Gure (zoro)etxea [1×03]

Gure (zoro)etxea [1×03]

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.

Gaur ez nago umoreko. Beno, egia aitortze aldera, duela bi segundora arte ez nengoen umoreko, baina edonori umorea aldarazteko gai dira Telmo eta Labrit, Labrit eta Telmo pisukideak.

Goizegi esnatu naiz gaur, eta goizegi esnatzeak beti esan nahi du bart taberna gutxiegi zapaldu, ardo gutxiegi edan eta mundua behar baino gutxiago konpondu zenuela. Eta hori, berez, bada edozein amorrarazteko moduko zerbait.

Gure (zoro)etxea [1×03]

Horri gehitu beharko diogu, gainera, Labritek eta bere ohe-kideak gau osoan sortu duten zalaparta, nire logelatik soilik ez, ilargitik ere erraz entzuteko modukoa. Izan ere, horixe izan zen atzo taberna gutxiegi zapaldu, ardo gutxiegi edan eta mundua behar baino gutxiago konpontzearen arrazoia. Labritek ligatu zuela, alegia. Edo hobekiago: tabernako neska guztien artean, Labritek begiz jota nuen horrekin ligatu zuela, eta, halakoetan, batek ez du jakiten kaka higuingarri erraldoi bat den mundu hau iraindu behar duen edo Labrit ostia hori lepotik… tira, imajinatu dezakezue zein den bigarren aukera, ezta?

Kontua da ostia-txartuta esnatu naizenez, kalera alde egin dudala paseoan egunsentian, insomniodun zahar noragabeen eta mundua gehiago hondoratzera zihoazen langileen artera. Eta hotzak akabatu beharrean etxera itzuli naizenean, hara non Telmo aurkitu dudan egongelako zoruan eserita, indioen eserimodua imitatuz, performance bat egiten ari denaren aurpegiera solemnearekin, eta ahoa Alea aldizkariaren azken zenbakiaren portadarekin tapatuta, zer eta, jakina, performance bat egiten etxeko salan. Zer demontretan ari den galdetu diot, noski.

Ez dit erantzun.

Berriro galdetu diot, ostiatxartuago.

Isilik geratu da.

Etsita, nire logelara joateko keinua egin dudanean, Alea ahotik apartatu du eta, azkenean, hizketan hasiko zela iruditu zait, eta esango zidala ni izan naizela euskara ez dela hizkuntza bat esan duena, eta, beraz, nola demontre nahi nuen hitz egitea, hizkuntzarik ez bazuen.

Baina ez du ezer esan. Berriro tapatu du ahoa, eta berriro jarri du trantze aurpegia.

Gogoa sartu zait erantzuteko euskara zernahi dela, baina ez, ez dela hizkuntza bat, hizkuntza batek sobran dituelako letrak, hiztunak, fonemak, liburuak eta baita aditzak oro ere, atzean ez badu ejertzito bat. Baina ez dut gerrarik piztu nahi izan eta ez diot halakorik esan.

Orduan esateko egon naiz ezetz, euskara ez dela hizkuntza bat, euskarak beste zerbait izan behar duela, euskarak aukera berrien ate eta itxaropen amultsuen leiho izan behar duela, euskarak munduari begiratzeko modu eta mundua aldatzeko mailu izan behar duela. Baina hori ere ez diot esan, ez gerrarik pizteko beldur prosaikoz, baizik eta Labrit agertu delako egongelako atean, goizero bezala, dutxatik atera berri, fabrikako toalla urdina gerrian lotuta eta bularrak dilindan, goizero bezala, erabateko isiltasunean dagoen egongelara etorri eta egun on partikularra ematera:

-Baina, zer zalaparta eta iskanbila klase da hau??!!

Hori da Labriten ohiko agurra, eta, gaur, ezin izan diot eutsi barre egiteko gogoari, eta ozen hasi naiz algaraka, kasik lehertzeraino.

Zoroei begiratzen zaien moduko begirada erdi ikaratu erdi barkabera horrekin so egin didate biek. Telmorengana hurbildu, eta belarrira xuxurlatu diot:

-Hara! Ikusi nola ez den hizkuntza bat? Hitz erdirik esan gabe ere molestatzen du euskarak.

Eta nire gelara etorri naiz, Labriti, irribarre zabalez, egun on esan ondoren.

Gure (zoro)etxea [1×03]

Idazlea eta itzultzailea