Etsipenaren tenorea
Izan zen garai bat, arazo guztiek konponbidea zutena. Aski zen amets egitearekin eta amets hori egiazki eta benetan sinestearekin, Le mari de la coiffeuse filman bezala: “zerbait lortzen ez baduzu, behar beste desiratzen ez duzulako da”.
Eta hala, Euskal Herri euskalduna nahi genuenok —eta desira horren aldeko olatuan baizik bizitzen ez dakigunok—, uste genuen arrazoi garbizko geure nahia auzoari kontatutakoan, apostolatu moduko baten bidez, ametsa gauzatzea lortuko genuela. Geure insistentziarekin.
Gerora ikasi genuen polikagintzarik gabe ez zela euskararik izanen. Balizko estatu proprio baten kulunkara utzi genuen, beraz, gure ametsa. Arrautza guztiak otar horretan sartuta, alegia. Errazagoa baita hori errealitatea iraultzen hastea baino, batik bat, herritarra bera denean irauli beharreko subjektua.
Eta poz handia hartzen genuen zuk eta nik Israelgo eredua egiaztatzearekin (bai, Israelgoarekin, ez ukatu orain halakorik, ez esan orain ezetz), erakusten baitzigun bide onean geundela, estatuaren lorpenak berarekin zernahi eskura zezakeela. Han bezala hemen.
Hala ere, beste Israeltzale batek, Txillardegik, euren epelkeria leporatzen zienean Sinn Feineko borrokalariei (“zertarako behar duzue estatua, hizkuntza galdu baldin baduzue”), aitortu behar da kolokan jartzen zigula bizi gintuen fede haren tinkotasuna: balizko estatuak ere ez du deus bermatzen, nahiz eta “estatu batekin, agian, euskara ez den salbatuko, baina estaturik gabe, ziur ezetz”.
Euskal Herri euskaldunaren ametsa ez da, beraz, estatuaren bide soiletik konponduko, askozaz ere konplikatuagoa baita euskal estatu ezinezkoa lortzeko kontu hori baino. Irakurri, bestela, Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak edo hark Zuzeun argitaratu duen azkena: Lur puska baten truke. Ikusiko duzu, bai, ezinezko ametsaren asunak nola erretzen duen.
Jada Joxantonio Artzeren hitz gogoangarriei darien erresitentziarako aldarriak, ez du bere horretan balio egunerokotasuna iraultzeko: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez duelako baizik”. Badirudi beste zerbait behar dela gaur deskribatu: “Bai, hizkuntza bat galdu egiten da besteek ikasten ez badute, ezin baita besteek ikasi gabetan hizkuntzarik izan”.
Azkenean hor etorri da Fermin Etxegoien ere, Txillardegi eta SinnFeinekoen gertaeraren bidetik, independentziak agian kontrakoa lortuko lukeela esanez: “jende askok lortutzat emango luke helburua, eta hizkuntzaren aldeko tentsioa lasaituko litzateke. Independentziak ez luke aldatuko norberaren baitan dagoen hizkuntzaren hautua, motibazio estetikoa identitarioaren gainetik dagoelako.”
Ulertu diodanagatik, jada gure desirak ez dira geure hizkuntzaren baitakoak, geure izaera ere zaigu arrotz geure baitan…
Aurrerantzean ez digute, bada, ez independentziak, ez balizko estatu burujabeak eta ez norberaren ametsarekiko irmotasunak balio izango. Antza.
Batzuetan gogoa ematen du Iurretakoak bezala “Ni ez naiz hemengoa” esan eta hemengo izateari utziz batera, Beñat Sarasolaren poemako hangotar bilakatzeko, behingoz:
“Baina han
ez dute epailearen aurrean
hizkuntza horretan hitz egiteko batere oztoporik
urruneko lurralde hartan ez dituzu «diglosia»
edo «normalizazioa» bezalako hitzak entzungo
ez dituzte euren hizkuntzaren aldeko
jaialdi erraldoiak antolatzen
han ez dago inor hizkuntza horren alde
ez dituzte irrati eta egunkariak zigilatzen.
Urruneko hizkuntza hartan
«hizkuntza» hitzak hizkuntza esan nahi du.”
