Ez gara horren inportanteak; inor gutxik begiratzen digu jada

Ez gara horren inportanteak; inor gutxik begiratzen digu jada –

Zenbat eta zenbat gauza egiten ditugun besteek beroietaz zer pentsatuko! Are gure golkorako zenbat eta zenbat isilezko barne hausnarketa eta pentsamendu ez ditugun sortzen eta zer-nolakotzen besteen belarri-zuloetarako ahotan harturikoak bailiran! Zenbaiteraino ez garen garen modu-modukoak ume-umetandik egun arte gure nia, gure nitasuna, besteen behako nekaezinek, zizelkatu eta zizelkatu dutelako. Zenbat eta zenbatetan, ezein begirada zelataririk ez dagoelarik ere, berorren guztizko absentzian, ez dugun gure barnean inoizkorik presenteen sentitzen berau, bere absentzian are irmoago sentitu ere, are gogorrago ere, aurrez aurreko haragizko benetako begirada krudel eta errukigabeena gain-gainean dugunero baino.

Mundualdi osoa, edo kasik osoa, geure burua besteengana emanda, ad extra, gugandik kanpora emanda igarotzen dugu. Horren gainean aritu nintzen aurreko egunean. Betiro “gu gugandik iheska”, beti ere beti gurea ez den kanpo begi batek gure egitekoen eta izatekoen nondik norakoak zehazten dizkigutelarik. Sekulan ez, edota bizialdian oso-oso sartuak egon arte behintzat ez, gure barruan dagoen eta geure-geurea den begi intimo horri kasu zipitzik ez diogu egin ohi. Paradoxikoa lirudike, baina halaxe da; bizialdi osoan barrena gugandik iheska ibili ohi gara, une oro geure buruarekin bakarrean ez egoteko ahaleginak eta bi egiten.

Azkenerako, eta berandu baino lehen, harrapatuak izango gara, ezin izango diogu egonarri ezin handiagoko geure buruari tranparik egin, hori nioen goian aipatu nire aurreko testu horretan. Hau berez gertatuko da, berandu baino lehen geratuko zaigu. Etorkizun den gertakari horrek bere onena emango badigu, hobe genuke guk geuk, aurrez, lehen baino lehen, edo oraintxe puntuan hobe, aurreratuko bagina, aurreratuko bagina eta bizi gaituen egoera honi behingoagatik zinetan kontu egingo bagenio.

Hau baina, uste baino askoz samurragoa da. Hasteko eta bat, ez genuke pentsatu beharko barneratzea, norbere buru-baitaratzea, lortze alderako eginahal apartarik egin beharko dugunik; ez, askoz samurragoa dugu kontua. Ez dugu berez aparteko deusik egin behar. Zerataz bestez ez gara konturatu behar; ez gara uste dugun bezain inportanteak, besteek aspaldi utzi zioten guri begiartzeari, edo, gutxienez, horren irmo eta atergabeki guri begiratzeari. Besteen begiradez “hustu” behar gara, besteez hustu ere, gu-geu izateko, gu huts-hutsik, gu besteez husturik. Ez gara horren inportanteak, inor gutxik begiratzen digu jada.

Lagun ukoaren begirada errukigabea espero zenuen horretan-horretantxe,
zaizu alboz albo ezin axolakaitzagokiro pasa,
kasik begiratzen ere ez dizularik,
kasik begirada ere izateko gutxienekorik ez duelarik,
zaizu pasa, bere indiferentzia guztizkoan pasa ere,
Eta orduan dihardukizu ezin krudelagokiro
esperoan zenuen begiradak,
zure gaineko zeure begiradak.
…………………………………………
Bere absentzian benaz eta zinez eramangaitza zaizun begirada,
hori duzu zinez gainetik ezin kenduta daukazuna,
albotik, axolakaitz, arinki…
inoiz igarotzen ez zaituena,
zure gaineko zeure begirada…
………………………………………………
Jada besteen begiradak gainean ez ditudanean,
naiz konturatzen,
nire begirada,
neure buruaren gaineko begirada, neure begirada,
ezin dudala inoiz saihestu.
…………………………………………..
Begira guztiek jada begiratu dizutenean,
begirada guztiak jada pasa direnean,
begirada guztiez jada gogaitua zaudenean,
orduan topatuko duzu zure gaineko begirada,
bere begirada gainetik inoiz kentzen ez dizun begiradarekin.
……………………………………………………………
Zeu zeure begiradari so eginez,
zeure begiradaren aurrez aurre estrainekoz
begirada berri bateranzko argi bat zaizu ernatzen.
……………………………………………………………
Bere absentzian da zinez gogorrena begirada!

Igor Goitia

Ez gara horren inportanteak; inor gutxik begiratzen digu jada

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude