Gidabaimena
“Gidabaimena noizko, txo?” galdetu dit lagunak bila etorri denean. Enegarren aldiz. Askotan aipatzen didaten kontua da. Etengabe. Nire ingurukoei ulergaitza egiten zaie, nonbait, ia 29 urteko tipo batek gidabaimenik ez izatea. “Oporretan aterako dut” erantzuten diet halakoetan. Baina oporretan inoiz baino lanpetuago ibiltzen naiz, eta ez dut auto-eskolara osteratxoa egiteko astirik izaten. Gidatzearen alde, edo kontra, egoteko arrazoi ezberdinak dauden arren, nik orain arte gidabaimena atera ez izanaren motibo bakarra alferkeria da: Ez bilatu ozono geruzaren egoeraren inguruko kezkarik, ez da nirea garraio publikoaren aldeko hautu militantea, eta, halaber, inguruko taxilariei diedan estimua nahiko mugatua da. Beraz, ez da bereziki berotzen nauen eztabaida. Baina, hala ere, badago askotan entzun behar izan dudan eta zertxobait izorratzen nauen argudioa: Autoa izateak ematen (omen) duen askatasuna-rena. ” Gidabaimena bazenu ez zenuke tren eta autobusetan hainbeste denbora galduko“. Tren eta autobusetan denbora galdu?
Ez ditut autoa izateak dituen abantaila agerikoak ukatuko, eta agerikoak diren heinean ez dut horiek aipatzeko lanik hartuko, baina kontuak botatzen hasita zera ziurta diezazueket: liburutegietan baino askoz liburu gehiago irakurri ditudala trenetan, nire bizitza baldintzatu duten milaka kontutaz hausnartu izan dudala Zaratamotik Bilborako ibilbide nekosoa egiten duen autobusean, zientoka idea ero ernaldu direla bertan, eta denborapasa zinez entretenigarria dela euren geltokian jaisten diren neska polliten bizitzak imaginatzea atzealdea begiratzen diezun bitartean. Autoan lehenago heltzen zara tokietara, egia. Baina, hala ere, berandu. Ni garaiz heldu izan naiz beti. Eta gainera, bidaiaz gozatu izan dut.
Beraz, norena da askatasuna?
Balirudike, batzuk, ” te gusta conducir”-en iragarkia ikusi eta iragarkiek egia esaten dutela sinetsita bizi direla. Bejondeila!
Nik orain dela gutxi atera nuen karneta. Ez auto zale naizelako, alferkeriari uko egin niolako azkenean baizik. Eta, zer esango dizut, gozamena da batzutan autoa eramatea! Baina, zure azken pasarteei so eginez, egia, autobus, tren eta geltoki momentuak itzelak izan daitezke. Inoiz pentsatuko ez zenituzkeen gauzak bururatzen zaizkizu, eta lasaitasun tarte aproposa ere izan daiteke. “Bidaia aldartea” edo.