Word txuriaren krisia

Word txuriaren krisia –

Word txuriaren krisi batetik atera berri naiz. Normalean gizarte mailan orri txuriaren sindromea ere deitzen zaio fenomeno horri. Nire kasuan, aspaldian boligrafo bat hartzen ez duen nazkagarri horietako bat naizenez, sindromea Word formatuan azaldu zait, eta bi eguneko krisi egoeran.

Egun oso bat eman dut distira toperaino zuen pantaila txuri baten aurrean, bi hitz jarraian kateatzeko gai ez. Seguru naiz, dioptria ere igo zaidala. Horrekin asko haserretu naiz ze hurrengo asteazkenean bederatzietan, optikoarenera joan beharra daukat eta badakit errieta jasoko dudala.

Orduek aurrera egiten dute Word txuriaren krisia Word txuriaren fobia bihurtu da: ideiek ez dute orduan ez zentzurik, ez kontsistentziarik, ez iritzirik. Hara! Hor konturatzen naiz arazoa iritzia dela, iritzirik ez dudala, iritzia emateaz nekatu naizela, iritzia galdu dudala, akaso?

“Kroketak afaldu nahi ditut” idaztea okurritu zait, badaukat behintzat zerbait orri txuriaren madarikazioa hausteko. Bueno, eta hau ere iritzi bat bada, ez? Beraz, nahi, desio goxo honekin aurrera ea bexamelaren oroimenetik zerbait ateratzerik dudan. Gosea sartu zait, hozkailua hutsa dago eta igandea da, baina tira. “Erosketa egin”. Kontxo, sei hitz, ia esaldi bat.

Korreo elektronikoa freskatzen pasa dut goiza eta ezer. Internet joan dela ere pentsatu dut, onartzen ditudan cookies eta inskribatu naizen toki guztiak eta gero, nola ez zaidan egun-puta-osoan gogaituko nauen publizitaterik sartu. Eta hortxe Inditexen korreoa. Amantziok ez du inoiz huts egiten. Forbes munduko aberatsenen zerrendan hamargarrenetik hamaikagarren postura jaitsi denetik urduri ibiliko da ziurrenik.

Aizu, Inditexen inguruan hitz egin dezaket, kontsumo gizartearen zurrunbilo honetan ditugun kontraesan horiei buruz. Batetik bestera izenburu panpoxoa sortu diot eta guzti. Baina orain serio, norbaiti interesatzen zaio nik horren inguruan dudan iritzia? Ba noski ezetz. Barkatu, akatsa. Ez noski*. Nik whatsappean ez dut konfunditu naizen bakoitzeko konbertsazioa borratzen eta horren kontrako jarrera irmoa dut. Transparentzia kontua, besterik gabe.

Aurrekora bueltatuz, ideia hau nahiko maiz pasatzen zait burutik. Edozer idatzi aurretik buelta eta buelta ibiltzen naiz, esaldiok nitaz aparte norbaiti gehiago interesatuko zaizkiola pentsatzea oso ausarta iruditzen baitzait. Iruzurgilearen sindromea pentsatuko du baten batek, baina horretarako testu hau baina gauza hobeak ere idatzi behar dira aizue.

Word orri txuriaren fobiatik Word txuriaren paralisira egin dut jauzi eta momentu horretan nire garuneko ideien biltegia estimulatzeko ekintzak hasi ditut. Higienearekin nituen konpromezuez gain, dutxara ideia bila sartu naiz. Ahaztua nuen ur beroegiarekin dutxatzen naizela eta bertatik ia zorabiatuta eta pultsu gabe ateratzeko joera masokista dudala. Hori bai, gero ez galdetu talasoterapia batera joan nahi dudan edo ez, axolagabea, badakizu tentsio baxua dudala, nola ausartzen zara, zenbat aldiz esan behar dizut gaizki pasatzen dudala.

Orduak joan orduak etorri, ia gaua da berriro eta pentsatzen hasia naiz agian oportxo hauetako denbora libreak freskotasuna kendu ote didan, baliteke eguzki azpian edan ditudan garagardoen kontua izatea? Ardora pasako naiz, heldutasuna performatzea zaila da eta horrek dezente lagunduko dit.

Hara! ba tonto-tonto orrialde oso bat idatzi dut. Oheara noa.

Zaindu!

Word txuriaren krisia