Eta lo gaudenean…zer?

Betidanik piztu izan dit jakinmina loaren zerak, lo egitearen amateur sutsua naizelako edo…

Nonbait etzan eta apurka apurka erlaxatzen hasten da gorputzeko gihar bakoitza.  Begiak ere ixten hasten dira, nahiz eta burmuinak irekitzeko aginduak eman. Bihotzak gero eta geldoago egiten du taupa, ez sentitzera arte. Eta orduan, itzali egiten gara. Joan. Ez gaude. Edo gainontzeko guztia da ez dagoena?

Gure gorputza hor -ohean, sofan zein autobusean- utzi eta gure adimena hegaka hasten da. Batzuetan bizitza bera bezain erreala dirudien mundu irrealera. Baina nora doa? Zer gertatzen da?

Informazio bila aritu naiz jakinmina asetze aldera, eta nahiz eta nire galderei ez erantzun, datu interesgarriak aurkitu ditut.

Antza denez, gure gorputza erlaxatzen hasi eta 90 minutu pasatu arte ez gara ametsetan murgiltzen. Momentu horretan, arnasa, arterien presioa eta pultsua irregular bilakatzen dira, entzumena, ordea, erne jartzen da eta begiak, aldiz, film bat ikusten bageunde bezala mugitzen omen dira.

MOR (movimientos ocularen rápidos) deitzen da lo hartu eta 90 minutura datorren momentua, “begien mugimendu azkarren” aroa, hainn zuzen. Ordura arte burmuineko uhinak lasai egoten dira, baina ordutik aurrera, esna bageunde bezala hasten dira martxan. Oso aktibo egoten omen da burmuina loaren aro horretan.

Zergatik egiten dugu amets?

Amesteko beharrizana daukagula diote honen inguruan ikertu dutenek, baita horiek adimenaren-osasunean eragina dutela ere.  Gainera, pertsona bat MOR fasean esnatuz gero, -hurrengo egunean nekatuta eta umore txarrez egoteaz aparte- ametsen “errekuperaketa” antzeko bat egin behar izaten omen du, aurreko egunean egin gabeko amets kopurua berreskuratzeko beharra balu bezala.

Zergatik daukagu amesteko beharrizan hori?

Teoria baten arabera, amets egitea guztiz beharrezkoa da gure ongizaterako. Antza denez, burmuinak egunean zehar gertatutakoa asimilatzeko eta beharrezkoa ez zaion informazioa ezabatzeko balio du amesteak. Richard M. Restak neurologoaren arabera, amets batzuek gu eta gure ingurukoak hobeto ezagutzeko balio dezakete. Hau da, amestea ikerketa prozesu bat bezalakoa da haren ustez. “Nor ez du noizbait, ametsetan buruari bueltak emanez, arazoren baten emaitza lortu?” esan zuen behin neurologoak.

Guztiz bat nator azken puntu horrekin. Noizbait gertatu izan zait kezkaren bat buruan neukala ohean sartu, kostata lo geratu, eta kezka horren erantzuna edo konponbidea aurkitu eta bapatean esnatzea.

Ez al zaizue noizbait  antzeko zerbait gertatu?

Badago lo egitea heriotzarekin alderatzen duenik ere. Baita amestea aurreko bizitzen edo eta etorriko direnen ispilu dela esaten duenik ere. Baina ez naiz hain putzu sakonean sartuko, horrelako gaietan “yuyu” deitzen dioten hori sentitzen baitut, beraz…

ONDO LO EGIN!

-Helena Osabari zuzendua 😉

Huasonik-i flickerretik hartua
Huasonik-i flickerretik hartua

 

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara