Galdera arrunt batek zenbaterako ematen duen

Galdera arrunt batek zenbaterako ematen duen –

Garazi Aizpurua, filosofoa eta irakaslea, NAIZen.


«Zer moduz zaude?» galdera oso arrunta da. Gure egunerokoan etengabe darabilgu ahoan. Edonon galdetzen dugu, dela familian, dela lagunartean, dela ezezagun batekin lehen aldiz hizketan hasten garenean; are gehiago, hizkuntza berri bat ikasten ari garenean lehenengo saioetan irakasten diguten galdera izan ohi da, nonahi goazela erabiltzeko, sozializatzeko, jendeari inpresio ona emateko. «Zer moduz zaude?» galdera da ikasten dugun lehenengoetariko esaldi adeitsua, eta horregatik denok ziur gaude noiz eta nola erabili behar dugun; gutxik jartzen dute zalantzan haren esanahia eta erabilera; alabaina, galdera sinple eta ohiko horren azpian sekulako sakonera dago, konplexutasuna. Solte dagoen lokarria dirudi, sinplea eta laburra; baina, gertutik eta patxadaz behatuz gero, korapiloz betea dagoela jabetuko gara, eta korapilo horiek banan-banan aztertzen lagundu zidaten nire pentsalari gazteek.

Galdera arrunt batek zenbaterako ematen duen
Arg: Daniel Kondrashin

Gogoan dut behin, goiz batean, batxilergoko ikasgelan sartu nintzela filosofiako saioa ematera: «Egun on, zer moduz zaudete?», galdetu nien. «Ondo», erantzun zidaten haiek, baina beren ahots zein aurpegi goibelek ez zuten hori adierazten; eta hori bera esan nien nik, premiarik ez dagoela ondo daudela esateko horrela ez denean. Bada, ez dut inoiz ahaztuko haien erantzuna: «Irakasleek ez diguzue hori galdetzen benetako erantzuna jakiteko, besterik gabe gu agurtzeko eta ondo gelditzeko egiten diguzue galdera». Egia esateko, bihotza apurtu zidan erantzunak, eta saio osoa horren inguruan elkarrekin hitz egiteko hartzea erabaki nuen. Izan ere, ez da irakasle-ikasle kontua soilik, ikasgeletatik askoz ere harago doa.

Haiekin izandako elkarrizketa hark zenbait gogoeta egitera eraman ninduen: batzuetan «zer moduz zaude?» galdera hain da indartsua, boteretsua eta asegarria. Eguna poztu diezazukeen galdera bat da, besteak zurekiko duen interesa eta ardura sentitzeko modu bat, bizitzan egiten ari zarena bere fruitua izaten ari dela erakusteko aukera bat, zure izatea eta izaera baieztatzeko egokiera.

Zenbaitetan «zer moduz zaude?» galdera hain da hutsala, esanahirik gabea eta txoroa. Besterik gabe norbaitekin hizketan hasteko aitzakia bat, norbaiti zerbait eskatzeko modu leunago bat, bestearen aurrean atsegina izan zaitezkeela erakusteko erakustaldi soil bat.

Noizbehinka «zer moduz zaude?» galdera hain da beldurgarria, arriskutsua eta mingarria. Bihotza zeharkatzen dizun gezi bat dirudi, behin eta berriz saihestu beharreko ezpata zorrotz bat, harrikada bat babeslekurik ez duzunean.

Gogorra da oso «zer moduz zaude?» galderaren erantzuna ez dakizunean; are gogorragoa galdetzen dizunak benetako erantzuna jakin nahi ez duela badakizunean; oraindik ere gogorragoa bestea zure benetako erantzuna entzuteko prest ez dagoela ohartzen zarenean; baina ezin gogorragoa zeu ere erantzuna esateko eta hura onartzeko prest ez zaudenean eta, hala ere, erantzun bat eman «behar» duzunean.

Zalantzarik gabe, «zer moduz?» galdera izan daiteke emankorra, ezdeusa edo eztenkada bat bezain samingarria.

Eta orain horrela bizi gara: «zer moduz zaude?» galderari erantzuteko erak bilatzen, tenis partida baten moduan pilota beste aldera botatzea kontsideratzen, egia edo gezurra esatearen artean erabakitzen, koldarra edo ausarta izan behar ote duzun pentsatzen, besteen erreakzio posibleak imajinatzen eta zeure erantzun posibleen artean erabakigarria izaten saiatzen, erruduntasunak estutzen zaituen bitartean.

Baina orain horrela bizi nahi dugu: itxurakeriarekin apurtu eta geure buruarekin adiskidetzeko bideak bilatuz, dikotomia (egia / gezurra, ausarta / koldarra…) toxikorik gabe, dakitenei laguntza eskatuz, geure buruaren ezagupen eta onarpenerako bideari hasiera emateko. Agian, aipatu bide horren hasiera «zer moduz zaude?» galdera izan daiteke, baina galdera norbere barrenetik etortzen bada, lehenengo galderarik (eta erantzunik) zintzoena geurea izango delako. Hala behar luke behintzat.

Galdera arrunt batek zenbaterako ematen duen Galdera arrunt batek zenbaterako ematen duen

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Galdera arrunt batek zenbaterako ematen duen”-ri buruz

  • Zer moduz zabiltza? Hori da euskaraz esan izan den agurra.

  • Benat Castorene 2023-01-20 17:43

    “Zer moduz zaude edo zabiltza ?” galderari gaur eskuarki erantzuten da “ongi eta zu?” bezalako zerbait.
    Lehen Bizkaian eta gipuzkoan entzuten zen “ondo esan behar” baita “apezak hobeto!”
    Hemen aldiz erantzuten zen ” ongi eta horre (hor ere) ?
    Lehen erantzuna nahikoa neutroa bazen beste biek esangura gehiago bazuten?
    Ezdakit eta interesgarri litzaidake jakitea “horre (hor ere)?” entzuten zen Hegoaldean, ene inpresioa da baduela zer ikusia laborari eta nekezari munduarekin. munduarein.

  • Zer moduz? “Ondo” edo “kontatzen dizut”?
    Agur bezela gehienetan, askotan bestearenganako interesa ez degun arren.
    Bestearen benetako erantzuna jakiteko prest ez bagaude,…. zertarako galdetu?