Leloon leloak

Leloon leloak –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Leloon leloakZiurgabetasuna da orainaldi berriko marka eta ezaugarria. Azken boladan pertsona askok sentitu izan dute hanka azpiko zorua, lurra, desegin eta deuseztatu egin zaiela, eta heldulekuak ere desagertze prozesuan dabiltzala. Euren buruari non eutsi jakin ezinda, egonezina orokortu da. Goian zerua, eta azpian lurra esamolde zaharrak ere ez du ganoraz funtzionatzen mundu nahasi honetan, ezustekoak eta aldaketak etengabeak dira eta: zeruan buru gainean dugu oraindik; lurrak Iruñerrikoa dirudi, dar-dar egiten duelako, eta, hortaz, ikara eragiten.

Pandemiak handitu egin du aurreko urteetako egoerek —neoliberalismo basatiak, dei diezaiogun duen izenez— lagatako ezegonkortasuna. Segurantza gabetasun hori ekonomikoa eta lan arlokoa ez ezik, afektu eta ohiturena ere bada, kolokan utzi duelako segurutzat geneukan kontu ugari. Esate baterako, nork esango zigun herriko jai bako urte bat biziko genuela? Besarkada bariko bizitza, edota isolamendua etxean? Gainera, aldi baterako izan behar zena erdi iraunkorra bihurtu da, epeak etengabe luzatzen dabiltzalako. Zulo pandemiko honi irteerako argirik ikusi ezinda goaz aurrera, kate honetan denok batera, gogorki loturik gaudelako. Baina tatarrez daroagu bizitza, tipili-topolo, estropezuka etengabe, itsuka eta ahal dena eginda. Nork bere burua salba dezala goiburua txertatu digute (txerto barik) barru-barruan. Egin dakizuna eta Egin ahal duzuna ere bihurtu dira lelo horren azpilelo, denok lelotu arte. Hor konpon, Mari Anton! Euskadi, auzolana.

Krisia deitu diote ziurgabetasuna eragin duen horri. Ez dakit, ordea, krisi gabeko sasoirik ezagutu ote dudan. Batzuk ofizialak ziren, estatuari edo munduari eragiten zieten; beste batzuk, eskualdekoak, gureagoak, antza; eta besteak aurreko motibo bien ondorio konpondu barikoak sortutakoak. Beti eskas, beti ezinean. Krisia bizimodua da, bizitzeko molde leloondako.

Oraingoan, zorionez, ez gabiltza entzuten aurreko krisi ofizialean, 2008koan, entzun ziren zenbait lelo. Oraingoak bere lelokeria propioak ditu. Aurrekoan, gau eta egun esaten zitzaigun krisia aprobetxatzeko abagune aparta zela, gauza berriak sortzeko, geure burua berrasmatzeko, beste bide batzuk jorratzeko. Baieztapen horiek argudiatzeko, guru motibazionalek esaten zuten txineraz krisi arrisku eta aukera karaktereekin idazten zela krisi. Beraz, krisia aukera zela. Txinatarrak asko dira, zerbait jakingo dute. Argumentu bikainak guztiak, egoeraren larritasuna makillatzeko. Lelotzat hartu gintuzten berriro ere. Era berean, inoiz ez ziguten argitu zer lortzeko okasioa zen. Porrot absolutuan jausteko, akaso. Ezer onik ez. Aurrera doan herria.

Apiril-maiatzean lau haizeetara aldarrikatzen zuten askok izurriteak hobeak egingo gintuela. Aukera (hori ere txineraz?) itzela zela mundu hobea egiteko, hartu-emanak lantzeko, gizarte orekatuagoa egiteko… Dena bikaina. Baina lelo hori ahaztu dugu, zeren zulotik ateratzeko betiko irtenbideak proposatu baitira: etxeak eraiki behar ez diren lekuetan, behar ez diren tren eta metroekin aurrera segi, karpetan gordeta zeuden proiektu megalomanoak atzera ere mahai gainean jartzea. Berrikuntza izugarria. Porlana, berriro ere. Gizakia, helburu.

Lehengo lepotik burua. Ez dugu ikasten. Lelo hutsak gara. Gizakia da bi aldiz harri berean behaztopatzen dena. Gu, hamaikatxotan. Zatoz, eta konta ezazu!

Leloon leloak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.