zuhaitz hori ez da hori huts-hutsik.
Hori bai, baino askozaz ere gehiago ere bai.
Gaurko honek, halabeharrez-edo niri egin dit propio diosala.
Agurtu nau-edo bere hostoen kolore-ñanbardura anizkoitz antza ezin zenbatuzkoez erreparatu egin diodanean,
hara eta hona, anabasatik bezala, hegotik eta iparretik jasotzen zituen astinalditxoei erreparatu diedanean,
neure burua zuhaitz horren zuzen-makurdurek instant batez hartua sentitu uste dudanean,
hostoak berak, banaka banaka, banan-banan, diosala eginez bezala, nire arreta guztia erakartzen ahaleginean sentitu ditudanean,
eta, finean eta buruan, zuhaitz arrunt-normal hutsa ez neukala neure aurrez aurreko hori indartsuki sentitu dudanean.
Orduan sentitu ditut neure hezur eta larrutan, bizitzak, nire bizitzak eskaini egin dizkidala zuhaitz hori konprenitzeko gakoak.
Bizitza ari zait preseski mintzoka, orain-oraingoan zuhaitz-ki, zuhaitz-begitarteaz oraingoan.
Hitz egin zigun zuhaitz hori!