Gure (zoro)etxea [1×09]

 

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.

 

Batzuetan nire logelan ezkutatzen naiz.

Gustatzen zait Telmo eta Labritekin egongelan kalakan aritzea. Gustatzen zait Telmo edo Labritekin sukaldean afaria prestatzea. Gustatzen zait haiekin denborari ihes egiten uztea, azala zimurtzen zaigun bitartean. Baina, hala ere, batzuetan nire logelan ezkutatzen naiz.

Eta itzaltzen ditut gailu guztiak, mugikorra, musika-katea, ordenagailua, iratzargailua, tableta… eta irekitzen dut leihoa eta entzun egiten dut lau horma hauetatik kanpo, gure etxepeko plazan, gertatzen dena.

Gil de Biedma poetak behin esan omen zuen: “nik uste nuen poeta izan nahi nuela, baina ez, poema izan nahi nuen”. Bejondeiola.

Igual garaiak aldatu dira; igual orain hiru aho ditugu eta lau esku; igual dagoeneko ezer ez da lehen zena (gaur badena betiko izango balitz bezala). Ez dakit, baina susmoa daukat orain denok izan nahi dugula poeta, eta musikari, eta margolari eta kalakari eta, oroz gain, denok izan nahi dugula profeta. Eta inork ez duela izan nahi poema, edo kantu, edo margo, edo hitz.

Datorren astean, Jalgi euskal kulturaren plazak bere lehenengo urratsak emango ditu Aiaraldean. Eta aukera bikaina izango dugu bertatik bertara entzuteko eta ikusteko poetak, musikariak, margolariak eta kalakariak. Izan ere, horretarako izan behar direlako halako ekimenak, entzuteko eta ikusteko, ez baititugu kasualitatez aurpegian, nik dakidala behintzat, bi begi, bi belarri eta, aldiz, aho bakarra. Ez bada garaiak asko aldatu direla.

Gure (zoro)etxea [1×09]

Pernandoren egiak ere zalantzan jartzen baitira garaiotan, eta komeni da, tarteka, haietako batzuk gogora ekartzea. Kasu: hartzailerik gabe ez dago sortzailerik, poemarik gabe poetarik ez dagoen modu bertsuan. Ni ere gaur, Gil de Biezmaren antzera, nahiago dut poema izan, eta irekita utzi logelako leihoak, begiratzeko, aditzeko, etxepeko plazan zer jalgi den ikusi eta entzuteko.

Gure (zoro)etxea [1×09]

Idazlea eta itzultzailea