Ikasi katalana Twitterren

Piula en cataláSare sozialak tresna harrigarriak dira munduan zein auzoan gertatzen denaz informatuta egoteko, lagunekin harremanetan jartzeko, muga fisikoak hausteko eta orain, gainera, hizkuntzak ikasteko ere bai. Barcelona Media zentro teknologikoak katalana ikasteko ikastaroa sareratu du Twitterren, “teknologia berriak ezinbestekoak baitira katalana bezalako hizkuntza gutxituentzat”.

Piula en catalá” du izena ikastaroak eta 12 ikasgaiz osatuta dago. #PiuCat etiketaren bidez jarrai ditzakezu katalanaren lexikoa, gramatika edota ortografiari buruzko gomendioak; oso erabilgarria katalanez zuzen idazten ikasteko. Noizko halakorik euskaraz?

Katalanezko on line zuzentzailea

Barcelona Mediak antzeko beste zerbitzu bat eskaintzen du sarean: elCorrector. Katalanezko zuzentzaile bat da eta hilero 50.000 pertsonak erabiltzen dute beren katalanezko testuak zuzen idatzita dauden jakiteko. Gainera, iPad eta iPhonearentzako bertsioa du, elCorrectorLite, eta appStoretik zuzenean deskarga dezakezu. Doako bertsioak eguneko 150 karaktere onartzen ditu, baina ordainketa bidezko bertsioak zabalagoak dira: estandarrak 300 karaktere onartzen ditu, eta aurreratuak, 1.000. Hiru bertsioek testuak SMS, email edota Facebook eta Twitter bidez bidaltzea ahalbidetzen dute.