Usurbilgo Mozal Legearen trena

Usurbilgo Mozal Legearen trena –

2017ko Maiatzean, hainbat ekintzaile sozialek Usurbilen, tren bat baliatu nahi izan zuten mozal legearen kontrako mezua zabaltzeko. Bere bidean, “EAJ Mozal Legeari ez!” salaketa geltokiz geltoki eramango zuen trenak.

Usurbilgo Mozal Legearen trenaTrena Usurbilgo geltokian gelditu eta salaketa mezua idazten ari zirela, bere bideari ekin zion, parean zuen ekintzailea harrapatuz. Honek, kalte larriak izan zituen eta 3 aste pasa zituen ospitalean.

Orain, 2018ko Otsailak gertakari hura ekarri digu gogora. Martxoaren 5ean, gertakari horrekin lotuta, bi gazte epaituko dituztela jakin baitugu; trenak harrapatu zuen ekintzailea eta berarekin anbulantziaren zain geratu zen laguna.

Baina, ez al da zilegi Euskal Herriko gehiengoak arbuiatzen duen Mozal Legearen aurkako mezua zabaltzea? Zilegi ez ezik, beharrezkoa dela uste dugu. Eta horrela ikusi genuen, ezbeharra jazo zenean ere. Hurrengo egunetan, Euskal Herriko txoko ugari elkartasun mezuz eta Mozal Legearen kontrako mezuz bete ziren. Laranja kolorea hartu zuten, Eskubide Zibil eta Politikoen defentsan.

Hori izan daiteke laranja kolorearen xarma, elkartasun mezuz eta eskubideen defentsan hamaika txoko zipriztintzeko gai izatea. Kutsatu eta hamaika gauza egiteko gai gara. Baina, zipriztindu baino, Euskal Herria laranjaz ere margotu nahi badugu, guztiz beharrezkoa izango da ekintzaile sozialen ekimenen aurrean jarrera aktibo edota proaktiboa izatea. Eskubide zibil eta politikoak guztionak direlako.

Orain, epaiketa bertan dugun honetan, Mozal Legearen kontrako mezuak zabaltzea bezain beharrezkoa ikusten dugu, Usurbilgo ekintzaileak babestea. Horregatik, neguaren amaieran ospatuko den epaiketari “ez!” esango diogu! Udaberriarekin batera, gizarte osoaren eskubide zibil eta politikoen aldeko lana eta salbuespen lege zein epaiketen kontrakoa zabalduz. Euskal Herria beste zenbait kolorerekin batera, laranjaz margotzeko!

.

Maialen Begiristain (ELEAK-Libre Mugimendua)
Usurbilgo Mozal Legearen trena