[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa II

Errogabetasuna eta nazioa II –

Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Mende honen azken laurdenean, patriaren nozioak, Frantziako langile klasean, sinesgarritasun guzia galdu zuen. 1934ko urtearen ondoren, hiru-koloreko banderaren eta Marseillaise erreserki elemenia baten medioz, komunistek patriaren nozioa indarrean jarri zuten berriro. Baina denbora guti gerlaren aitzinean, ez zuten demendreneko zailtasunik ukan berriro lotan jartzeko; Eta ez eiki zuten erresistentzia hasi patriaren izenean. Patriaren nozioa, berriz bereganatu zuten bakarrik hiru laurden urte derrotaz geroztik. Ondoren piskanaka bere egin dute osorik. Baina gehiekizko inozokeria litzateke hor ikustea egiazko batasun bat patria eta langile klasearen artean. Langileak, egia da, hiltzen dira patriararentzat, ez da, origaitzez, sobera egia baizik. Baina bizi gara gezurrez hain betetako  garai batean nun odola nahita isuriaren bertuteak berak ere ez duen lortzen sinesgarria bihurtzen.

Errogabetasuna eta nazioa II

Hainbat urtetan zehar, langileei errepikatua izan zaie internazionalismoa zela eginbehar sakratuena, eta patriotismoa burges aurreiritzi ahalgegarrienetarik bat. Gero beste hainbat urte zehar, errepikatua izan zaie patriotismoa eginbehar sakratuena zela, eta patriotismoa ez zen guzia trahizioa baizik ez zela. Nola ororen buru, langileak ez lirateke  maila arrunteko erreakzioek eta propagandak eraginduak baizik?

Ez da izango langile mugimendu osasuntsurik  ezbadu eskuragarri doktrina bat patriaren nozioari bere tokia, toki xedatua, alegia toki mugatua emaiten diona. Gainera doktrinaren behar hori nabariagoa da langileen artean zeren eta haiek patriaren arazoa aspalditik biziki eztabaidatu dute. Baina azkenean doktrina hori herri guziaren behar komuna da. Onartezina da eginbide hitzarekin kasik beti lotuta dagoen patriare hitza ez dadin kasik sekula izan azterketa serio baten gaia.

Azterketa horri dagokionez ez ohi da eskuarki aurkitu Renan-en orrialde txar bat  baizik.

Nazioa berrikitako datu bat da. Ertaroan, fidelitatea jauntxoari zor zitzaion, edo hiriari edo biei, eta harago zehazki zedarrituak ez ziren lurralde batzuei. Patriotismo deitzen dugun sentimentua existitzen eiki zen, batzuetan bizitasun maila biziki altukoa zen; sentimentuaren objektuaren territorioa ez zen beti ongi zedarritua. Zirkunztantzien arabera, sentimendua lur-eremu aldaketei egokitzen zitzaien.

Egia erraiteko, patriotismoa beti existitu da, historian atzera igo daitekeen garairaino. Vercingetorix zinez Galiarentzat hil zen. Tribu espainolak, batzutan txikizioraino erromatarren konkistari aurre egin zutenak, Espainarentzat zinez hiltzen ziren, berek hori bazakiten, eta hori erraiten zuten; Marathoneko eta Salamineko hildakoak zinez Greziarentzat hil ziren. Ordukotz Erromaren probintzia bilakatua ez zen Grezia  Erroma aldera aurkitzen zen, Alemania alderako Vichy-ko Frantziaren egoera berean. Greziako hirietako haurrek, karriketan, harriak botatzen zizkieten kolaboratzailei, eta “traidore” oihukatzen zieten, guk gaur Vichykoen aldera sentitzen dugun gaitzidura berarekin

Duela guti arte, sentimentu patriotikoari ez zitzaion sekula eskainia izan objektu zehatz bat eta modu jarraituan. Patriotismoa barreiatua zen, herratua, zabaltzen edo biltzen zen gogaidetasunen edo perilen arabera. Nahasia zen leialtasun desberdinekin, gizonen, jantxoen eta erregeen aldeko leihaltasun batzuekin batera, baita hirien aldekoekin ere. Osoak eratzen zuen zerbait biziki nahasia baina biziki gizatiarra ere. Norberak bere herriaren aldera zeukan obligazio-sentimentua adierazteko gehienetan erraten zuen «publikoa» edo «ongi publikoa», horrek kasuaren araberan erran nahi zukeen herriska, hiria, probintzia, Frantzia, kristautasuna edo gizadia.

Frantziako erreinuaz ere mintzatzen zen. Hitz horietan nahasten ziren herriaren alderako obligazioa eta erregearen alderako fidelitatea. Baina bi oztopok eragotzi dute sentimentu bikoitz hori sekula aratz izan dadin, baita Jeanne d’Arc-en garaian ere. Ez da ahantzi behar Pariseko populua Jeanne d’Arc-en kontra zegoela.

Montesquieu-ren hitzak erabiliz, lehen oztopoa zen Charles V erregearen ondoren, Frantzia gelditu zela monarkia bat izatetik despotismoan sartzeko. Hortik ez zen XVIII. mendean baizik atera. Hain bidezkoa zaigu orai estatuari zerga ordaindu behar izatea nun ezin dugun irudikatu zein nahasmendu moralaren erdian ohitura hori jarri ahal izan zen. Izan ere, XIV. mendean zergaren ordainketaren beharra, gerlentzako salbuespenezko kontribuzioetaz aparte, desohore bezala ikusia zen, bakarrik herri konkistatuei egokitzen zaien ahalgea, esklabotasunaren seinale ikusgarria. Sendimendu berorren adierazpena aurkitzen da “Romancero” espainolan, edo Shakespearen obran bezala: «Lur honek… egin bere buruaren konkista ahalgegarria

Charles VI haurrak, bere osebek lagunduta, korrupzioaz eta indarkeriaz  zerga onartzera  populua derrigortu zuen. Zerga erabat arbitrarioa zen, erregeak nahi bezala berrizta zezakeen, pobreak arrunt gosearazten zituen, eta jauntxoek zerga hori xahutzen zuten. Horregatik, hasiera batean, Henri V-en inglesak  askatzaileak bezala errezibituak izan ziren, Armagnac-tarrak aberatsen alderdia zirelarik eta Bourgogne-tarrak pobreen alderdia.

Orduz gero, Frantziako populuak, bortizki eta bapatean makurrarazia izan zenak, ez zituen independentzia bulta batzuk baizik ezagutu. Garai horretan guzian, beste europarrek frantses populua ez zuten begiratzen baizik eta populu esklaboaren eredua bezala, kabala bezala bere jabearen nahiari menderatua.

Denbora berean, populu horren bihotzaren sakonenean sartu zen eta finkatu erregeari buruzko gibelarazitako–eta horrenbestez latza egindako– herra bat, zeinaren tradizioa ez baitzen sekula itzali. Herra hori nabaritzen da jadanik Charles VI-ren denborako laborarien erreserki urragarrian. Parisen, eragina ukan zukeen Ligaren oniritzi herrikoian. Henri IV. erregearen erahiltzearen ondoren, erahil zuten Louis XIII tipiari berdin eginen ziokeela erran omen zuen hamabi urteko mutiko gazte bat. Richelieu-k, bere ibilbide publikoa hasi zuen hitzaldi batekin zeinean apezeria guziari eskatzen baitzion damnatzeko erregeak erahilen zituzten guziak. Horretarako, arrazoitzat ematen zuen, errege-erahiltze hori egingogo zutenak suhartasun fanatikoegiak hartuak zirela inolako gastigu lurtarrek arrasta ditzan.

Herra hori iritsi zen muturreko intentsitatera Louis XIV-ren erreinuaren amaieran. Herra horren intentsitate bereko terrore batek erantzun zuenez, herrak eztanda egin zuen, historiaren ohitura arraroaren araberan, alegia, laurogei urteko berantarekin, eta Louis XVI gaixoak zuen kolpea jaso. Herra berak zuen oztopo  egin 1815ean erreinua egiazki berrezaria izan dadin. Gaurko egunean ere, eragozten du Frantziako populuak Pariseko kondea libreki onar dezan, Bernanos bezalako gizon baten oniritziagatik ere. Alde batetik pena da, izan ere arazo asko horrela konponduko ziren, baina horrela da eta.

Frantziarren Frantziako erreinuaren alderako amodioan bada  pozoi iturri beste bat, hau da, denboraldi guzietan erregeari obeditu behar izan zioten lurraldeetan, populu batzu herri konkistatu bezala sentitzen zirela, eta egiazki horrela tratatuak zirela. Aitortu beharra dago mila urtetan konkistan aritu ziren gure berrogei erregeak gure garaian ezagutzen dugun bortizkeria berarekin aritu zirela. Erlazio naturala baldinbada arbolaren eta fruituen artean, beraz ez gara estonatu behar fruituak  perfekziotik hain urrun badira.

Adibidez,  Loiretik beheranzko lurraldeen konkistan bezalako  basakeria aurki daitezke Frantziako historian  baina, salbuespen bakar batzu izan ezik, konkista hori baino basakeria handiagoko gertakaririk ez. Izan ere, XIII. mende hastapenean, frantziarrek egin zuten Loire ibaiaz haraindiko eremuen konkista hori izan zen kasik parerik gabeko ala pare gutiko basakeria bat. Lurralde horietan baziren kultura bat, tolerantzia bat eta libertate,  ezpiritu bizitasun  maila altu bat. Erakusten zuten patriotismo bizi bat «lengoaia» hitzarekin deitzen zutenaren aldera; haientzat lengoaia hitzak patria erran nahi zuen. Haientzat frantziarrak ez ziren arrotzak eta basak baino, orai guretzat alemanak diren bezalakoak. Izu-ikara segituan eragiteko, hasteko frantsesek Beziziers-eko hiri osoa xehatu zuten, eta nahi zuten efektua lortu eiki zuten. Lurraldea behin konkistatuta, inkisizioa bertan ezarri zuten. Populazio horietan, nahasmen larri bat segitu zuen azpian bizitzen, eta horrek geroago bultzatu zituen suharki protestantismoaren besoetara. D’Aubigné-k zioen protestantismoa albigeois-etarik zuzenean zetorrela, haien doktrinarekin hain diferentea izanik ere. Ikus daiteke zein handia zen botere zentralaren kontrako herra, herri horietan,  Montmorency dukearen gorputzerako erakutsi errespetu suharretik, Richelieu kontra asaldatu izanagatik Montmorency-ri lepoa moztu ziotelarik.  Geroago, protesta gorde berak igorri zituen Iraultzaren besoetara. Are geroago bilakatu ziren radikal-sozialistak, laikoak, apezeriaren kontrakoak;  Aldiz III. errepublikarenpean, botere zentrala ez zuten gehiago hastiatzen, neurri handi batean hartaz jabetu ziren, eta ustiatzen zuten ere.

Ohar gaitezke, aldi bakoitzean, populu haien protestek errogabetzearen kutsu gero ta handiagoa hartu zutela; Ohar gaitezke ere populu haien gogoeta eta ezpiritualitate maila gero ta apalagoak bilakatu zirela. Ohar gaitezke, baita ere, konkistatuak izan zirenetik populu horiek kultura frantsesari ekarpen eskasa ekarri ziotela, konkista aurrean, libre zirenean, hain distiratsuak zeudela. Kultura frantsesak gehiago zor die frantses ez ziren XII. mendeko albigeoisei eta trobadorei, ezen ez eta ondoko mendeetan lurralde konkistatu horiek ekoitzi dioten guziari baino.

Errogabetasuna eta nazioa II Errogabetasuna eta nazioa II Errogabetasuna eta nazioa II Errogabetasuna eta nazioa II Errogabetasuna eta nazioa II Errogabetasuna eta nazioa II Errogabetasuna eta nazioa II Errogabetasuna eta nazioa II Errogabetasuna eta nazioa II Errogabetasuna eta nazioa II

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa II”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-11-21 11:36

    Azken paragrafoa SWen pentsamoldearen ezaugarrietarik bat da: Konkistatzaileek zuzenean eta zeharka endekatzen dute herri konkistatutako “gogoeta eta izpiritualitate maila”.
    Zergatik?
    Alde batetik, asimilaziorako hizkuntza politikagatik, konkistatzaileek kalte egiten diotelako konkistatuen gaitasun linguistikoari. Beraz haien hizkuntzan adierazteko eta sortzeko gaitasunari.
    Baina bestetik, horretaz ohartzen ez baigara larriagoa dena beharbada: libertatea, giro politiko librea, ezinbesteko erregaia delako inteligentziaren ariketarentzat eta beraz borroka politikoaren eraginkortasunarentzat ere.
    Bistakoa da konkistaren bi ondorio horiek osatzen dutela batera cocktailik pozointsuenetarik bat gure inteligentzia politikoarentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude