Etenaldiak

Etenaldiak – 

Astelehena. Asteburuan armistizio moduko bat egon da; albisteak atseginagoak izan dira, baina astelehena argitu eta bezain laster etenik gabeko biziezinera bueltatu gara: Urduñako hamabost mojek Aita Santuarekin eta Elizarekin hautsi dute. Beti imajinatu izan ditut serora haiek, otzanak, txintzik ez esatera ausartu gabekoak, bizitza kontenplatiboari emanak. Baina hara non ezetz: ahizpek ustekabeko kolpea eman dutela erroskillak eta torrijak prestatzen dituzten obradoreko mahaian. Urduñaraino eta Beloradoraino joan dira kazetariak, letaginak zorroztuta, harresiz barnean –intramuros– zer egosten den jakin nahian harresiz kanpoan –extramuros– kontatzeko. Antza denez, arazo inmobiliario bat eta eskumitatutako gotzain bat ba dira ama klaratarren bizitzako erritmo errukitsu eta lasaia eten dutenak.

Irudiaren kreditua: Viktor Talashuk

Asteartea. -Ixo, mesedez, Nekane eta Uxue, zerbait oso garrantzitsua elkarri kontatzen ari direla, eteten ari gatzaizkie eta -esan diet formal eta isilik zeuden gainerako ikaskideei, 3.B.-ko klasean irribarre batez arreta erreklamatzeko. Hala ere, gero eta konbentzituago nago, ni naiz haiei eteten diedana; ni naiz gelako elementurik disruptiboena. Gure irakasgaia ipurdi-has uzten duen entsegu bat datorkit burura: “¡Silencio, empieza la clase de lengua!”, Santos Guerrarena. Alice Munro hil da. Perpaus soil batez, pasadizo xume batez eraikitzen zituen istorioak…

Asteazkena. -Me voy a poner la boca -gogoratzen dut gaur balitz bezala, aitak mahaian perpaus hori esan zuen eguerdia, platerean zeukan xerrari, ezinean, begira. Amari zuzendutako esaldi bat zen, eta, hala ere, nire goiza, nire errutina, eten, gelditu egin zidan. Garai hartako gizartea horzgabe zegoen; aitaren adinera iristean, heldu askok “ahoa jartzen zuten”. Esamolde horrek nire haurtzaroa markatu zuen izeba Marisaren esku galduarena bezainbeste. -Me estoy poniendo la boca -entzuten genien esaten gure gurasooi. “Ahoa jartzea” prozesu gogaikarria zen, nobiziatu moduko bat, zeinaren amaieran hortzordeak, hortz postizoak, inpostatuak eta iruzurtiak ematen baitzizkizuten; Melkiadesek Macondoren biztanle harrituen aurrean gaztetasuna magikoki berreskuratzen zuenaren gisakoak; bainugeletan kristalezko ontzi batetan murgildurik gaua ematen zutenak. “Ahoa jartzea” garestia zen. Heldu batzuek ezin zuten ahoa “jarri”; tarteko urrats bat, trikimain bat zegoen, “ahoa txukuntzea”; “konpontzea”, -“arreglarse la boca” -esaten zuten matxuratuta balego bezala. 

Funtsean, hortzak gure zati mineralak dira, gure piezarik ezohikoenak. Ez da harritzekoa bere agerpena eta galera fikzioz tindatzea: hor daude Sagutxo Perez eta zuhuragina. Bakoitza gure bizitzako punta batean. Portzierto, Gabriel Cruzen amak hortzak erakutsi behar izan ditu, “true crime” telesaioak direla eta. 

Osteguna. Cannes. Arratsaldean euria ari du. “Cachitos de hierro y cromo” atalean Sting, La Pantoja eta Aute atera dira. Hortzeri onena Stingena da. Zalantzarik gabe. Horoskopoak pazientzia gomendatzen die Tauroei; ahoa itxita edukitzea Pisciei. Moja “zismatikoek” kontu bat ireki dute Instagramen. David Copperfielden trikimailuak; antza denez, dena ez zen magia.

Ostirala. Beste depresio bat dator. Oraingoan Azoreetatik. “First dates”-en, Kanaria Handiko tipo batek etengabe eteten dio bere mahaikideari, farozain bati. Ez nekien farozainak geratzen zirenik… Juraj Cintula. Eslovakia… Milei heldu berri da.

Larunbata. -Déjame hablar… -erregutzen du behin eta berriz telefonoz nire alboan metroan doan emakume batek. Cannes. 

Igandea. Asteburu bitartean su-eten antzekoren bat izan dugu, geldiune moduko bat; berriak atseginagoak izan dira (Xavi, Mira Sidawi, paperezko eskuzapi batean Messik sinatutako lehen kontratua, telediarioa ixteko kontzerturen bat, monja diskolek Sarera igo duten selfie-a…), baina astelehena argitu bezain pronto etenik gabeko biziezinera bueltatuko gara. Bai, beldur diot. 

En fin

AsteRkaria

Etenaldiak

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude