Etxea, lurrari ongi lotua
Etxea, lurrari ongi lotua –
Umeetako abesti batek bazioen gure etxeko patioa bustitzen zela, euria egiten zuenean. Ez dut sekulan oso ondo ulertu abesti horren letra, beste gauza asko ulertu ez ditudan bezala. Ba noski bustitzen dela euria egitean, eta elurrez bete neguko egun hotzetan, eta sugandilak ibili udaren beroan. Gure etxea, besteena bezalakoa da, ez hobea ezta txarragoa ere, baina geurea.
Urteetan zehar etxe bat izan dugu guk, leihoren bat falta zitzaion, pintura esku bat beharko lukeena, teilatuan zulotxo txikiren bat, nik zer dakit, konponketa batzuk behar zituen. Gure etxea zen ordea eta goxo bizi ginen bertan, batzuetan, udaren gogorrenean, beroak gogor jotzen zuen, eta neguaren hotzenean, izoztuta gelditzeraino sartzen zitzaizun gorputz barruan, ziztada bat bezala. Haize bolada fuerteek ateak parez pare irekitzen zituzten batzuetan eta beste batzuetan irekitzeko zailtasunak genituen.
Gure etxea zen ordea eta zutoinak firme zituen, sendo.
Urteak pasa dira, eta etxe horren zutoinak ahultzen hasi direnaren sentsazioa dut, lehen sendo ikusten genuen hori, egun ahul sentitzen dut. Gogorki lotzen gintuenaren konbikzioa desagertzen joan da nire baitan. Etxean seguru sentitzen nintzen, ondo lagunduta sentitzen nintzen. Atea fuerte ireki eta fuerte ixten zenean barruan eroso nengoen. Baina gaur etxea dardarka sumatzen dut, ia-ia erortze arriskuan.
Etxea maite izan dut, maite dut oraindik, zintzoki maite ere. Ama hil zitzaigun, eta hala ere anai-arrebok aurrera jarraitzeko adorea izan genuen. Umezurtz sentimendu hori ez dugu gainetik kenduko, sekulan kendu ere, baina estuki loturik, etxea zutik iraun du.
Liskarrak izan ditugu anai-arreben artean, liskar gogorrak batzuk, lausoagoak beste batzuk, liskar eta enfrentamendu artean jo dugu aurrera, batzuetan, gehiegitan, gure artean; eta beste askotan, etxean arrotz zitzaizkigun horiekin.
Urteetan zehar-anai arreba ugari etxetik aldentzen ikusi ditugu, batzuetan, gehiegitan, euren borondatearen aurka, horiek ordea, urrun baina beti ere teilatu pean egon dira, hala sentitu ditugu, etxeko sukaldearen berotan.
Beste batzuk etxea borondatez utzi dute, egoerak gaindituta, espazio faltagatik edo etxeko lurrikara gora-beheratsu horiek mindurik.
Nire usterako, ordea, etxean lekua dago guztientzat, edo hala beharko luke. Etxe zabala da gurea, beti izan den legez. Etxe zabala, suaren gozotan berba ikaragarri luzeak egiteko aproposa, batzuetan minetik, bestetan esperantzatik. Gehienetan errespetutik, batzuetan zaintzatik.
Etxe honek konponketak behar ditu, baina asko gara bertan bizi garenak eta eskuak lanerako prest ditugu, beti izan ditugun bezala. Leihoak aldatzeko, paretak koloreztatzeko, itoginak lehortzeko. Atea zabalik uzteko, sartu nahi duenak bere etxean sentitzeko. Argi handi bat jarriko dugu sarreran, urrundu behar izan zirenak, etxerako bueltako bidea erraz topatzeko.
Eta zutoinak konponduko ditugu, ongi lotuta egon daitezen, ez dadin etxea erori, hainbeste lanez zutik mantendu den etxea, hala iraun dezan, lurrari ongi lotua. Amak, hainbesteko lan, sufrimendu eta negarrez baina baita, lagun, musika, kantu eta oihuz eraiki zuen etxe hau zutik iraun dezan. Gure ondorengoek ere, etxe erakargarria topatu dezaten honetan.