Udazkeneko agenda politikoa jarraitzeko 10 arrasto

Gatazkaren mataza korapilatuta helduko da 2013ko udazkenera ere. Aitzitik, mugimendua dator, iraila-urria-azaroa ez dira ezeresean pasako. Datozen hilabeteetan albiste izango denaren aurrerapena duzu hemen, 10 puntutan. Epe motzeko agenda politikoari buruz Ramon Solak ere idatzi berri du, Gaur8n: Abuztuko ketik iraileko sugarretara.

uddd

Europaren epaia, Parot Dotrinari buruz:

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezin du erabakia gehiago atzeratu. 50 preso baino gehiago berehala aske uzteko eska diezaioke Espainiako gobernuari, Parot Dotrina baliogabetuz. Hala, 2012ko uztailean Ines del Rio presoaren alde hartutako erabakia berretsiko luke auzitegiak. Kontrara, Rajoyren gobernuaren errekurtsoa onartzen badu –gutxik espero dute halakorik– espetxean segiko lukete. Dotrinaren kontrako balizko epaiari aurreratuz, “ingenieria juridikoa” egingo duela esana du barne ministroak.

80 lagun Madrilen epaituak:

Auzitegi Nazionaleraino jo beharko dute udazkenean 80 euskal herritarrek. Herriko Tabernen auzia eta Segi-ko 34 kideren zigorra izango dute epaileek ebazteko. Lehenbizikoan, urriaren 17tik aurrera, Sortu-ko buruzagiak eseriaraziko dituzte. Bigarrenean, 2009ko azaroaren 25eko sarekadan atxilotutako gazteak.

Gizarte Foroari erantzuna:

Bake prozesua indartzeko 12 gomendio luzatu zituen Gizarte Foroak, maiatzean. ETAk eta EPPKk begi onez ikusi zuten foroa burutu izana, nahiz eta “ñabardurak eta desadostasunak” zeudela aitortu. Gomendioek bazter uzten dute estatuekin negoziazioa. Salbuespen neurriak bertan behera utzi eta indar polizialak egokitzeko eskatzen die Espainiako eta Frantziako gobernuei. Aldiz, ETAri desegitea eta armagabetzea diseinatzeko eskatzen dio eta presoei egindako mina aitortu eta banakako bideak urratzeko.

Bake eta Elkarbizitzarako lantaldea, Legebiltzarrean:

ETArik gabeko aro berrian alderdi politikoen arteko “oinarri etikoa” hitzartzea da lantaldearen helburua, elkarbizitza sendotzeko. Irailetik aurrera egin beharko dute “mikro-akordioak” lortzeko ahalegina. Momentuz, PPk hanka egin du. PSE hortik hurbilago dago, Bildurekin adostasunetara heltzetik baino.

Alkateen bake konferentzia, Donostian:

Bake prozesuari bultzada emateko antolatu du nazioarteko alkateen bake konferentzia, Donostiako Udalak, urriaren 10ean eta 11n. PSEk eta PPk parte hartzeari uko egin diote, ezker abertzalearen zerbitzurako ekimena dela argudiatuz. Iñigo Urkullu lehendakariak irekiko du Kursaalen eta Aieten egingo den egitasmoa. Udal mailan bakearen alde egindako lanaren berri emango dute nazioarteko ordezkariek.

Nazioarteko eragileen inplikazioa:

Nazioarteko eragileek zehaztu beharko dute haien zeregina. Aieteko konferentziaren bosgarren puntuari helduz, Jarraipen Batzordea aktibatu ala baztertu ikusi beharko dute. Bestetik, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ere udazkenean emango du jakitera bere asmoen berri. ETAk konpromisoei eusten dien egiaztatzetik haratago, zein beste funtzio bete dezakeen erabaki behar dute. Armagabetzerako “erraztailerik” izango den ere ikusteke dago.

Estatus politikoari buruzko lantaldea, Legebiltzarrean:

Jeltzaleen ekimenez Gasteizko legebiltzarrean estatus politikoari buruzko lantaldea osatuko dute. Alderdien posizioak parez pare jarri nahi dituzte. PSE eta PPren aldez aurreko kontrakotasunarekin abiatzen da, eta guztien arteko akordioa lortzea ezinezkoa dela jakina da. Loiolako hizketaldiak dira marko politikoari buruz egindako azken eztabaida serioak. Basilikako elkarrizketetan parte hartu zuten alderdiek, gaur egun legebiltzarraren %85 ordezkatzen dute.

ETAren urratsak; armagabetzearen bidea:

Udaren bueltan ETAk egoeraren gogoeta plazaratuko duela iragarri du Pernando Barrenak. Zurrumurruek –interesatuak halabeharrez– armagabetzearen gaia jarri dute etakideek erantzun beharreko auzi gisa. Solaskiderik gabe, aldebakarreko bidean nondik nora joko duen iragarri beharko du erakunde armatuak. EAJk ETAri proposatu dio armak Gipuzkoako Aldundiaren esku uzteko.

Sortu-EAJ harremanak estutzen:

Alderdi abertzaleen arteko tirabirak baretu eta gutxiengoak adosteko prozesua lantzen ari dira. Uztailean egin zuten bilerak mezu hori hedatu nahi izan zuen. Gatazkaren konponbidearen adar guztietan posizioak hurbiltzera behartuta daude, ez badute Rajoyren doinuaren dantzan ad infinitum segi nahi, eta bai bata zein bestearen hauteslegoa zapuztu.

Bateragune auzia, Konstituzionalaren zain:

Denbora epe zehatzik gabe, baina Auzitegi Konstituzionalaren betebeharren mahaian. Bateragune auziagatik espetxera bidali zituzten Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Miren Zabaletak azken itxaropena gordetzen dute. Zigortuen askatasuna eskatzen duen helegitea aztertu behar duen auzitegi berak ekainean ukatu egin zien baldintzapeko askatasuna. Auzitegi Gorenak bost urtetik gorako zigorra jarri zien, 2016ra artekoa.