Umetxoa

Umetxoa –

Matematiketan.eus webguneagatik ari naizenean, nire laugarren umea dela esaten dut oso maiz. Elikatu egin behar da, astean behin edo birritan besterik ez bada ere. Eta itxuroso egon dadin bere zaintzak ere eskatzen ditu.

Umetxoa

Oreka bat izan dezan ere saiatzen naiz, nahiz eta ez dakidan ondo definitzen oreka hori zertan datzan. Astero ordutxo batzuk eskaini behar izaten dizkiodala, alegia. Gaixotu ez dela egiten…horixe dauka ona! Hala begiratuta, umea baino nire tamagotchia dela esan beharko nuke hemendik aurrera!

Kontua da, webguneak 2 urte txiki bete dituela berriki. Urtebetetzeek badaukate efektu bat balantzeak egiten hastekoa edo; atzera begiratu, zein asmo eta amets geneuzkan aztertu…aurrera begiratu, plan berriak egin…horretan harrapatzen nauzue.

Bi urte hauek kopuru hotzetara ekarriz gero,150 artikulutik gora publikatu ditugula esan dezakegu; ikasketa-etapa eta matematikako gai guztiekin lotutakoak. Sare sozialak eta webgunea bera kontatuta, ia 900 jarraitzaile kontatu ditzakegu. Matematikaz eta euskaraz ari garela kontuan hartuta, nahikoa dela esan daiteke, ezta?

Gehien irakurri diren 5 artikuluak hauek dira:

  1. “Erlojuarekin tik, tak… egin ditzagun jolasak”
  2. “Biderketa taulak praktikatzeko jolasak”
  3. “Zenbakien Montessori txartelak”
  4. “Ezinbesteko materialen zerrenda (bis)”
  5. “Ehuneko taulak, batuketak eta jolasak”

Jolas matematikoak azalduz, matematika inguruko edo momentuko errealitatearekin lotuz, kontzeptu konplexuak ulertzen laguntzeko tresnak sortuz, material egituratu zein ez-egituratuak erabiltzeko aukerak azalduz eta matematika lantzeko ildo teoriko jorratuz jardun dugu; euskaraz eta debalde; Euskal Herri osoko etxe eta ikastetxeei begira.

Bide horrek matematika hobeto eta sakonago ezagutzea bilatzen du; gozamenean eta senari erantzutean oinarritutako ikasketa prozesua proposatzen du eta ahal den guztietan errealitatearekin lotuta jardutea du ardatz.

Bi urte hauetan zerekin egin dut topo?

Interesa eta onespena ikusi dut hainbat eragiletan; honi heltzeko gogoa; hasteko, nire etxean, Arizmendi ikastolan; baina baita ere guraso-elkarte, irakasle-eskola, eta beste ikastola eta eskolatako irakasle askorengan. Zenbait eskola txiki edo proiektu alternatibo ere hurbildu dira guregana. Berritzeguneren batek eta batez ere Ikastolen Elkarteak erakutsi dute planteamendu honi lekua egiteko asmoa.

Ilusioa eta aldaketarako gogoa leku askotan ikusi dut; askok ikusten baitugu/te aldaketa sakonen garaian gaudela. Baina zalantza eta kezka etortzen dira ilusio horren ostean, berehala, gainera. Eta urduritasuna; nahia eta ezina. Eragile guztiekin errepikatzen dira sintoma berdinak.

Zaila baitaukagu hezkuntzako kideok gauzak ongi egiten ari garela sentitu ahal izateko; fronte larregiri erantzuteko egoeran jarri baikaitu gizarteak:

Kurrikulum bukaezinei eta kanpo probei erantzun beharra, umez betetako gelei eta bertan ikusten ditugun errealitate sozial eta emozional gordin eta anitzei erantzun beharra, bullying-a, adikzioak; gaitasunak landu beharra edukiak ahaztu gabe, asignaturekin baino proiektu integratuekin aritzeko beharra; arauekin baino hausnartuz jarduteko hautua, etxerako lanen inguruko eztabaidak, hezkidetza, ebaluazio hezitzailea;

IKT-etan tamainan trebatu beharra, artea ezagutu, gozatu eta sortu, emozioen kudeaketa, sexualitateaz eta identite sexual eta biologikoaz jarduteko beharra, mundu orekatuagoa eraikitzeko edo aldaketa klimatikoaren munduan bizitzen ikasteko ardura; euskara eta euskal tradizioetan hezi baina mundu globalari erantzutea ahaztu gabe, baratzea landu,  janariak ere prestatzen ikastea ahaztu gabe, eta modu orekatu eta egokian jaten, eta gorputza zaintzen; taldean lan egiteko zein bakarka orekaz jarduteko prestatu…

Sentitu al duzue irakasleok, guztiok salbuespenik gabe, bizi dugun zurrunbilo sentsazioa? Gizarteak gure bizkarren gainean jartzen du haren etorkizunaren pisua. Are gehiago gizarteak dauzkan gaitzen konponbidea gugandik pasatzea espero da hein handi batean.

Tira bada, zurrunbilo horren ertz batean lupaz begiratzen baduzue, gainera, nire matematika kuttuna ere bertan aurkituko duzue.

Eta “gainera” hitza hitz-gakoa bilakatzen da hemen. Hori baita irakasle askorentzako matematikaren kontu hau…gainera datorkien beste gai bat; formatzea eskatuko diena eta materiala sortzea, egitura ematea eta imajinazioz jokatzea.

Azken urte hauetan zerbait ikasi badut, honakoa izan da, ordea: irakasleei larregi eskatzea dela. Eta ematen dute, hala ere, ahal dutena. Ari dira testu-liburu zaharkituen babesa utzi eta itsaso zabalean murgiltzen.

Gaur, hemen jarri nahi dudan aldarria, ordea, beste hau da: Badaude gure herrian lan horri heltzeko aukerak eta moduak dituzten eragileak. Eragileak, larriz…ERAGILEAK, alegia. Kurrikulumak zehazten, materialak sortzen eta kontu hauek arautzen aritzen direnak. Horientzako da deia eta horiek aktibatu nahi ditut. Izan ere gure herrian hezkuntzaren itsasontziak benetan norabidea aldatzea nahi badugu erabaki irmoak, ausardia eta batez ere baliabideak beharko baititugu.

Finlandia, Singapur, Andaluzia eta Kataluniari inbidiaz begiratzeari utzi eta eraldaketan gure bidea definitzeko ordua da. Matematiketan.eus txiki eta gazte honetan laguntzeko prest gaude. Ba al dago inor txikotari heltzeko prest?

Matematiketan.eus

Umetxoa
Umetxoa  Umetxoa

Arizmendi ikastolako irakaslea, Fisikan lizentziatua eta 3 umeren ama. Matematiketan.eus webgunea elikatzen.