Ezkerra, zer eta zergatik hiru galderatan
Ezkerra, zer eta zergatik hiru galderatan
Ondo eta beharrezko jotzen dut estatu batek nire ondasunen eta nire lanaren zati bat hartzea nik baino gutxiago duten pertsonen bizitza duina bermatzeko eta denon interesak gauzatzeko. Era berean eskuzabal emanez bezain zorrotz zainduz jokatu behar dut herritarra izanda. Denon arteko antolaketa denontzat ona dela uste dut.
Hori ez da berez ezkerrekoa izatea, baina bai oinarria. Hala ere, ez dut teoria politikoan sartu nahi. Ez daukat horretarako ez prestakuntzarik ez interesik. Nire asmoa xumeagoa da: ezkerra gaur eta hemen ebaluatzeko nik neuk erabiltzen ditudan irizpideak hona ekartzea, baten bati interesgarriak izango zaizkiolakoan. Neuri, behintzat, baliagarriak zaizkit.
Hau test modukoa ere izan daiteke alderdi bakoitza espektro politikoan kokatzeko ezkerraren ikuspuntutik. Estatuei ere, oro har, neurria hartu dakieke horrela. Hor ezuste handirik ez da egongo, noski, baina benetako asmoa toki batean zein bestean kokatzeko arrazoi argiak izatea da.
Lehenik eta behin, langa jarriko diot ezkerrari: gizarte-justizia lortzeko, eskura dauden ahalegin eta bitarteko guztiak jartzen dituen politika, beti ere garapen jasangarria, demokrazia eta giza taldeen zein norbanakoaren eskubideak errespetatuz.
Arazoa da helburu nagusi hau paperean jarrita, onartu beharko genukeela alderdi guztiak ezkerrekoak direla. Noski, gehienek gezurra esaten dutelako. Ikusiko dugu ea benetan nork betetzen duen hori, nork gainditzen duen testa eta nola.
Testa egiteko hiru parametro jartzen ditut nik, nire ustez, hauxek baitira politikako hiru parametro nagusiak: ekonomikoa, soziala eta demokratikoa, ezkerrean zein eskuinean. Baian ezkerraren ikuspuntutik palnteatuta daude hiru galderen bidez:
A: oso ondo, B: ondo, C: nahiko, D: gaizki, E: oso gaizki
1) Nolakoa da bere politika ekonomikoa sistema neoliberal-kapitalistaren aurrean: aldekoa, pasiboa ala hura zuzentzera bideratuta dago?
Baloratu ezkerreko ikuspuntutik: A, B, C, D edo E
Kontuan hartu beharreko batzuk: langileen lan baldintzak, ingurumena, hondakinak, kutsadura, paradisu fiskalak, iruzur fiskala, sektore estrategikoak (nekazaritza, industria, ikerketa eta garapena…), energia lortzeko aukerak, gehiegizko turismoaren kontrola, kontsumitzaileen eskubideak, bankuen jarduna, sistema hipotekarioa, jarduera publiko eta pribatuaren arteko ezintasunak, ustelkeria, etxebizitzaren inguruko espekulazioa, mundu osoa, nazioarteko politika…
2) Erabiltzen al du administrazio publikoa gizartean eta sistema neoliberal-kapitalistaren ondorioz gertatzen diren bidegakeriak, desorekak eta kalteak zuzentzeko eta gizarte-juztizia lortzeko?
Baloratu ezkerreko ikuspuntutik ; A, B, C, D edo E
Kontuan hartu beharreko batzuk: zerga sistema, hezkuntza, osasuna, segurtasuna, justizia, subsidioak, pentsioak, azpiegiturak, garraio publikoa
3) Erabakia hartzeko boterea edukita, demokrazia onartzen al du bere kalterako denean ere, eta baliabideak jartzen ditu horretarako?
Baloratu zure ikuspuntutik: A, B, C, D edo E
Kontuan hartu beharreko batzuk: bera kontrolatzeko eragileak eta erakundeak (kontsultak eta erreferendunak, justizia, arartekoa, oposizio politikoa, herri ekimenak…), komunikabideak, erabakitzeko eskubidea, gutxiengoen eskubideak, eskubide sozialak, berdintasuna, etorkinak…
Testa behar bezala egiteko beharrezkoa litzateke nola edo hala hiru parametroetan praktikan aritu izana, ez baitira kontuan hartzekoak hitzak, programak eta aldarrikapen erabatekoak. Ekintzak hartu behar dira kontuan.
Nire balorazioa egingo dut orain, nota bakarrik jarrrita, baina gonbidapena egiten dizuet zuek ere egiteko, hemen edo buruan, garrantzitsuena hausnarketa baita.
EAJ: D-C-D
EH-BILDU: B-B-C
Elkarrekin-Podemos: C?-B?-C
PSE: D-D-E
PP: E-E-E
Gaur egun gizarte-maila pribilegiatuaren kide diren eta ezker aurrerakoian diharduten pertsonek justizia sozialaren izenean mundu guztien arazoak dirua emanez konpondu nahi dituzte guzti hori zergen bidez ordaintzen duten langileak txirotu eta kaltetu arren.
Klase pribilegiatu horrek diru gabezia ez duenez berdin zaie gutxiengo kolektibo bati emateko langileei dirua zergen bidez kentzea. Normala da gero langile horiek ezker aurrerakoiaz paso egitea ez baitute ordaindutako zergak bere onerako erabiltzen eta bai gutxiengo kolektibo horren alde egiteagatik aberastuko diren lagunak postu publikoetan finkatzeko.
Estatua negozio moduan erabiltzen duten gizarte-maila pribilegiatuaren kide aurrerakoiek ez dira pribatizazioak erabiliz lagunak lanpostuetan finkatzeko metodoa erabiltzen duten pertsonetatik aldentzen.
Interes orokorren alde zergak ordaintzearen alde nago baina ez gutxiengo kolektiboak erabiliz negozioa egiteko.
Ondo, ados. Ez saiatu begi.bistakoaz konbentzitzen. Argi dago hemen daukagun zerga politika eta sistema bananeroa dela; eta diru publikoa nola xahutzen den ere bada bananeroa, noski. Horrexegatik sartu dut irizpideen artean. Gure inguruan beste egoera batzuk ere badaude. Suedia batean, kasu, ez dira ezkerraren helburuak betetzen, baina nahiko nuke hemen sistema hori, hobera egingo genuke.
Ez dakit nik Suediako eredua edo eredu nordikoa gurera ekarri dezakegun, nire ustez herri horietara egokitutako eredua da, jatorriz herrialde horiek hobekuntza nazionala lortzeko elkarlanean aritu diren herri txikiak, homogeneoak eta kolektibistak izan dira. Espainian ere sozialismoaren kutsua, ez maila berean, nagusia da eta haren gestioa tamalgarria izan da Espainiaren oinarria homogeneoa eta kolektibista ez delako. EHan ikusi ditugu nola adibidez mugimendu kooperatibistak sortu ziren, halere zona finko batzuetan. Beraz ez dakit gasteiztar batek eta oñatiar batek herri egituran helburu berdinak dituzten. Dena den ez zait batere gustatzen nola Suediak estatuaren bitartez gizartea (arlo soziala) kontrolatzen duen.
Ongi izan.
Kontu bat da sistema sozio-ekonomikoa eta beste bat zerga sistema eta politika. Zerga sistemak oso antzekoak dira herrialde garatuetan, Europakoetan, behintzat. Oinarriak ezagunak dira: orokorra, prrogresiboa, norbanakoaren gaitasun ekonomikoa kontuan hartu behar du… Aldeak alde, nahiko antzekoak. Hemen arazo nagusia da legea bera betetzen ez dela. Politika fiskala aladatzen da. Alde batetik, zama fiskal nagusia langileen soldatetatik ateratzen du Ogasunak, biderik errazena baita, erraza kontrolatzen eta erraza lortzen, baina ez du ahaleginik egiten goiko errentei eta enpresei dagokien zama fiskala ezartzen. Arrazoiak? nagusia klase-interesak babestea. Gainera, langileen bizkar txiringitorako nahikoa lortzen du. Jakina, hau bidegabea izateaz gain, ez da batere demokratikoa.
Baina ez da Sudiara jo behar. Adibide argia: Gérard Depardieu bat Errusian nazinalizatu zen bertan zergak ordaintzeko, Frantzian “itotzen” omen zutelako. Espanian, berriz, Imanol Arias batek nahikoa du dirua paradisu fiskal batera bidaltzea, Espainiako bandera airean astintzen duen bitartean.
Hego Euskal Herrian ez gaude askoz ere hobeto. Sistema eta politika fiskalak nahiko antzekoak dira. Gainera, kasu honetan ezin da esan arazoa Madrilen dagoenik, Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak eskumen osoa dtelako. Adibidez, EHan erretenzio sistema erabiltzen da, hau da, nominatik Ogasunak errentezioa egiten du zuzenean. Hemen oso normala dela uste arren, sistema hau bananeroa da, herrialde garatuetan nahiko arraroa. Frantzian, adibidez, ez dago erretenziorik.
Erretenzioen bidez bi helburu bilatzen dira: ordainketa ziurtatzea (garatu bidean dauden herrialdeetan akaso beharrezkoa, baina ez hemen) eta, batez ere, diru publikoaren gaineko kontzientzia desagertaraztea. Langileak nomina kobratzean netoa dauka buruan. Erretenzioak, gizarte segurantza eta bestelakoak ez ditu bere ikusten. Horrela pentsatzen da diru publikoa ez dela inorena, eta lapurtzen edo xahutzen denean, ba, tira, inorena ez denez…
Baina inor entzun al duzu hemen erretenzio sistemaren kontra hitz egiten?