Gutun irekia Zaldieroari

Azken aldian Berrian etengabe  bilatu izan  dudan arren, ez dut haren arrastorik aurkitu. Badirudi egun Zaldieroak Napoleon López, la pelota vasca eta enparauak nahiago dituela.  Nik ez diot marraztu behar duena esango, baina, atrebentzia ez bada, gure maisu maitea bere zintetatik ez baztertzeko eskatuko nioke. Eskatu bainoago, exijitu. Exijentzia guztiz demokratikoa, hori bai. Ez mehatxua. Inolaz ere.  Derradan bide batez istripuak gertatu gertatzen direla, halabeharraren poderioz. Eta ez dela inoren errua. Ez da errudunik bilatu behar.

Gogoeta metafisikoak alde batera utzita, aitor dezadan egia berdaderoa, mingarria bada ere: Gure mugimendua hilzorian dago. Egoera zinez larria da. Esate baterako, pasadan astean bertan, Donostiako alkate berriak Erregearen irudia udaletxetik kentzen zuen egun berean, Zaratamoko euskaltegiko zuzendari berriak gauza bera egin zuen gure maisu zerutiarraren  irudiarekin, antzeko arrazoiak argudiatuz. Baina, batean kexuak, mehatxuak eta irainak etengabeak izan baziren, gure kasuan ez zen inor kexatu, ministroek ez zuten erabakia arbuiatu, eta Mario Conderen Intereconomiako Una hora con Mario saioan ez ziguten segundu bakar bat ere eskaini. Nik hidrogeno-bonba demokratiko bat bidali nion zuzendari berriari, gure haserrea nolabait adierazi nahian, baina helbidez erratu eta berehalakoan bueltatu zidaten.  Paketetxoa jaso nuen egunean  ez nengoen nire onenean, eta pentsatu gabe ireki nuen. Konturatzerako berandu zen.  Ordutik mihiaz idazten dut. Teklatuaren zaporea garratza da, aho sabaira itsasten den horietakoa. Irakasgaia, edonork ulertzeko modukoa: Norbaiti nitrogeno-bonba bat bidaltzen badiozu, ez itzazu igorlearen datuak jar.  Ez benetakoak, bederen.

Gauzek horrela jarraitzen badute, berandu baino lehen desagertuko gara. Dagoeneko ez gaude komunikabideen agendetan, haientzat ez gara existitzen.  Bizi irauteko daukagun aukera bakarra Zaldieroaren zintak dira. Bolizko dorrearekin harremana berreskutatzen ez badugu, gure maisuaren nondik norakoak ezagutu eta bere gorentasunak bidea argitu ezin badigu, akabo, kaput, finito, eta ergatiboaren aldeko borroka galduta legoke.

Beraz, ez ahaztu, Zaldieroa: Ergatiboak behar zaitu!

Gora Mitxelena XVI, Gora Euskal talibana.

 

 

 

MARTITZENA 13