Euripean goxo-goxo

Euripean goxo-goxo –

Gaur bezalako egun euritsu, umel, hodeitsu-ilunetarako nituen propio pentsatuak ondorengo olerki hauek. Eguraldia kaskarra medio, berez eta teorian gustuko edo aldeko izateko moduko ez diren egun horietan, badirudi giroak halatsuko aldartera ere lerratu beharko gintuzkeela, alegia, ilun-triste, kopetilun egotera, iluntasun eta tristezia aldera. Areago, guk deusik ere pentsatu aurrez, guk deusik ere erabaki baino lehen, badirudi barne indar oharkabeko batek gaituela eguraldiaren beltzarekin bat egitera bultzatzen, eta berorrekiko errespetuz-edo, berorri fidela izan, eta geuk ere beltzetik jotzera, askotan beltzegi ere.

Nago egun gris-euritsuek aldartez bateratzen gaituztela gehiago eta hobeki, berez, justu kontrako norantzan diharduten egun urdin-oskarbitsuek baino. Kanpoko beltzak sinkronizatzen al ditu hobeki gure barneko beltz partikularrak, bestelako argixeagoek baino? Hala dirudi, tamala bada ere. Kontu antropologikoa izango da, zer egingo diogu bada!

Kontuak horrela, kanpoko eta barnekoaren arteko kontrasteak egun honelatsukoetan du bereziki dirdira egiten. Egun ezin aproposagoak ditugu norberak barne eguraldiaren zer-nolakoa sakonago sentitu-bizitzeko. Kanpoko eguraldiaren oskarbitasunak dagien azaleko argiak ez gaituenean despistatzen, ez gaituenean azaletik asebetetzen, orduan zabaltzen zaigu zinezko parada barne eguraldiaren epelaz, oskarbi egonez gero, gozatu ahal izateko, eta, nola ez, bidenabar, gure antizikloia kanporatzeko eta beltzean ari diren gure gizartekideekin partekatzeko.

Egun lanbrotsuetan ditut zinetan sentitzen nire barruko ostarteak.

Egun gris eta lainotsuetan hautematen dut are nabarmenkiago ere nire barrunbe oskarbitsua,
nire arima urdina,
nire niaren sakon eguzkitsua ….

Gogoa eta nahikari irrikatsuak du dena oskarbitzen,
du egun ilunak argitzen,
du gorako aldapak beherako bilakarazten,
du mendiak lautada bihurtzenen,
du ilunpea argi bilakatzen,
gogo irrikatsu eta baikorrean ez baitago luzez gauez egoterik.

Egun gris, zeharo gris batetik ari natzaizu mintzo.
Egun gris hodeitsu umel ilun ezin tristeago batetik nabilkizu hizketan.
Testuinguru honetatik doakizu nire hizketaldi idatzi hau.

Zu, berehalakoan, gris horretatik nabilkizula mintzatzen ikusirik,
triste, oso triste eta kopetilun nabilkizula uste izango duzu.
Kontatu behar dizudana entzun baino askoz ere lehenago, aurrez, kontatutako deusi arreta apurñorik ere eskaini gabe,
triste,buru-makur, etsi-etsita nagoela pentsatuko duzu.

Eta niri, hortaz, nik esanikoari bitartean, kasu zipitz-ziptzik ere ez,
Nire gerorako azalpen gehigarriak ere, zeharo soberan,
Edozein hitz soberan.

Eta nire burua azaltzeko ahaleginak eta bi egin eta gero,
azkenera, azken-azkenean, orduan bai tristetuko naizela,
orduan bai geratuko naizela triste eta kopetilun,
batere konprenitua, batere ulertua ez naizelako izan,
zeharo etsita, zeharo jota,
Eta eguna… bien bitartean, argitzen joango da, oskarbitzen alderik alde… baina niri, orain jada, egia aitor, zinetan bost axola.

Euripean goxogoxo

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.