Esango dutena?

‘Lo que dije y digo’ Mariano Ferrer kazetari, Filosofo eta Abokatuaren zutabe bilketa irakurtzen nabil gauero oheratzean. Tarteren batean unibertsitateko kafetegian. Bertan biltzen ditu bere alerik ederrenak, El Mundoko iritzilari zen garaikoak, Jakin aldizkarikoak eta Noticias de Gipuzkoakoak. Ez da bada zelai askotan korrika egindakoa Egin egunkariko lehen zuzendari izan zena, Herri Irratiko esatari ohia eta hedabide askotako kolaboratzailea.

Irakurri ditut bai, 90. hamarkadako kontuak, Pedro J. Ramirezen egunkariak oraindik komiki trazak hartzeke zituenekoak. Eta 90. hamarkada amaierakoak. Euskal gatazka belarrietatik ateratzen zaidala konturatu arren irakurtzen darrait. EAJ, EA eta EEren gobernuaren amaieraz, Joseba Goikoetxearen hilketaren inguruan, EUE eta EEren banaketaz, EEren eta PSEren batzeaz, Atutxaren erreakzioen inguruko hausnarketez, soluzioaz esaldi asko, Lizarra Garazi kontuez, “Dena da ETA” tesiaz lerroak, garaiko HBri kritika zuzenak, soluzio gehiago, zabaltzen diren “etapa berriak” eta “Bake Konferentziak”, ustezko bake desiratua lortzeko izen askotariko “paktuak”, dispertsioa, bahiketak… ETAren balizko amaieraz politika fikzio asko…

Zutabeetako batean “el ‘amado’ conflicto vasco” adiera erabiltzen du gure mobidaz hitzegiteko. Eta parentesi artean gehitzen du: “Empiezo a pensar que lo amamos porque de lo contrario no nos esforzariamos tanto en prolongarlo”. Izan ere zuek zaharrok, ez zarete nekatzen? Kuriosoa da nola bere artikulu asko gaur bertan publikatu daitezkeen soilik pare bat hitz aldatuta. Elkarri beharrean Lokarri, eta halako ñabardurak. Kuriosoa da nola euskal bukleak bere horretan dirauen. Oso ondo aukeratu du izenburua Ferrerrek: Esan nuena eta esaten dudana.

Ea lortzen dugun gure seme-alabek beste zerbait idaztea etorkizuneko egunkarietan. Ez dadila izan esan zutena eta esaten duguna otoi.

 

Ekaitza bainuontzi batean

Zer duzu buruan “Esango dutena?”-ri buruz

  • Ba bai zaharrok badaukagu meritua alde batetik eta errua bestetik. Meritua pazientzia izugarriz aguantatu ditugulako ETAren basakeriak. Errua, ez dugulako jakin gatazkari lehenago soluzioa bilatzen. Ea oraingoan posible den… bestelaz akabatuta gaude.