Hezitzailearen ongizatea
Hezitzailearen ongizatea –
Haur Hezkuntzako hezitzaile bezala, gure helburuetako bat da haurraren ongizatea bermatzeko baldintzak eskaintzea, baina jarri al gara inoiz hezitzailearen ongizatearen inguruan hausnartzen? Nola nago ni? Hartzen al dugu tartea honi erreparatzeko? Gure buruari begiratzeko? Gure buruaren zaintza egiteko bideak jartzen al ditugu? Argi dago hezitzailearen ongizateari ere erreparatu behar diogula, hezitzailea ongizate egoeran ez badago, zaila izango baita haurraren ongizatea bermatzea.
Gure lanbidean alderdi pertsonala eta profesionala oso lotuta daude, elkarreraginean daude eta pertsonalak profesionalari asko eragiten dio. Gure historia pertsonalarekin gaude presente gelan, eta horrek eragina dauka eraikitzen ditugun harremanetan. Beraz, gugan fokua jartzea eta egiten dugun horretan arreta jartzea oso garrantzitsua da, alegia, gure ahulguneak zeintzuk diren identifikatzea eta aurrera egiteko erronkak planteatzea.
Hezitzailea ongizate egoeran kokatzeko ezinbesteko bi faktore aipatu nahi genituzke: alde batetik, autoezagutzaren garrantzia; eta, bestetik, harreman sareak sendotuta egotearen garrantzia. Autoezagutzak gure buruarengan segurtasuna eta indarra ematen digu, gure mugen kontzientzia hartzen laguntzen digulako. Baina, era berean, indartuta sentitzen gara elkarlana eta kooperazioa sentitzen ditugunean eta harremanak modu egoki batean kudeatzeko gai garenean.
Eskola bateko ekipoan konpromisoa sentitzen duten irakasleak eta lankideekin harreman onak dituztenak estres emozional gutxiago sentitzen dute eta lorpen pertsonalaz gehiago disfrutatzen dute.
Autoezagutzarako konpromisoa hartzea ezinbestekoa du, beraz, hezitzaileak bere lanean, eta horretaz gain, harremanen kudeatzaile bihurtu behar dugu, horretan aditu izan behar dugu, gure lanbidea harremanetan oinarritzen delako.
Autoezagutzak aukera irekitzen digu hobetzeko eta ongizaterako bidea egiteko. Bide hori gako bihurtzen da ongizatea berreskuratzeko, eta horrela, umeei presentzia hobea eskaintzeko. Gure esku eta ardurapean daude pausu txikiak, eta leiho txiki honetatik gonbidatu nahi zaituztegu gutxienez horretan pentsatzera.
…
Eider Salegi Arruti – Humanitate eta Zientzien Fakultatea (MU)
Nik umea haurreskolara eramaten dut eta hor ezagutu ditudan “hezitzaileak” ahalik eta lan gutxien egiteaz kezkatzen dira.
Irteera ordua 17.00ak izan ordez, 16:30etan zela esaten zuten. Nik eskatu behar izan ordutegia errespetatzeko. Eta horrela gabon, aste santu edo kurtso bukaerako azken egunean: 17:00etan bukatu ordez, 13:00ean. Nik ordutegia betetzeko eskatu eta eurak guztiz haserre nirekin. Partzuergora deitu eta nire eman zidaten arrazoia, jakina.
Euskarazko aldarrikapenez beteta haurreskola eta hezitzaileak, baina urte batean SOILIK gaztelaniazko hitzak ikasi ditu. Familian euskarazkoak baino ez ditu ikasten.
Eta oso progreak dira denak, alternatibo itxura daramate, greba aldarrikapenak egiten noizean behin. Eta ez dute bere burua “Umezain”tzat, ez “hezitzaile”tzat baizik. Baina hezi, bat ere ez.
Argi dago, alor gehienetan bezala, horrelako irakasleak eta eskolak egongo direla. Argi dago ere, bokazio gutxi duten irakasle askok lan egiteko gogo gutxi edukiko dituztela eta eskola askotan lotsagarria izan daitezkeen neurriak hartuko dituztela.
Dena dela, zure mezua, niretzat, HEZITZAILE bezala, irakasle lanbidearentzat iraingarria iruditzen zait. Irakasle izatea beste lan guztiak bezala oso lanbide duina da, eta gainera, bertan lan egiten dugun hezitzaile askok eta askok lan egiteko gogoa daukagu, geure ogibidea delako, etxeetan mantentzeko familiak ditugulako edota benetan geure bokazioa delako dirua behar ez badugu ere. Urteak eman ditugu formatzen, irakasle izateko prestatzen, ikasle garaietan prekarietate gordinean lan egiten geure etorkizuna eraikitzeko… barkatu baina ezin dizut onartu ”oso progreak dira denak, alternatibo itxura…” bezalako esaldiak. Geure bizitzaren parte handi bat utzi dugu askok pertsonak HEZITZEKO.
Nire lanbide duin honetan eskubideak urratzen direnean greba egiten dut eta protesta egiten dut. Ez al duzu zuk egiten zure lanbidean? Ba zure hautua da, utzi irakasleei egin behar dutena egin behar dutenean egiten, zure eskubidea den bezala, irakasleena ere badelako.
Eta jakina, irakasle bakoitzak erabakiko du bere burua umezaintzat edo hezitzailetzat hartzen, ez zara zu etorri behar guri esatera guk nola deskribatzen dugun geure burua.
Amaitzeko, gomendio bat emango nizuke: zeure haurreskolan haserre bizian jartzen zarenean bertako irakasleekin, ez desprestigiatu HEZITZAILE guztion lana. Hori aldatu nahi baduzu jar zaitez hezkuntzaren arloan lanean, has zaitez zure modura benetan hezitzearen inguruan ikertzen edo trebatzen. Ah, eta ya hain ausarta agertzen zarela, etor zaitez noiznahi Gasteizko Hezkuntza eta Kirol fakultatera eta debatituko dugu nahi bezainbeste.