Gabonek ez dute ezertarako balio, horregatik dira ezinbestekoak

Gabonek ez dute ezertarako balio, horregatik dira ezinbestekoak –

Gabonaldia, bere atea jada urraturik, Gabon-gaua gaurko honetan ate joka, eta Eguberri-eguna bihar dugularik, bere gorena jotzeko puntu-puntuan dago. Hori horrela, gaurko testutxo honen bidez, Gabonaldiari eskainitako, honako hau barne harturik, jarraikako sei artikuluen sortatxoari buru eman nahi diot. Gabonek berezko beharko luketen sakona azpimarratuaz hasi nintzen Gabonak Gabonaldian ospatu al daitezke? artikuluan, izan fede-sinemenetik, izan familiartekotasun eta lagunartekotasunerako propio dugun egutegiko egun-tartea dugun aldetik, edota bat eginiko bi zentzu geruzetatik bateratsu. Horren ostean, Noiztik ospatzen dira Gabonak? izenekoa etorri zen. Bigarren honako honetan Gabonak ez zirela IV. mendera arte ospatzen hasi kontatu nuen eta, horrekin batera, azaldu, orduko hartan, artean, liturgi egutegiko barne ospakizun apal samar baino ez zela; XIII. mendean Asisko San Frantziskok emango zien gure egunetara arte Gabonek izan duten pisua eta dimentsio herrikoia. Hirugarrenik, Abenduak 25, data problematikoa izenburu izan zuenean, abenduaren 25a hautatu izanaren zergatikoaz aritu nintzen, eta azaldu egun honen aldeko hautuak, eta ez aldiz beste edozein batena, ez zuela ezein oinarri historikorik, nahiz-eta paganismoan betidanik egun ezinago garrantzizko hau aukeratu izanak Jesusen jaiotzari eman asmo zioten inportantzia jartzen zigun erakutsian. Laugarrenik, gurera egin nuen, eta gure euskal Gabonez zer edo zer aipatze aldera, Bitoriano Gandiagaren testigantzari oso ere oso aberasgarri iritzi nion eta horregatik Bitoriano Gandiagaren euskal Gabonak artikulua ekarri nuen hona. Gabonen gaineko Gandiagak duen berezko ikuskeran oso interesgarri neritzon lau polodun eskema bat ikusi ahal izan genuen; agerraldiaren ospakizuna genituen Gabonak, Jesus pobre eta apalei eginiko agerraldiarena, familiaren ospakizunetan ospakizun ere baditugu, eta azkenik, eta aurreko beste hiru zentzu-polo horiekin bat eginik, eta berauek barne harturik, suaren jaiak ditugu Gabonak, etxeko behe suarenak. Hurren, Gabonak, egunerokoa ezohiko bilakatzen deneko aldia, Gandiagaren Gabonen gaineko ikuskera sakon horri segida eman nahi izan nion eta azaldu bizitzaren sakonetik ulertu zituela Gandiagak fede-sineskizunak eta baita fede-sineskizunetatik ere konprenitzen zuela bizitza, bat-bat eginiko gertakariak ditugula bi-biak bere bizipenetan. Orain, sortatxo honi buru emate aldera-edo, aurrez bost artikulu horietan esandakotik edo esandakoan oin harturik, nire hausnarketa edo iritzi batzuk jarraian.

Sakontasunerako deia eta abagune beharko genituzke Gabonak. Fede-sinesmenaren sakonetik, eta fede gabeziatik berdin, geure bizitzaren aurrez aurre jartzeko egutegiko abagune dugu, alienatzen, entzungortzen, estresatzen gaituen egunerokoaren pisutik atsedenaldi sakon bezain geldoa egin ahal izateko abagunetan abagunetzat jo beharko genituzke Gabonak. Eta gure bizitzaren sakonaz ari garelarik, segi-segidan geure gertu-gertuko harremanak hartu behar ditugu aintzat ezinbestez, gure senitartekoak, gure lagun minak, gertu-gertuko ditugun horiek guziak, euren guztien faltan, geure burua esplikaezin bilakatuko luketen horiek guztiak hain justu.

Bi mehatxu dituzte Gabonek, mutur oso ezberdinetatik erasotzen dituztenak, eta berdin oro har geure bizitza. Gabonak guztiz hustu, erlijiogabetu beharko liratekeela aldarrikatu eta aldarrikatu ari diren muturreko jarrerak hor ditugu, patologikoki ideologia totalizante batek joriko jarrerak, gizarte guztiz eta errotikako laiko baten alde omen diharduten horienak. Zer esan baina gertakari honetaz?, bada, zera baino ez dugula, jada ohiko eta ezagun ditugun beste “ismo”-etako bat… besteetariko bat baino ez, honako honetan baina, hain guztiz ideologikoa, eta bateratsu hain kultur-oinarri apurrik gabekoa, non nekoso egingo zaion zinez gertakari gisa klub-gune oso ideologizatu horren mugarriak gainditzea. Beste mutur batetik baina, guztiz bestelakoa dugun mehatxu bat dugu, kontsumismoaren uholdearena. Bigarren hau, Gabonak errotik laikotze alderako tema ideologikoa ez bezala, bene-benetakoa da, berez jada egun ematen dena, ekin eta ekin diharduena etenik gabe, guztiz errotua dagoena gure artean. Izurrite dugu jada uholde kontsumista hau, Gabonak zinez pozoitzen, hutsaltzen eta guztiz bestelakotzen dituena. Gabonak, beste zeinahi kultur gertakari bezala, bilakaeran eta atergabeko eraldatze prozesu batean ari dira, eta esan izan dudan moduan, batzuek kristauki bizi badituzte, batera, bestetzuek berezko zuten sakontasun hori espiritu sekularizatu batetik bizi dituzte. Ezin kultur bilakaera emariari hesi jarri; guztiz bestelako patua dute bizitzatik kanpo, eta geure bizitzetan jada diharduenetik kanpo eta bere kontra, huts-hutsetik, ex nihilo egindako ahalegin ideologiko artifizioso hauek, eta, historian ikusi ohi dugun bezala, porrotean dute patu.

Amaitze aldera, azken aitorpentxo bat. Mendebala, gure gizartea, gure bizitza moldea… alderik alde eta errotik etekinaren arrazionaltasunak zeharkatuta daude. Arrazionaltasun hau guztiz formala dugu, eta giza ekintzak gero eta gehiago baldintzatzen ditu, ez da edukizkoa, baina giza mailako eduki eta helburu guztiak beretzen eta bestelakotzen ditu, are eta erabat eremu pribatukotzat geneuzkakeen horiek ere. “Utilitate arrazionaltasun” honen bizitzaren kolonizazioa guztizkoa da, geldiezina. Arrazionaltasun ekonomikoan du jomuga, baina gure bizitzako forma eta era ezberdinetan ere islatzen da, hala nola, gure denbora ustiatu moldean, lanaren gainean dugun ikuskeran, gure bizitza moldeen hautuetan, gure harremanak zer-nolakoak izan behar diren aukeratzeko orduan… “Ezinbestekoak ez duela ezertarako balio”, ezinbestekoa “inutila” dela diosku Franz Hinkelammert-ek Lo indispensable es inutil ere izenburu duen bere obran. Zer da, bada, Hinkelammert-en ikusian, ezinbestekoa, eta zer, bestetik, “utila” edo “inutilla”? Bigarrenetik hasita, beti zerbaiterako balio duen hori, “utila” den dena delako hori, gorago aipatu “utilitate arrazionaltasun” horren logikaren aldeko guztia geneukake, alegia, logika horren ekonomiaren arabera etekintsua litekeen guzti-guztia. Besteko, ezinbestekoa, eta hortaz “utila ez” edo “inutila”, bizitzarako behar-beharrezkoak diren eta gizakiaren izaeraren muin-muinekoak diren horiek guztiak geneuzkake, hala nola, familiartea, lagunartea, aisialdi lasaigarria… Zertarako balio du maitasunak, bada, utilitate logikapean? Zertarako balio du maitatzeak? Eta zertarako maitatua izateak?…. eta zertarako “denbora galtzeak”? Zertarako balio du, bada, denbora galtzeak, maitasun horren mesedetan bada? Edota, are maitasunaren eta benetako harremanen mesedetan ez balitz ere, zertarako balio du denbora galtze hutsa baino eta besterik ez den horrek, norberarentzat edo dena delakorako denbora galtze huts-hutsak? Zertarako? Bada, bizi gaituen logika horren pean ezertarako ez, ezertarako ere ez!

Horren baitan, hain justu ere, ditugu ezinbeste-ezinbesteko Gabonak. Gabonak ere, ezertarako ere balio ez izate horretan, ereduetan eredu ditugu, eta ezer baldin badago ezertarako ere balio ez duena, zer eta Gabonak ditugu. Bil dezagun, hortaz, ezinbesteko dugun inutila den horren energia Gabon hauetan! Ezinbesteko dugu eta!

Gabonek ez dute ezertarako balio, horregatik dira ezinbestekoak

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.