Ez dituzu igande arratsaldeak gorroto
Ez dituzu igande arratsaldeak gorroto –
Giltzak morroilotik atsekabez sartzen ditu igandetan. Arratsaldea da eta amarekin bazkaltzetik dator, asteburua bukatutzat eman duenean.
Igandea iganderoen egun zoragarri, familiar eta dibertigarria da, baina beste batzuentzako igandeak kontrako eztarritik joaten diren egunak dira, batez ere arratsaldea eginda dagoenean.
Astelehen laboralaren aurreko egunari buruz idazteko proposatu zidan behin Maiderrek. Word Txuriaren krisia kronikoa bihurtzen ari zaidan honetan, gai aproposa iruditu zitzaion, lankideekin sarri ateratzen zelako. Sentipen antzekoarekin bizi dute igande arratsaldea eta hori guztia taldean askatzen dutenean erruaren zamaz arindu egiten dira.
Errua lanera joan nahi ez dutelako.
Desiragarri izan daitekeen lan eta soldata duina duen horretara joan nahi ez dutelako.
“Ez duzu astelehena gorroto, kapitalismoa gorroto duzu” esaldia dezente famatua da sare sozialetan ibiltzen garenontzat. Astearen lehen egunaren eta horrek eragiten duen ezinegona modu egokiago batean bideratzera egina dago. “Errua ez da zurea, errua sistemarena da” analisia egiteko gonbita da (hau kasu askotan oso azaletik hartu behar da ere).
Maider negarrez aurkitu izan dut igandetan, igande arratsalde askok mina ematen diotelako. Ez diolako, ezeren gainetik, astelehenari aurre egin nahi. Hurrengo eguneko arropa eta bazkaria prestatzen hasi eta korreoak, laneko mugikorra eta bestelakoak gainbegiratzen ditu. Jai eguna bukatutzat du eta oraindik 12h falta dira lanera joateko, baina lanean pentsatzen hasi da jada.
Halako batean astelehena dator. Goiz esnatu eta produktiboa izaten hasteko eguna. Baina badaude lankideak asteburu guztia ere gauza produktibotan pasa dutena, mila plan, mila abentura, mila kontzertu, mila bazkari. Familia zoriontsu iganderoek euren planak kontatuko dizkizute, gero eta plan gehiago orduan eta bizitza produktiboago. “Ez duzu denborarik galdu, ez” esaten diezu zuk sofan botata ezer egin gabe bi egun oso eman dituzulako errudun sentitzen hasten zarenean. Kontxo, zure denbora librean ere, ez zarelako produktiboa izan.
Mila miloi plan horiek egiteko nekatuta zaudelako eta ez duzu ezer egin, ezin zenuelako ezer egin, astelehenean produktiboa izateko betebeharra/obligazioa duzulako ziurrenik.
“Sistema honek gaixotu eta hiltzen gaitu” lelopean egin zuten mobilizazioa Euskal Herriko sindikatuek apirilaren 28an, Laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko egunean. Sistemak hiltzen zaitu, beste gauza askoren artean sistemaren produktibitate derrigortuak zapaltzen zaituelako.
Asteburuak aste tarte bezala itogarriak dira, produktibitatea ere denbora libreraino sartuta daukazunean. Astean zehar lan egiten duzu asteburuetan ordu gutxi batzuetan zehar lan egiten ez duzula gogoratzeko (bizitzeko). Aisialdia denbora librearen oinarria dibertitzeko eta ondo pasatzeko erabiltzen da, baina batzuetan bizitza bizitzen ari zarela sinisteko entretenigarria ere bada. Horregatik askotan, asteburuaren magia hori alkoholak eta sozializazioak emandakoa ordu batzuetara mugatzen da, eta igande arratsaldea iristen denean, ordua amaitu dela eta Errauskine kapitalista bat zarela danbatekoz jasotzen duzu.
Zure denbora librean ere bikotea aurkituko duzu, noski. Orain da garaia. Ez baita kasualitatea Irantzu Varelak aipatzen zuen bezala, bikote harreman finko eta iraunkorrak aurkitzeko edo bizi proiektuak partekatzeko momentua gaztaroa izatea. Maitasun erromantikoaren hizkera erabiliz, ez da kasualitatea zure laranjaren beste erdia, sistemarako produktiboenen zaren garai honetan topatzea.
Etorkizuna proiektatzeko beharrarekin hasten zara eta ezin diozu produktibo izateari utzi. Lana ez ezik, sistemari haurrak emango dizkiozu, etxebizitza erosiko duzu, lanpostu finko iraunkor bat topatzen saiatuko zara eta azkenik, ate handitik helduarora salto egingo duzu.
Eta orduan astelehenak eta astearteak eta asteazkenak eta ostegunak eta ostiralak eta larunbatak eta igandeak (gehiago) gorrotatuko dituzu.
Baina momentuz, gaur ostirala da, gozatu asteburuaz!
Egun on. Ulertzekoa da lan egutegiak batzuengan sortzen duen ezinegona, baina badago sinplismo analitiko bat produktibismo kontzeptua edonola aisialdira garraiatzen dugunean. Egia da gizarte egitate guztiek elkarreragina daukatela, baina aisialdi denboran “denbora aprobetxatu nahia” eta kapitalismo berantiarrak banakoari inposatutako lanaren etika produktibista gauza ezberdinak dira zeharo, aplikatzen duten batzuk badiren arren. Noski aisialdia lanarekin bat datorrela dela eguneroko egutegia antolatzerakoan, baina “produktibismo” logika ezberdinak dituzte. Psikokritika txiki bat eginez, uste dut pertsona batzuk minduta sentitzen direla besteek haien denbora librea nola erabiltzen duten ikusita, haien osasun mentalean eragina duelako. Ulertzen dut depresioak jotako pertsona batek domekan ezertarako nahirik ez izatean eta besteek haien denborari nola zukua ateratzen dioten ikustean, ispilu bezala erabiltzen baditu, ezinegona sentitzea. Berdin gertatu zen pandemia garaian, gizen-aktibistek sare sozialetan haien etxeko entrenamenduak igotzen zituztenak kritikatzen zituztenean pertsona lodiak eta bestelako gorputz irudiaren disforiak zituztenak mintzen omen zituelako. Ez nuke nahiko esandako guztia zaurgarriak diren pertsonek irain modura hartzea, baina iruditzen zait batzuetan artikulu hauek haur purrustadaren mailan jarri daitezkeela, tamalez… Sistema gora eta sistema behera, hitz hori sekulako petxeroa bihurtu da batzuetan aipatzeak zentzurik ere ez daukanean.
Denbora… egun, ordu eta segunduak, konbentzio hutsak, bizitza enkapsulatzen dutenak, ordenatu, zentzutu, … Urtaroak, belaunaldiak, nahiago nik … «Carpe diem quam minimum credula postero». «Eguna aprobetxatu, etorkizunean ahalik eta gutxien konfiatu» …