Gazte bahituak I
Gazte bahituak I –
Iragana aurrez-aurre
Martxoaren 22ko lehen orduak ziren. Eguraldia, euritsua eta hotza. Geltokia hutsa zegoen eta kantina itxita. Alako batean, bozgorailuak Bartzelonatik zetorren trena iristear zela iragarri zuenean, soilik bidaiari bakanen bat gerturatu zen nasara.
Trenera igo ziren bidaiaren artean, sorbaldan zaku txuri handia zeraman marinel bat zegoen. Marinela bagoiz bagoi ibili zen, lehen klasean konpartimentu huts bat aurkitu arte. Leku zabala eta lasaitasuna nahi zituen. Han, zakua buruki gisa jarrita, bere gorpuz handia luzatu zuen eserleku erosoan.
Guillarei -Pontevedran trena hartu duenetik, hogei ordu baino gehiago igaro dira. Venta de Bañosko geltoki hau hirugarrena da; etxera eramango duena, azkenean.
Goizaldeko hiruak dira eta ezin dio azken bi urteko bizimodu militarra amaitu dela pentsatzeari utzi. Amaitzea desio zuela zirudien arren, orain zalantzati sentiarazten du, kezkati.
Bidai osoa darama gauza berean pentsatzen. Hori saihesteko memoria ariketa txiki bat egitea pentsatzen du. Hala ere, badaki hori ihes egitea dela, etorkizunari aurre egin nahi ez izatea.
Hilabete gutxi batzuk lehenago, bazirudien bizimodu hura ez zela amaituko, betiko egongo zela itsasontziaren zubian. Orain ohartzen da han babestua sentitzen zela, seguru. Egoera mendean zuen, guztiek estimatzen zuten eta begirunea zioten. Orain, aldiz, etxerako bidean, zalantzaz beteta zegoen, gerturatzen ari zitzaion errealitatearen aurrean. Kezka, beldurra, behin eta berriro erantzunik gabeko galdera, zer egin dute nirekin?
Lehen urratsak
Ferrolea iritsi zenekoa oroitzen du. Egun eta erdiko bidaia izan zen. Bagoi berean zihoazen ehun bat gipuzkoar, tartean, peludo (*) batek, Ferrolen zegoen donostiar bati eskatua zion geltokian zain egoteko, ezagun guztien dirua eta zorroak biltzearen. Izan ere, lehen egunak oso arriskutsuak ziren. Oso neurri egokia izan zen, nahiz eta denborak eta esperientziak erakutsi zion kuartelean etengabea zela arriskua.
Kontakizun honetako protagonistak, Ferroleko kuartelean emandako lehen gau hartako ezintasuna eta hotz sentsazioa oroitzen du. Orduak eman zituen biluzik, dutxa hartzen, ile-apaintzailearekin, eta bere neurriekin batere bat ez zetozen uniforme zein oinetakoen artean. Uniformeek, soinean mozorroak ziruditen. Lagunak ere ez zituzten ezagutzen.
Ezin ahaztu Marinelaren gida , hainbat aste eman zituzten liburuxka hura buruz ikasten, kuarteletik atera ahal izateko.
Oso ongi gogoratzen zuen guztia, berriki gertaturikoa izan balitz bezala. Baina kuartelean dena ez zen desatsegina. Goizetan, kaiko zabaldegira -desfilatzen ikastera- atera aurretik, ¡banoa…, banoa…! oihuak entzuten ziren. Loroño eta Txurrogilea ziren. Lehenak denetik saltzen zuen, eta bigarrenak txurroak. Egin berriak izan ez arren, gustura jaten zituzten.
(*) Peludo: Itsas Armadan sartu berria