Gaixo nago

Gaixo nago. Ez dut irribarreekin, besarkadekin, musuekin edota laztanekin gozatzen.

Ez dut gogoratzen nola maitatzen den, nola egiten den txistu, nola hartzen zaion eskua pertsona bati lurretik altxatzen laguntzeko, nola jokatu behar dudan norbait goibel dagoenean. Ez diet autobuseko eserlekua uzten agureei, ez dizkiot eskerrak ematen zerbitzariari kafea mahaira ekartzen didanean, ez diot atea heltzen bizilagunari nire aurretik pasa dadin, ez diot zigarro bat ematen eskatzen didan ezagunari, ez dut “egun on” esaten bulegoan sartzen naizenean.

Nazka aurpegia jartzen dut sexu bereko bi pertsona musukatzen ikustean, jaioberri bat negarrez hasteak haserretzen nau, ondokoari gaizki begiratzen diot jatean zarata egiten badu, ez diet kanpotarrei azaltzen non dagoen bulebarra presaka nabilelako, amonari isiltzeko eskatzen diot txikia zeneko istorioak kontatzen dizkidanean, beste espaloira pasatzen naiz gurasoen lagunei agurtu behar ez izateko.

Dagoeneko ez dakit maitatzen, eta zalantzan jartzen dut inoiz jakin izan dudan. Inozoa naiz, gizajoa. Itsua eta gorra, baina ez mutua. Kexatzen naiz bezeroak eskerrak ematen ez didanean edota ez didanean sikiera irribarre egiten, kalte egiten dit inork ez didanean lurretik altxatzen laguntzen, mina ematen dit semeak isiltzeko eskatzeak txikitako kontuekin hasten naizenean, etxera goibel iristen naiz kaletik nazka aurpegia jarri didatelako bikotekidea musukatzeagatik.

Gaixo nago.

gaixo

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...