Gure (Zoro)Etxea [2×04] – Gutunak
Gutunak –
Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.
Arrapaladan igo ditu eskailerak. Sukaldetik entzun ditugu bere oin hotsak atarian. Eta bere arnasestua. Elkarri begiratu diogu Labritek eta biok, gosaltzeari utzi gabe. Gauza nabaria da zerbait ez dabilela ondo, Telmo ez baitzaio oso emana arnasa horrela alferrik galtzeari. Nahiago izaten du sosegua, meditazioa, kontenplazioa… sortzen laguntzen omen dio egonarriak.
Zurbil iritsi da sukalderaino, paper piloa eskuetan. Ia denak lurrera erortzen utzi ditu, keinu pixka bat esajeratuarekin. Ez dago gauza inportante gehiegi hor: panfleto batzuk, umeentzako jostailuen irudiz beteak, arrosa eta urdin koloreko orrialde kriminalekin; bi turroi baten prezioan eskaintzen dituen supermerkatuaren propaganda; ordainagiri batzuk; aldizkariren bat…
Mahai gainera bota digun gutun irekiak izan behar du bere atsekabearen jatorria.
– Zer, zu ere bota zaituzte lanetik? –galdetu dio Labritek, niri begira geratu den arren.
Erantzuteko egon naiz Telmok ez daukala lanik, artista dela. Baina jakin izan dut ahoa itxita mantentzen. Badaezpada.
Telmo ere isilik geratu da, aurpegia oraindik zuri, begirada sukaldeko leihoaren beste aldeko infinituan galduta.
Okurritu zait izan zitekeela erakusketaren batean artelanen bat zentsuratu diotela, edo isun bat jarri diotela kalearen erdian performance bat egiteagatik, nahiko garai zakurrak direlako hauek lirikarako.
– Orduan zer, Olentzerok gutuna bidali dizu esateko labezomorroak bezain ikatz beltza ekarriko dizula? –bota dio berriro Labritek, jostalari.
Kolakaoa kontrako eztarritik joan eta ia-ia atera zait berriro dena sudurretatik.
Baina Telmok ezer esateko imintziorik txikiena ere ez du egin. Zerbait larria behar du izan. Akaso, ospitaletik bidalitako gutuna da, osasun-probaren baten emaitzekin, “aurrerantzean dena okerragoa izango da” sententziarekin. Baina ez digu esan egunotan osasun-azterketarik egin behar zuenik. Igual, senideren baten osasuna gaiztotu dela ohartarazteko gutuna da edo… baina, ez, gaur egun inork ez du gutunik idazten horretarako.
Beno, ondo pentsatuta, gaur egun nork demonio idazten du gutun bat?
Arrastoren bat eman beharko digula esan diot, tragedia hori antzezten jarraitu nahi badu behintzat. Eta orduantxe ireki du ahoa Telmok.
– Zuretzat da gutuna, Mikel. Irratitik idatzi dizute, esateko gobernuak nahiago dituela isilik. Eta uste dut gure kulpagatik dela. Joko gutxiegi ematen dugu. Zerbait ikusgarriagoa egin beharko genuke noizbehinka. Ez dakit ba, igual biluzik agertu beharko ginateke. Edo, hobe, igual oihuka hitz egin beharko genuke beti!
Esplikatzen saiatu naiz ezetz, guk ez daukagula kulparik horretan, boterearentzat beti dela jasanezina jende xehea, jende xumea, jende duina. Batez ere hitz egiteko atrebentzia baldin badauka. Baina Labritek eman dio, inoiz baino neurritsuago, azken ezpata-kolpea: