Berriro hauteskundeak

Berriro hauteskundeak

Berriro hauteskundeak

Hauteskundeak, boterean dagoenak antolatzen ditu, bera boterean mantentzeko.

Hiru hamarkada luze daramatzagu hauteskundeak, bata bestearen jarraian egiten herria puskatu zigutenen sistema legitimatuz, eta herri-zatiak gero eta urrunago daude bata bestearekiko.

Hiru hamarkada luze daramatzagu hauteskundeak, bata bestearen jarraian egiten eta gure boterea ez da gehitu, indar erlazioa ez da aldatu.

Hiru hamarkada luze daramatzagu hauteskundeak, bata bestearen jarraian egiten eta gero eta integratuagoak gaude sistema arrotzetan.

Herri hau, hauteskundeen parafernalia honetan murgildurik, indarra alferrik xahutzen joan da, boterea galdu du eta inperialismoaren boterea legitimatu du.

Demokrazia dagoen lekuan, hauteskundeak beharrezkoak dira, baina hauteskundeak egoteak ez du bermatzen, inola ere, demokrazia bat dagoenik.

Herri bat zapaldua dagoen artean, bertan antolatzen den edozein hauteskunde mota ez da demokratikoa. Demokraziaren definizioa herriaren boterea edo gobernua da, eta botere hori bahitua dagoenean ez dago demokraziarik.

Herri zapalduek hauteskundeak irabazi behar al dituzte askatasuna lortzeko? Zapalkuntzapean bozkatu? Hauteskunderik galdu al genuen ba, gure askatasuna indarrez lapurtu zigutenean?

Demokrazian, ez da nahikoa gehiengoez eta gutxiengoez hitz egitea. Horretarako, guztiok onartu behar dute kolektibo bakar baten parte izatea. Gu ez gara espainiar edo frantziar kolektiboen zati. Beraz, ezin daiteke gehiengoez eta gutxiengoez hitz egin.

hauteskundeakHemen hauteskundeak egiten direnez demokrazian bizi garela uste dugu. Hori falazia ikaragarria da. Demokrazian, hauteskundeak funtsezkoak dira, baina hauteskundeak eta demokrazia ez dira gauza bera. Guk gure hauteskunde propioak antolatzeko gai garenean izango dugu demokrazia.

Gure hauteskundeak gure estatuak antolatu behar ditu. Orduan esango dugu noiz eta non egin behar diren, nork eman dezakeen botoa, nor aurkez daitekeen; gureak izango dira komunikabideak, gure herriaren zentraltasunarekin lan egingo duten komunikabide nazionalak, eta kanpoko armadak ez du baldintzatuko boto emaileen iritzia, bortxak sortzen duen beldurra erabiliz.

Lehenik independentzia lortu eta, ondoren, hauteskundeak antolatu; hori da ordena. Independentzia baita demokraziaren abiapuntua, eta beraz, erabakitzeko eskubidearen oinarria. Demokraziarik gabe erabakitzerik ez dagoelako.

Independentziarako bidea argitu eta hauteskunde propioak antolatuko dituen erreferentzia nazional bat sortu behar dugu urgentziaz.

Berriro hauteskundeak

6 pentsamendu “Berriro hauteskundeak”-ri buruz

  • Eman bazka eta isildu egia.

    Ados zurekin Ainhoa,…urgentziaz.

  • Ederto, zer behar dugun esanda dago: hauteskunde propioak. Orain BAKARRIK falta zaigu nola, nork, norekin eta noiz jakitea. Eginda zegok/n!!! Eta bitartean botorik eman gabe, suposatzen dut. Espainolei leku guztiak libre utzita? Pufff!

    • Zorionak artikuluaren egileari, gauzak hain argi azaltzeagatik:
      “Independentziarako bidea argitu eta hauteskunde propioak antolatuko dituen erreferentzia nazional bat sortu behar dugu urgentziaz”.
      Independentziaren bidea argitzeko, azken 40 urteotan egindakoak askatasuna lortzeko emandako emaitzak begiratu besterik ez da egin behar, zer eta nola ez den egin behar jakiteko:
      “herri-zatiak gero eta urrunago daude bata bestearekiko”
      “indar erlazioa ez da aldatu”
      “gero eta integratuagoak gaude sistema arrotzetan”
      Eta hauteskunde propioak antolatuko dituen erreferentzia nazional bat sortzeko badira ideia batzuk; zurea ekarri nahi baduzu, helburuak hobeto lortzen dira helburu berdina dutenen arteko elkarlanean.
      Galderak egiten hastekotan, galdetu 40 urteotan herria egoera tamalgarri honetara ekarri dutenei ea independentzia nola lortzen den eta hurrengo urratsa zein den.
      “Espainolei leku guztiak libre utzita? Pufff!”.
      Nork agintzen du, libre utzi gabe ere, betebeharreko legalitatea beti espainola bada? Zein urrats eman daiteke independentziarantz legalitate hori bete behar duen erakunde baten barnean?

  • Jar dezagun adibide gisa, Maputxeak eta Chileko gobernua. Maputxeak bertakoak dira besteak berriz, kolono espainiarrak edo beranduago beharrengatik joandakoak. Gure kasuan berdina gertatzen da, Nafarroaren kolonizazioa. Maputxeak hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea eskatzen dute baina Chiletarrek ez diete usten. Maputxe indigenak Chileko jerarkia inposatzailean sartzea irreala iruditzen zait, euskal herrian berdina pasatzen da, zergatik sartu espainiako jerarkia batean, eskubide guztiak jerarkia horretan gora goazela moztu egin behar badigute. Baina ni hala ere bozkatzera joaten naiz, exerleku hori bestela espainiar kolono batek hartuko duelako. Parlamentu propioa behar dugu eta parlamentu propio hori lor daiteke baia bozkatuta edo baita etxean geratuta ere, Ni “euskadiko” parlamentuan exerlekuak okupatzearekin ez zait nahikoa iruditzen, bide guztiak zabaldu egin behar dira.

  • Peru Dulantz 2016-09-21 12:02

    Alice in the Wonderland, eta momenturik hoberenean. Espainolismo kosntituzionalista belarriez txaloka irudikatzen ari naiz.

  • Har ditzagun CUP ak adibide. Madila ez doaz, sekula ere ez. Penomenal. Baina autonomia katalanean, espaniar tingladoaren zati, ez ahaztu, beren lekutxoak txintxo-txintxo okupatzen dituzte. Ondorioz, espainiar estatuari egindako mina, o,o; estatuaren egitura sendotzea, berriz, neurrikoa. Bestelako eredurik? Proposamen egingarririk? Nik aspaldian daukat argi nola EZ den eraikitzen estatu propioa, baina inork ere ez dit erakutsi nola eraikitzen den halakorik ditugun indarrekin., eta artikulu honetan ERE horren arrastorik txikiena ez dago.