Harriduraren garrantzia hobeto bizitzeko

Harriduraren garrantzia hobeto bizitzeko –

Logikak, arrazoimenak dena eman digu, gizarte mailan, nazioarte edo gizadi mailan, partekatutako lengoai batean hizpidera ekar dezakegun guztia luzatu digu, ezin uka. Logikaren bidea, arrazoimenaren bidea, ezin da inondik gutxietsi, horrek eman baitigu bide, kontzeptuen bitartez, jakintza-arlo ezberdinka, gauzak eta gertakariak sailkatuz eta zehaztuz joan ahal izateko. Jakintzarekin loturiko zientzia eta ezagutza arlo ezberdinak sortu ez ezik, gure lengoaien praktikak ezartzeko aukera ere eman digu, eta horien bitartez giza harremanak eta mota ezberdineko giza taldeen sorrerak ahalbideratzeko aukera… Gure garapena horrekin dago hertsiki loturik, ezin uka. Arrazoimenak, errespetatu beharreko logikaren araubideak tarteko ere, ez liguke berez bide estu eta bakarra ezarri beharko, ez, logikak onargarriaren lurzorua norainokoa zedarritzen badigu ere, ez du bere bakarrean agintzen, urratu beharreko bide bat eta bakarra aginduz; horratx baloreak,horratx etika molde ezberdinak eta ideologiak, horren erakusgarri-edo. Logika instrumental horren gainean,  edo horren parean, izan dira garatuak eta hezur mamituak balioeste-irizpidetzat jo genitzakeen horiek guztiak, eta, logika instrumentalari inondik kontra egin gabe ere, berorren eskutik, berorrek nondik jo beharko lukeen zehaztuz joan dira.

Badago baina arrisku, mehatxu bat, arrazoimen “logikatuegitik”, etor dakigukeena, logikaren agintekerian itota idortzearena. Xavier Zubirik ohartarazi zigun aipatu arrisku honetaz; errealitatearen “entifikazioak” eta norbanakoaren inteligentzia soilik “kontzipientea” izateak goranzko eta geldiezinezko hazkundea eduki izana gure kultur mendebaldarraren arrisku larritzat jo zuen Zubirik. Inteligentzia kontzeptu eta kategorien bidez artikulatzen den inteligentzia “kontzipiente” soil hori baina askoz zabalagoa da,askoz gehiago da; errealitatea, gure mundua, ez da “enteen”, gauzakien, batuketa bat, baizik-eta erreal den, izankizun den eta izan litekeen guztiaren mihise orohartzailea.

Logika-arrazoimena baino askoz zabalagoa da norbere inteligentzia; gure mundua ere askoz zabalagoa da zehaztu, hizpidera ekarri, eta era objektibo horretan komunean partekatu dezakegun hori baino. Hori horrela da, nahitaez, guk horri kontu egin edo ez, gu horren ohartun izan edo ez. Kontua horrela ere, gure praktika kulturalen joerak, gure hautuek eta garatzen dugun pentsaerak atrofiatu dezakete gure adimen-antzea eta, horretara, gure mundua gehiegi zedarritu eta murriztu. Zientziaren gainean behar bezala jarduteko, politikaren gainean jarduteko, bizitzaz, gure herriaz, geure buruaz, behar besteko sakontasunez jardun ahal izateko, logikarekikoan, arrazoimen “kontzipiente” eta logiko deituriko horrekikoan, sartu-irtenak egin, sartu eta irten, irten eta sartu ibiltzeko gaitasuna ez genuke inoiz zikiratu behar. Politika maiz politikotzat adostasun osoz jo ohi den horretatik kanpo begiztatu behar da; geure burua maiz geure burua besteek eta gerok ulertu uste dugun horretatik kanpo begiztatzeko kapazak izan behar dugu; gure herria eta gure kulturaren noranzkoa, inoizka berorretatik guztiz kanpo bistaratzeko gauza izan behar dugu. Hor datza zinetan bizi-bizirik edo ez ote gauden jakiteko gako eta giltzarria.

Kanpoan egon behar dugu barruan dagoen horrez guztiaz benetan jabetu ahal izateko. Kanpoan dena intuitibo, lauso, hizkuntza kategoriarik gabeko, are, agian, guztiz izendaezin ere, izango zaigu ziur-ziurrenik. Baina, noizean behin, inoizka, kanpora beharko genuke, kanpora behar dugu gurea, norberarena, fresko eta bizi-bizirik iraungo badu.

Kanpotik lortuko dugu bizitza berriz ere harriduraz begiztatu ahal izatea. “Haridurazko begirada” jo zuen ezinbesteko Einsteinek berak bizitzarekiko zeinahi konpromiso hartu ahal izateko; harridurazko begirada dugu arte, zientzia, erlijio edota doakotasunaren muin-muineko sorburua. Existentziaren aurrean, horren kanpoan ez bada, gutxienez kasik bere mugarrietan, hartuko gaituen guztizko ukipen-dardara hori dugu behar-beharrezko, non are “ni” eta “beste guztiaren” arteko bereizte hori ere disolbatuko den, non luzatuko zaizizkigun ezin agortu ahala galdera, jakin min eta hastapeneko intuizio, esan ohi zuen Eugenio Triasek. Hor lortu ahal izango dugu guztiz bestelako bizipen bat, lauso eta formarik batere gabe ere, guztiz ziur egotearen sentipen bat emango diguna; logika guztiaren kontra bada ere, gertatzen dena gertatzen dela ere, erabat salbu, seguruan, abaroan, egotearen ziurtasunak hartuta…

Logika guztietatik iheska omen dabilen harridura dugu. Ez da salbuespenezkoaren aurrez aurre harritzea, edo soilik ez, ez, jada den eta honelako eta horrelako den horren aurrean berriz ere harituta geratzearekin dago loturik. Ez naiz inondik bizipen kasik mistikoez ari, ezta hurrik eman ere, egunerokotasuna bera ere era tartekatuaz bestela begiztatzeko eta bizitzeko aukeraz baizik, gure arteko bizitza eta mundua arretazko bestelako begiradaz bizi ahal izateko aukeraz. Modu batez edo bestez harriduraren gainean kezka eta jakin minez aritu diren autoreak ezin zenbatu ahalekoak ditugu: Maria Zambrano (Notas de un método), Simone Weil (La gravedad y la gracia), Wittgenstein (Conferencia sobre ética), Albert Scheweitzer (Vivir), Tagore, Montessori…

Harridurarako kezka eta jakin hauspotu beharren gaude berriz, gure tradiziozko era kulturalak guztiz gainbeheran dauden honetan. Hein horretan, egungo egunean “harriduraren” gaineko galdera inondik ere berria ez bazaigu ere, ziur askoan berorri ekiteko edo berorri aurreko egiteko moldea beste perspektibatik egin beharko da. Kulturalki beste perspektiba batetik, eta horrekin batera, giza-zientzietako bestelako tresna berriak baliaturik ere, ekin beharko zaio auzigai honi.

Mistikoek, historiak aspaldi hartuak dituen zenbait eta zenbait artistak, zientifikok urratu zuten maisu-maisukiro lerro hauen bidez balioetsi asmo dudan “harriduraren” lurzorua. Ez diet baina, horiei erreparatu nahi. Hor daude, eta esperientzia horiek beren formarik borobilenean edo gailenean ezagutu nahiko bagenitu-edo, hor ditugu alehunka testu eta liburu horien berri zehatza ematen digutenak eskuragai. Harriduraren lurzoruan sartu-irtenak egiteko gaitasuna gaitasun unibertsaltzat joko nuke nik, denon eskura dagoena, berau landuz gero bederen, eta, berau idortu ezean, berorri hesi jarri eta jarri aritzearen ondorenez.

Eugenio Trías izan genuen arlo hau oso ondo landu zuen filosofoetariko bat. Berak, giza ezagutzaren kartografia modutxoko bat egin asmoz, berorretan bi esparru, bi itxitura, aipatu-deskribatu zituen; bateko, “agertzearen itxitura”, alegia, ezarria eta eraikita dagoen horren guztiarena; eta, besteko, “itxitura hermetikoa”, giza ezagutzak sailkatu eta ordenatua ez duen errealitatea barne hartzen duena. Bi itxiturak elkarren mugakideak dira eta euren artean intersekzio moduko bat ematen da, halako moldez, non badagoen “agertzearen itxituraren” mugarriez haraindi ibiltzen dakienik. Esperientzia horri “bere horretan uzte”-esperientzia (“experiencia de suspensión”) deitu zion Triasek. Esperientzia horretan “limitearen” errealitatea hauteman eta aitortzen da, ahotsik gabekoa dela hautemanik, eta “den horren” guztiaren aurrean jarri izanaren ondorena dena, “den hori” bere biluzian, bere guztiz-guztizkoan, begiztatuaren ondorena. 

Ezagutzaren esperientziaren baitan ematen diren bi itxitura hauei dagokienean, oso iradokigarria geneukake Marià Corbi-k azpimarratzen duena ere. Bere esanetan, “agertzearen itxituran” beharrak eta motibazio interesatuak agintzen dute; beste itxituran, aldiz, doakotasunaren berezkotasuna mintzo zaigu. Bigarren honetan beharraz harago eta eraiki dugun mundu honetaz harago hauteman ahal izango dugu. Lehenengoa irudikatze-ezagutza da, eta, molde honetan, ezagutuaren ezagutuaz, bere biluzian dagoen errealitatetik (nuda realidad, Zubirik esango lukeen moduan) urrunduz joaten gara, nolabait edo besteko distantziatik berau eraikiz eta horren ondorio zuzenaz berau objektibatuz. Bigarrenari aldiz, “itxitura hermetikokoa”, “isiliko” ezagutza dei geniezaioke, aitortzazkoa dugu, harridurazko aitortzazko ezagutza dugu; doakotasunetik sortutako testigantza sentitu ohi du bere larrutan, eta, irudikatu gabe, “dena delako horretara” urreratu eta bertaratzen da eraikitze linguistiko guztiez haraindi. Benetako eta sakoneko buru-argitasuna hor datza, harridurazko buru argitasuna izatean hain justu ere, bai eta bere betera eramandako bizitza ere. Norbanako mailan, eta gizarte eta talde mailan, egunerokoaren eskakizunek zein beroriei erantzuteko ekin moldeek biziraute maila soil eta huts batera lerratu gaituzte era itogarri batean. Sartu-irten-en aukera honen bidez bestez ez dugu biziraute soil hau bizitza bete bilakaraziko.

Gure gizartea bera ere, euskal gizartea bera, oso bestela ikusiko genuke berori bere erakundetze moldeetatik begiztatzerik bageneuka. Orain hauteskundeak ate joka ditugun honetan, adibide baterako, arrakastaren bidea, gailentzeko bide bakarra, besteari okerrago egingo duela leporatzea beste biderik ez dakusagu; zinez eta benetan urratu beharreko bidea bat eta bera dugula uste dugu, alarma-alertak, berberak, promesak, beti-berak, eta, zer edo zer eskaintzekoan, bide bakar eta estu horretan intentsitate gehiago baino ez, hori baino ez, jada “den hori” are gehiago izan dadin den “hori”. Arrakasta hortxe datzala uste-sinetsita gaude, hasteko eta behin hauteskundeen irabazlea izatea hori hain justu delakoan egon gaudelako, “den horri” eta “den modu estu-estuari” pega-pega eginda egotea delakoan gaudelako, pega-pega eginda lehiakidea baino askoz hobeto. Hau gizarte-mailan, pentsa ezazue norbanako mailan!

 

Igor Goitia

Harriduraren garrantzia hobeto bizitzeko

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

7 pentsamendu “Harriduraren garrantzia hobeto bizitzeko”-ri buruz

  • Azken parraofotxo horrek zera gogorarazten dit neri…orain Bildukoak hauteskudeak irabazteko eurak Urkullu baino Urkulluago direla, Urkullu inperfekto dela eta eurak Urkullu autentikoa.

    jajajjaj

  • Hara! Neroni ere horretan nengoelako nengoela uste nengoelako nengoen, baina nola ez nengoen nengoelako horretan, zer jorrentango jorretan jorratzeko, ez nengoen horretan. Baratxuriak eta tipula goiztiarra jorratu ditugu,malamentean hala ere, zer lurrak ez zeukan tenplurik eta dena lohia zen. Hik hazkurria nondik aterako duk, bada!

  • Hori da Nagore hori!
    Gora zu, zure mikrobiota eta zure baratxuriak!
    Fan

  • Eta tipula goiztiarraz zer diostazu?

  • Goiztiarra izanda ere, beti tipula!

  • Ez da hala ordea. Goiztiarra sasoian kontsumitu beharra dago, baina valentziarra, jeltzalea geronean, gorde eta urte osoan erabil dezakezu .

  • Nola ez dala hala?
    Tipula goiztiarrak tipula beharko!!!
    Jajaja
    Zure fana!
    Ole zure mikrobiota!
    Fijo baratxuri asko ere jana zarela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude