Historia ezabatzeko istorioak
Kalean oinez noanean, burua altxatu eta ez dakit non nagoen. Berdin zait Irun, Lasarte edo Seseña izan, dena da antzekoa. Famili gazteentzako egindako auzune berrietan bizi gara, inolako dudarik gabe 2.011ak merezi duen bezain moderno.
Baina ni bizi naizen auzoan etxe zahar ugari dago. Geureak 200 urteak beteak omen ditu jada. Orain, Irungo Mendizaleek biltokia duten azpi horretan, aspaldi, Bergesek zurgindegia izan zuen, baina bien bitartean Bozetak iturgintzako material biltegitzat erabili zuen. Amak nere etxea izango zena ezagutu zuenean, gero Ondarrura ezkondu zen auma bertan jaioa zenaren susmoa zuela esan zidan. Auzoek, gerra zibilean Nacionalen kuartel edo kartzela izan zela diote, gainera oraindik bertan bizi den Rosa bertan jaioa da.
Kalearen erdialdean Perratzaile Enea dago, atarian 1.864 data idatzia duena eta pixka bat beheraxeago, plaza zaintzen Hospital Zaharra 1.644 urtean Urdanibia jaunaren aginduz eraikitakoa.
Hala ere, gero eta urriagoak dira horrelako inguruak. Plan orokor berrien eta azterketa modernoen bultzadaz, gure herriak aldatzen ari gara, polit, txukun eta batez ere erabilgarri izan daitezen. Etxeak zahartzen utzi, jaustera kondenatu eta lursail handi xamar bat lortzen denean, inguruan geratu den etxe bakarrean bizi diren zahar, ijitu edo okupei presioa egitea besterik ez dago. Hondeamakinak sartu etxea eraitsi eta listo, 300 etxebizitza uniforme egiteko tokia prest.
Inork ez du penarik hartuko. Gehienez bertan bizi zenak, baina ilobek argi esango diote – Orain hobeto zaude Aitona, igogailua daukazu!– baina zertarako beharko du igogailua, lehen solairurainoko eskailerak beti oinez igo ditu eta.
Hori da gaur Uranzu kalean gertatu dena. Ijitoak bizi ziren etxeak su hartu eta bota zutenetik, “Los Tranquilos” etxea zen zutik zegoen bakarra. Arbelaizek bere txirrinda tailerra zabaldu zuen eraikin bera.
Beti iruditu zait ederra etxe hori. Izkin egiten zuen 3 solairuko eraikina zen. Kare motroiolloz estalitako urdinska kolorezko paretak zeuzkan eta leiho eta kontrabentanak berdeak. Ate eta leiho gainak harearri pieza bakarraz osatuta zeuden. Etxe eder bat.
Jendea bildu gara lanak ikustera. Azken aste honetan plazan auzotarren ahotan entzuna nuen bota egin behar zutela eta ikusmina zegoenez, ez nau harritu. Gehienak urteetan aurrera joandakoak ziren, etxe honen historiaren zati bat edo beste ezagutzen zutenak. Denek zuten zerbait kontatzeko. Eraiste lanei so nengolela esan didate, 130 urtetik gora zeuzkan etxeak.
Etxea bota ondoren, txatarra biltzen ibiltzen den jende kuadrila bat azaldu da, ahal zuten burdin guzia hartu eta furgonetetan sartzera. Orain ez dago ezer bertan. Hautsa, harriak eta egur zatiak, besterik ez.
Badakit noizbait bertan auzune eder bat eraikiko dutela. Etxe guztiak uniforme eta ordenatuak izango dira. Haurrak jolasteko parketxo bat izango du seguruenik, haurrek min hartu ez dezaten lurrean korrika egiteko pistetan jartzen den bezalako lurra izango duena eta etxe azpietan taberna edo kafetegiak zabalduko dituzte, gurasoek kafea hartu dezaten haurrak zaintzen dituzten bitartean.
Baina tabernak egurrezko habe faltsuak jarri beharko ditu, tabernariak ezin izango diot inorri kontatu bertan utzi zituela lehengo aldiz hortzak, txirrindulan pareta jo ondoren, inork ez du jakingo nor bizi den pareko etxean eta ikaztegia izandako eraikina jatetxe bihurtzea ezinezkoa izango zaigu.
Badakit hau guzia txorrada bat dela, etxe zahar bat bota dute eta bertan bizitoki berriak egingo. Munduak aurrera jarraituko du, baina niri pena pixka bat eman dit. Badut susmoa etxeekin ere telebistako aurkezleekin gertatzen den gauza bera gertatzen dela, zaharrak ez zaizkigu gustatzen eta paretik kentzeko aukera izanda…
Irudia | Bizitoki izandakori so. | Zuri So | Creative Commons By SA
Irudia | jendea eraitsitako etxeti burdina hartzen. | Zuri So | Creative Commons By SA
Irudia | Agian arazoa zahartzearekin dugu. | Zuri So | Creative Commons By SA
Ez da txorrada bat. Horrelako kontuek ederki erretratatzen dute gure gizartea. Xabier Gantzarainen BERRIAko gaurko artikulu ederra ekarri dit gogora:
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2011-02-02/004/003/zatarrak.htm
Bai, pena ematen da, baina okerrena da momentuz ez dutela ezer egingo lur -sail horretan.
Sormendudank ei gara. Hori diote.
Ba txiki txikitatik etxean, eskolan … horixe lantzea aldarrikatu behar dugu.
Eta, jakina, sormenarekin batera ardura. Agian hortxe dago koxka: askatasunari beldur.
Bai, ederra zen atzo Gartzarainek idatzirikoa. Gaurkoa ere izugarria iruditu zait. Egunero izaten nau esperoan.
Galdera ttiki bat dakart, atzo idaztea ahantzi nuena:
Klikatu ahal duzue argazkien goiko ezkerreko erpinean? Etxea eraitsi dioten gizonaren aurpegiak merezi du!
[…] This post was mentioned on Twitter by Oier Aranzabal, Hasier Etxeberria. Hasier Etxeberria said: Kontakizun benetan ederra! https://zuzeu.eus/2011/02/02/historia-ezabatzeko-istorioak/ […]