Euskaldun izatea homosexual izatea bezala da

Euskaldun izatea homosexual izatea bezala da –

Sarrionandiari egindako elkarrizketaren haritik tiraka, Zuzeuk artikulurako beste titularrak eskatu zituenean, “Euskalduna izatea homosexuala izatea bezala da” gustatzen zitzaidan niri. Izan zitekeen ere “…frantziarra izatea bezala da”, baina ez da gauza bera, identitate kontuan, ñabardurak garrantzitsuak baitira.

LGBTen harrotasun egunean cc-by-nc: arasanse

Egin dezagun proba:

Denak espainol jaiotzen garen estatu batean, euskaldun izateak diferentzia ezartzen du, galdera sortzen du, kezka pizten du.

Denak frantziar jaiotzen garen herrialde batean, euskaldun izateak gogoeta ekartzen du, lana ematen du, izerdia sortzen du, elaborazioa eskatzen du.

Diferentziak galdera ekartzen du eta galderak kezka. Aurrekoak gogoeta eskatzen du eta lana, eta lanak izerdia sortzen du eta elaborazioa eskatzen du. Baina horrek guztia askatasuna dakar, eta poza, eta, azkenik, harrotasuna.

Orain alda ditzagun hitzak: espainol eta frantziar beharrean, heterosexual jarri eta euskaldun dagoen tokian, homosexual.

Denak heterosexual jaiotzen garen estatu batean, homosexual izateak diferentzia ezartzen du, galdera sortzen du, kezka pizten du.

Denak heterosexual jaiotzen garen mundu batean, homosexual izateak gogoeta ekartzen du, lana ematen du, izerdia sortzen du, elaborazioa eskatzen du.

Diferentziak galdera ekartzen du eta galderak kezka. Aurrekoak gogoeta eskatzen du eta lana, eta lanak izerdia sortzen du eta elaborazioa eskatzen du. Baina horrek guztia askatasuna dakar, eta poza, eta, bukaeran, harrotasuna.

Eta demostrazio horren ondotik, imajinatzen zer den euskalduna eta homosexuala batera izatea?

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

6 pentsamendu “Euskaldun izatea homosexual izatea bezala da”-ri buruz

  • oso ausnarketa interesantea. denak espainol jaiotzen garen estatu batean, euskaldun izateak diferentzia ezartzen du. galdera / kezka / gogoeta / lana / izerdia / elaborazioa eskatzen du eta askatasuna / poza / harrotasuna eragiten. gogoeta horrek sustatzen duen lan eta izerdiari aktitude / militantzia politikoa deituko nioke nik. ezin da askatasuna era pribatu eta indibidulean soilik bilatu, konpromiso politiko eta kolektiboa ezinbestekoa da. horrexegatik uste det homosexual izatea ere ez dela norbere bizitza intimo eta pertsonalaren itzalpean gorde behar. iruzur hutsa da sexualitatea publikoki bizitzea exhibizionistatzat hartzea. inork pentsatuko luke halakorik kalean euskeraz aritzen den euskaldunaz?

    • Bai, arrazoi duzu, euskaldun eta homosexualen arteko paralelismo-ariketa horrek ekartzen ditu beste gogoeta batzuk ere eta interesgarria da aipatu duzun hori, egia delako nahi baino maizago aurkitzen ditugula sexualitate homosexuala kalean bizitzea exhibizionismoa dela uste dutenak. Seguru asko deserosotasunen bat adierazten du horrek, bai begira dagoenaren aldetik, baita publikoki bizi dezakeenaren aldetik ere. Hori traba izaten da sentimenduak natural erakusteko eta kontzienteago egiten zaitu. Horregatik harrotasunarenak badu zentzua, normalizatuta ez dagoelako, hain zuzen.

  • Homosexualitatea gaur egun inposaturiko kontzientzia kolektiboaren lauki trinkotik irteten den aldagaia ulertzen badugu, ados.

    Baiña euskalduna ere bada “naturaren akats” bat, sendagarria dena, patriotismo Frantsestu edo Español apur bat duen dosietan. Oso agerikoa denetan, halanola izkutatu beharrekoa. Edota aldagaitza denetan, beste azpi-kategoria batean ipintzen gaittuena.

    40.hamarkadan Estatu Batuetan beltza izatea bezalakoa da.
    2. Guda Handian Judua izatea bezalakoa.
    Egun Palestinako lurralde okupatuetan palestinar izatea bezalakoa.
    “Gizonezkoen eremu” izenpeturiko horietan emakume izatea bezalakoa.

    Garai eta eremu ezberdinetan izen eta adibide propioak dittuen izate bat da euskaldunona.

    Eraikitzen dizkiguten karratuen marra gorriak ikusi eta gainditzen dittugunon (edo hori lortzeko lanean gabiltzanon) izatasuna eta analogiak….ez da gero kuadrila makala gurea.

  • Aitzol Azurtza 2011-08-18 05:54

    Akats nabarmena aurkitzen diot izenburu honi eta izenburu honek berdindu nahi dituen terminoei (heterosexualtasuna=espainiartasuna/frantziartasuna eta homosexualtasuna=euskalduntasuna).

    Inor ez da euskaldun jaiotzen, inor ez delako hitzegiteko gaitasunez jaiotzen, baina homosexual dena homosexual jaiotzen da (homosexual denaz jabetzen den ala ez edo homosexualtasuna onartzen duen ala ez alde batean utziz). Euskalduntasuna hezkuntzatik datorkigu, euskal hizkuntza eta kultura ikaste-prozesu baten bidez eskuratzen ditugu, etxean, ikastolan, kalean… Euskalduntasuna edozein gizon-emakumek edozein adinetan (hitzegiteko gai denez geroztik) eskura dezaken kualitatea da. Homosexualtasuna ez da hautatzen den zerbait, heterosexualtasuna hautatzen ez den bezala: gizonek edo emakumeek erakartzen gaituzten ez dugu aukeratzen. Euskalduntasuna aukera dezakegu.

    Espainiartasuna eta frantziartasuna ere ez dira zuzenean jasotzen diren kualitateak: Gurasoek aukera dezakete umea non erditu, hiritartasun eskubidea ez du beti jaiolekuak zuzenean ematen (kasu batzuetan Espainian edo Frantzian jaiota ere, gurasoak atzerritarrak badira eta beste hiritartasunik baldin badute, bertan jaiotakoak ekintza positiboa egin behar du espainiar edo frantziar hiritartasuna gordetzeko, hau da, espainiar edo frantziar izan nahi duela adierazi behar du adin batetik aurrera), atzerrian jaiotako askok ere frantziar edo espainiar izatea aukera dezake gurasoak Espainiako edo Frantziako hiritar badira, etorkinek frantziar eta espainiar hiritartasuna eskura dezakete baldintza batzuk betez gero…

    Beraz, sexualitatea eta hiritartasuna berdintzea okerra iruditzen zait, gizon-emakumeekiko erakargarritasuna ez dugulako aukeratzeko paradarik eta hiritartasuna aukeratzeko moduak eta erak badaudelako… baita euskalduntasuna eskuratzekoa, euskaraz ikasiz gero!

    • Aitzol, interesgarria da zure azterketa eta arrazoi duzu, homosexualitatea ez delako aukeratu edo aldatu daitekeen zerbait, are gehiago esango nuke, homosexualitatea eta heterosexualitate artean graduazio bat egin genezake, pertsonak izan dezakeelako orientazio erabat homosexuala eta batere hetero, nagusiki homo eta hetero gutxi, bietarako orientazioa, bisexuala, alegia, oso gutxi homo eta nagusiki hetero, erabat heterosexuala… eta graduazio hori ez litzateke izango euskaltasunarekin oso alderagarria (nahizta batzuen euskaltasuna deskafeinatu xamarra izan). Gainera, artikuluan esandakoa baino askoz gehiago esan genezake orientazio sexualaz eta euskaldun izatearen inguruan; liburu baterako edo liburu saila egiteko ere eman zezakeen gaiak.

      Arrazoi, Sarrionaindiaren elkarrizketa hartan entresaka eginda ekarri dudan konparazioa ez da batere zientifikoa, baina oso literarioa, nire iritziz, eta solas gustagarria egiteko aukera eman dit. Ez zaizu iruditzen?

  • Aitzol Azurtza 2011-08-18 21:22

    Gutxiengoek jasaten duten bazterketa eta gizartean gizon-emakume bezala eta gizatalde bezala bizirauteko dituzten zailtasun eta oztopoak erakusteko bada, Sarrionaindiaren alderaketak balio du, baina ongi diozun bezala, ez du oinarri zientifikorik, nahiz-eta literaturarako balio dezaken. Gaiak liburu osoa (unibertsitateko tesia?) egiteko balio du, euskalduntasuna, hiritartasuna, nortasuna eta sexualitatea aztertuz eta gonbaratuz.