Gazte hiztegia

Gazte Hiztegia –

Gazte hiztegia

Ahotsak proiekturako Euskal Herriko gazteei elkarrizketak egin zitzaizkien, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza. Horrela, “Gazte gara Gazte” web gunean sortu zen, aisialdian euskarak zer leku zuen eta euskara eta erdara nola uztartzen ziren ikusteko. Eta azkenik, gazteenek euskaraz erabiltzen duten gazte hizkeraren euskal hiztegi (zoragarri) bat atondu zuten.

Proiektu hori dena dela, 2014an burutu zen. Baina gazte belaunaldia berritu egin da eta inguruan dugun testuinguru soziala ere aldatuz joan da azken sei urte hauetan. Horregatik, berriaren estilo liburuaren antzera, azken garai hauetan inguruan entzuten ditudan hitz/kontzeptu berriak ekartzen joango naiz euskararen eta gazteen erabilerara ikusteko.

.

Heteroirtena

Azken hamarkadetako feminismoaren azken olatu honen indarrak terminologia paregabea ekarri du. Gure gizartearen, portaera jakin batzuen analisirako hitz teknikoak zirenak; liburuetan, hitzaldietan eta bestelakoetan entzunak, gizartean gazteek modu naturalean asimilatu eta aplikatu dituzte. Heteroirtena hitzaren kasua adibidez.

Hetoroirtena kontzeptuak gizon hetero jakin batzuei egiten die erreferentzia, bero-bero ibiltzen diren normatibo horiei alegia. Tabernetako barran kanpaleku egonkorra ezarri eta dantzalekuari begira gaua pasatzen dute, eta kasu okerrenetan, bertan dauden neska guztiei hurbilduko zaizkie. Normalean, “Aizu, ze guapa zean” baina esaldi luzeagorik ez dute osatuko. Tabernetan ez ezik, taktika berdina sare sozialetan erabiltzen dutelako ere dira hautemangarriak, eta paisaiak ez diren gainontzeko argazki guztientzako iruzkina daukate. Kasu eske sarea bota eta bota ibiltzen dira, baina nekez lortzen dute ezer: heteroirtenak bai, baina heteroastunak ere direlako.

.

Zintzilikarioak

Pandemia batean ligatzeko aholkuekin sarrera bat egin genuen bare garaian (orain murrizketa berriekin eguneratu beharko duguna). Baina aholku funtsezko bat ahaztu zitzaigun, eta zera da: zauden egoeran zaudela, beti eduki behar da zintzilikario bat/batzuk. Izan ere, zintzilikarioak bere garaian momentuko erakarpen edo tentsio sexuala izan eta gauza bere horretan geratzearen ondorioz zintzilik geratu direnak dira. Noizbait zerbait gehiago gertatu behar dela dakigun arren, egoera dela eta, beranduago etorri diren bikotekideak adibidez, dilindan gelditu zitzaiguna.

Izerdia partekatzeko sasoi eskasa da oraingoa. Horregatik, agian pandemia aurreko zintzilikario horiekin akordatzea ez da batere ideia txarra.

.

Zubia

Zubi kontzeptua bikotekide baten hausturaren ondorengo garaiari egiten dio erreferentzia. Garaia baino, dolua igaro eta geroko bikotekide ohiaren atxikimendu horretatik askatzen zaituen pertsona litzateke zubia. Zubia zergatik? Zubi lana egiten duelako, hau da, bikote baten parte izatearen dinamiketatik ehuneko ehun bakarrik egotera igarotzeko trantsizioan laguntzen du. Ilusioa bueltatuko dizulako, baina bakarrik denboraldi batez egoteko ilusioa. Ez da gau bateko harreman puntual bat beraz, baina ezta ere hurrengo bikotekidea izango dena.

Hau ez da beti horrela gertatzen, baina normalean denok izan dugu zubi bat edo denok izan gara noizbait norbaiten zubia.

Gazte Hiztegia

Nire begietatik ...