Eta lurralde hartan, Erabat normaldu eta gero, Euren historia ahaztu eta gero, Euren hizkuntza galdu eta gero, Etorkizun eta kultura bateratu baten parte zirela onartu eta gero, Poztu egin ziren. Biharamunean, ordea, zapuztu egin zitzaien normalizazio-bozkarioa eta “Teruel existe” egin gura dute aldarri.
Inbidiarik ez. Eutsi Hasier . Bihar argituko dik-eta!
(eta gure gorputz-arima opaku eta mailatuak itzal ttiki bat proiektatuko dik, ttikia bezain geurea).
Zereginik ez dagoela ikusten dugunean dator etsipena. Kontua da badagoela egon, zeregina, eta asko gainera!
Euskararen berreskurapena historia hasi baino ez da egin.
Fermin Etxegoienen esanen harira, gogoetatxo bat, orain. Motibazio estetikoarena kontuan hartu beharreko kontua da, egia. Halere, pertsona baten bizitzan zehar motibazio estetikoaren pisua, eta estetika bera, aldatu egiten dira.
Ez dira gauza bera haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa eta helduaroa. Neurez, eta ikusitakoaren arabera, uste dut gutxigora behera hamabi urtetik nerabezaroa luzatzen den tarte motzago edo luuuuuuuuzeagoan ia ezinezkoa dela erdararen aldeko motibazio estetiko horren aurka egitea, uholde bat aterki batekin gelditu nahi izatea bezala dela. Hobe etsipen hori umore pixka batez hartu. Aldiz, haurtzaroan eta helduaroan, estetikoa ezezik, indarra duten bestelako motibazioak beste batzuk -identitarioak barne- ere badira eta badago hor zer landu eta hobetzeko aukera handi handia.
Haurtzaroan oinarri sendoak jartzen ahalegindu -orain jartzen direnak baino sendoagoak- nerabezaroan eta gaztaroan txikizioa ahalik eta txikiena izan dadin ahalegindu, eta helduaroan erabilera normalizatzen lagun dezaketen ideiak bilatu.
Segi pixkor, Hasier!
Etxegoienen baieztapenak ulertzen ditut, baina galdera asko sortzen dizkit:
1. “jende askok lortutzat emango luke helburua, eta hizkuntzaren aldeko tentsioa lasaituko litzateke”. ez al dago uste hori dagoeneko gure gizartearen eremu askotan?
2.”norberaren baitan dagoen hizkuntzaren hautua”. Norberaren baitan? non? norberaren erabakia da ze hizkuntzetan egin edo kontestu sozial politiko batetik eratortzen da? ez du zeresanik hizkuntzaren hautuan hizkuntzaren egoera sozialak, politikoak, hizkuntza horren prestigio-desprentigioak, transmisio bide ireki edo itxiak, hizkuntza horri atxikitzen zaizkion/diogun balioak (estetikoak tarteko)? bada hizkuntza baino gauza sozialagotik? politikoagorik?
3.”motibazio estetikoa identitarioaren gainetik dagoelako”. Zer da identitarioa? etika bat? kontzientzia? estetika posible da etikarik gabe? identitatearen barruan ez al dago estetika? estetika hutsa izan bada?
Eta ni hemengoa naiz. zu bezala, Hasier.
Lorearentzat, egia biribilak izaterik pretenditzen ez duten zenbait bihozkada:
1Independentzia askatasun gauzatua da; politikoki aske bilakatzen zaitu baita linguistikoki ere, barnean daramazun jatortasun linguistikoaz bat egin dezazun, izan euskara izan erdara. Askatasun gauzatua ez da, sikologikoki, lan handiak hartu beharraren eremua, baizik eta lan handi horiek sistemaren esku uzteko egoera amestua.
2Norberaren baitan den jatortasun linguistikoa ez da hautatzen, inguruak predeterminaturik datorrelako ongi diozun moduan. Ez da hautazko kontu bat eta bertan da arazoa, hain zuzen.
3Euskaraz aritzea estetika ariketa da estetika jakin batez erakusten “garelako” munduaren aurrean euskaraz aritzen garenean, gainerako guztia -baita etika ere- estetika horren barruan dagoela ezen ez alderantziz; euskararen estetika ez dago euskararen etikaren barruan, baizik eta alderantziz; euskararen etika legoke euskararen estetikaren barruan.
Ibairentzat, ados diozun guztiaz.