Ez dago speedik San Ferminetarako
Ez dago speedik San Ferminetarako –
“Speed” hitzak, jakingo duzuen bezala (nik beti aintzat hartu behar dut despistaturen batek irakurri dezakeela hau) “abiadura” esan nahi du ingelesez, eta euskal gazteriak asko erabiltzen duen hizkuntza mailegua da; eta “euskal gazteria” esaten dudanean, esan nahi dut “Euskal Herriko gazteria osoa”, ez gure jendea bakarrik, leinu sozial denak barne: UPN-ko señorit(o)ak, jeltzaleak, pasotak, ezker abertzalekoak, jakobino nazkanteak, akratak, poligoneroak, skinetoak, rastafariak, Gure Esku Dagokoak, raperoak, skaterrak, surferrak, Irrien Lagunak, hipsterrak, milenialak, youtuberrak, kirolariak, fofisanoak, frikiak…
Anfetaminaz ari gara (ez egin barre, agian despistaturen bat egon daitekeela, kopon). Toki gehienetan speed izenez ezaguna izan arren, baditu tokiko adierak: pitxua, makatza, zerrahutsa, garratza, esparta, piz, pinini, pinipon, filipon, horixa, mortadela, pozoixe, eskama, eskaiola, arrastoa, parrazta … Barra-barra eta barraz barra kontsumitzen den hauts zuriaren prezioa (Brent kupela eta Tokioko burtsaren arabera) 15 eurokoa da gramoko. Kokainarekin alderatuta merkea eta eskuragarriagoa da, azken honen prezioa 60 eurokoa baita gramoko; kabiar iraniarra baino apur bat gehiago, funtsean.
Euskal Herriko taberna-kabernak hormak eskalatu eta sabaitik zintzilik jartzen diren Speederman eta Speederwomanez betetzen dira, ipur-masailez gain masail-hezurrei ezin eutsirik. Aurten, ordea, zailagoa izango da (ez ezinezkoa, hori ziur), hainbeste lagunen parrandarako gasolina eskuratzea: speederman estrategiko batzuk poliziaren sareetan erori omen dira. Bederetzi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, eta purutasun maila handiko 54 speed kilo bereganatu dizkie Guardia Zibilak; guztia San Ferminetara bideratzeko asmoa zeukaten. Egin dezagun ariketa azkar bat:
15 euro (giriei 30) x 1.000 gramo = 15.000 euro kiloa
15.000 x 54 kilo: 810.000 euro.
Purutasun handikoa bada edozer gauzarekin nahastu dezakete, pisua handitzeko, eta beraz, Okupazio Sailaren (Gobernu Delegaritzaren) arabera, bi milioi euroz gaindi legoke errekisatutakoaren balioa.
Baina benetako speed-aren jaun eta jabeak, gidari nagusiak, “puto amoak”, lagunarteko kale hizkuntzan, ez dira horiek. Egiazkoek speed gehiago maneiatzen dute, 300tapiko kilometro ordukoa; eta bi milioi eurorekin muturra garbitzen dute beraien 10.000 milioi euroko otorduarekin jarraitzeko. Bai lagunok. Goenkalen esango zuten bezala, “putanarruko kaka ona”, marmitakoa egosten den lapikoa, Speed Handiko Trena da, AHT bezala ezagunagoa.
Ez dakit badakizuen nor den Arantxa Tapia. Sekziotxo bat dauka Gaur Egun eta Teleberrin, egunero eguerdian eta gauean, bizpahiru, hiruzpalau edo lauzpabost minutuz, eta bertan gauza asko azaltzen dizkigu: “euskal ekonomiaren hazkundea”, “Euskadiren lehiakortasuna”, “%2,47aren %85a igoko dela %36,2ko probalititateaz”… Nuria Lopez de Gereñu bezala, Tapia jo eta su ari da “Basque Speed 4.0“-aren gaiarekin.
Proiektuak kontrakotasun handia pizten zuen, eta pizten du. Euskal Herria goitik behera txikitu duen alferrikako astakeria hutsa izan da, eta hori gutxi balitz, gorputzik hartzen ez duena. Apokalipsiaren eguna baino gehiago atzeratu da. AHT-ko aurrekontua eta utopia antzekoak dira: bi pauso hurbiltzen zarenean, bera bi pauso aldentzen da. Akuifero ugari lehortu ditu. Langileen egoera negargarria da.
Horretaz gain, bere garaian makina bat arrazoi asmatu behar izan zituzten, herri burusoil honi urrezko orrazi hori saltzeko. Tartean, “merkantzien garraioa”, eta horrela, kamioi mordo bat kendu zituztela errepideetatik. Beno, ba dirudienez hori ere ez. Bidasoaren alde penintsularrean Madrilek agintzen du, eta Madril bidaieriez mintzo da, ez merkantziez.
Beraz, aurten ez da izango speedik San Ferminetan, ez Nafarroan (ataskatuta), ez EAE-n (atzeratuta eta gainkostuekin), ez Ipar Euskal Herrian (beste kolpe bat jaso du proiektuak); ez eta datorren urtean; ezta hurrengo urtean ere. Baina dirutza galtzen jarraituko dugu, aurten, datorren urtean eta hurrengoan.
Zure sarrerako esaldi batek zirikatu nau, antzeko guztien moduan, eta pozik hartuko nuke zure azalpena gure terminoaren inguruan diozunean:
«“euskal gazteria” esaten dudanean, esan nahi dut “Euskal Herriko gazteria osoa”, ez gure jendea bakarrik».
Ikaragarri gustatuko litzaidake jakitea zein izendatuko zenukeen kasuan gure jende, ez dakit ari zaren ZuZeuko arduradun-edo jendeaz, ZuZeuko irakurleez, edo bestela…
Gura bazenu, nik bihotzez eskertuko nizuke ausardia…
Aupa Bittor:
Bai noski, inongo arazorik gabe, ea hitz egokienak aukeratzen ditudan, hiru puntutan.
1.- Asko eztabaidatu da zer den “euskal artea” eta zer ez, edo “euskal musika”. Niretzako, “euskal gazteria” da euskaraz komunikatu banaiteke, bestela ez; gainontzean, diodan moduan “Euskal Herriko” gazteria da. Pentsatzen nuen irakurleak ez zuela hori deszifratuko nik ezberdintasuna markatu gabe.
2.- Kontua da askotan erabili dela (eta aitortzen dut, dudala) “euskal gazteria” termino zabal eta orokorra askoz ere txikiagoak diren sektoreak definitzeko: “euskal gazteriak ez du eraso hau onartzen”, “euskal gazteriak ez dio bere hizkuntzari uko egingo”, “ez duzue euskal gazteria geldituko”… Uff, euskal gazteria gazte mota ezberdin asko dira, zoritxarrez eta zorionez. (bidez batez, hau mundu guztiak egiten du, EAJ-k, edo PP-k, edo EH Bilduk “euskal gizarteak nahi duena…” diotenean, adibidez)
3.- ZuZeu euskaraz mintzo garenon topagunea da, eta “gure” erabili dudanean, zutabe berbera konpartitzen duen audientzia hetereogeneo horri zuzendu nahiean ari nintzen: euskara jendeari. “Gure” asko daude, baina niri dagokidanez, eta idatzi honen testuinguruan, hortik nihoan. Ez ulertzeko soilik gazte euskaldunetaz ari nintzela.
Espero dut azalpena balizkoa izatea, ondo bizi.
Barkatuko ahal didazu orain arte ez sartu izana
zurean, baina…
Diozu espero dezula zure erantzuan ‘balizkoa’ izango dala, eta pentsatu det ‘baliozko’ esan nahi ote zendun, baina ez zait baliozkoa eta bai balizkoa.
1. Batetik, ez nizulako galdetzen zer esan nahi zenuen ‘euskal gazteriaz’, ze hori garbu zenioen artikuluan.
2. Eta ‘gure jendea’ aipatzean, orain diozu ‘euskara jendea’ aipatu nahi ote zenuen, baina artikuluan ez dirudi batere hala ‘gure jendeari’ kontrajartzen dizkiozunean, ez ‘erdara jendeak’ baizik eta hizkuntza aipamenik batere barik: UPN-ko señorit(o)ak, jeltzaleak, pasotak, ezker abertzalekoak, jakobino nazkanteak, akratak, poligoneroak, skinetoak, rastafariak, Gure Esku Dagokoak, raperoak, skaterrak, surferrak, Irrien Lagunak, hipsterrak, milenialak, youtuberrak, kirolariak, fofisanoak, frikiak…
Edota aipatzen dituzun hauek guztiak ezin dira ‘euskara jende’ izan, edota ‘weuskara jendea’ ezin gaitezke talde horietakoak izan, edota beste ni freudiar batek egin zizun ihes ‘gure jende’ hartan, edo…
Ez dakit jarraitu nahiko dezun hitz-alperrean, baina nik estima bat badizut eta…
Itzaletik ibiliko zarelakoan
Egun ona izan
Bittor
AHTaren gramu bat askoz garestiagoa ateratzen da ta gutxiagorako baio du.
Merkantziarena iruzur hutsa da, ez da gaur egun existitzen merkantziak AHTaren abiadurara garraiatzeko teknologiarik. AHTa merkantziak jarraiatuko balitu, bere abiadura izugarri murriztu beharko luke, gehiago gurean bira mordo daudenean.
AHT baten bagoi 1k jendez beteta 2000 kiloko karga balitz, berdina merkantzietan 10 000 kilo izan like edo gehiago, froga dezaten 300 km orduko horrelako pisuarekin edozer garraiatzen ta trena errailetatik aterako da.
Ta hori lehen momentutik zekiten, ze gaur egun ezin bada, AHTa eraikitzen hasi zirenean gutxiago.
Villabonako lagun batek esan zidan behin ezen han esaten diotela “belozidadea”.
Baina bolada honetan ba omen dabil beste droga arrakastatsu bat, Prestazio Handiko Trena delakoa, honek bai, pertsonak nahiz merkantziak garraiatzeko balio omen duena…