[Simone Weil] Erroztamendua XXIX
[Simone Weil] Erroztamendua XXIX –
Erroztamendua (XXIX bidalketa)
Horrela, materia tortaren inpartzialitate itsua, mundu ordenaren jarraitasun errukigabea, gizakien kalitateari erabat soraioa, eta horregatik hainbeste aldiz injustiziaz akusatua, horixe da perfekzio modelotzat proposatua giza arimari. Ideia hau hain da sakona non gaur bertan ere ez garen hori harrapatzeko gai; izan ere kristautasun garaikideak pentsamendu hori erabat galdua du.
Haziei buruzko parabola guziak probidentzia inpertsonalari dagozkio. Grazia Jainkoarenganik jausten da izaite guzien baitan; gero bertan bilakatzen dena izaite horienganik dator; egiazki sartzen den tokian, sortzen diren fruituak mekanismo baten antzeko prozezu baten ondorioa dira. Eta mekanismo batek bezala denboran irauten du. Pazientziaren bertutea, edo hitz greziarra zehatzkiago itzultzeko, geldiriko igurikapenaren bertutea, iraupenaren behar horri dagokio, Jainkoaren eskuartze-eza graziaren eragiketan ahalik eta argien adierazia da honako parabola honetan: «Jainkoaren erreinua da gizon batek hazia lurrean botatzen balu bezala, eta lo egin eta gau eta egun zaindu ondoren, bihia hozitzen da eta hazten da gizonak berak nola jakin gabe. Automatikoki lurrak fruitua ematen du; lehenik zurtoina, gero burua, gero bihiaren betegintzarrea landare-buruan» (Marc, 4,26.).
Otoitzari dagokion guziak mekanismoa bezalako zerbait iradokitzen du. Ongi aratz baten egiazko irrika orok, intentsitate maila jakin batetik goiti, dagokion ongia jautsarazten du. Erantzuna ez badator, irrika ez da egiazkoa, edo ahulegia da, edo irrikatutako ongia ez da perfektua, edo gaizkiarekin nahasia da. Baldintzak beteta daudelarik, Jainkoak ez du sekula errefusatzen. Graziaren hozidura bezala, otoitzari buruzko erantzuna iraupenean burutzen den prozezua da. Horregatik Kristok aholkatzen digu tematsu izaiteko. Horri buruz baliatzen dituen erkaketek berek mekanismo bat iradokitzen dute. Jujea alarguna asebetetzera derrigortzen duen mekanismoa psikoklogikoa da: «Alargun honi justizia emanen diot zeren ez baita gelditzen ni gogaitzetik» (Luc , 18, 5.) gizon logalea adiskideari borta idekitzera derrigortzen duen mekanismoa ere psikologikoa da: «Ez bada berarentzako adiskidetasunagatik jeikitzen, jeikiko da bere ausarkeriagatik» (Luc, 11, 8.). Hertsidura antzeko zerbait eragiten badugu Jainkoaren gainean, egiatan ez daiteke izan jainkoak berak sorturiko mekanismo bat baizik. Naturaz haragoko mekanismoak gorputzen erorketaren legea bezain zorrotzak dira bederen; baina mekanismo naturalak dira gertakarien ekoizpenaren baldintzak, gertariaren balioa dena delakoa izanik ere; eta naturaz haragoko mekanismoak dira ongi aratzaren ekoizpenaren baldintzak.
Hauxe du berresten sainduen esperientzia praktikoak. Hauek konstatatu omen zuten, batzutan irrikaren bortxaz, jautsaraz zezaketela arima baten gainera berak irrikatzen zuen baino gehiago. Horrek berresten du ongia zerutik lurrera jausten dela bakarrik baldintza jakin batzu lurrean izatez betetzen diren proportzioan.
San Juan de la Cruz-en obra osoa ez da naturaz haraindiko mekanismoen azterketa zientifiko zorrotza baizik. Platonen filosofia bera ere ez da beste ezer.
Azken jujamendua bera ere, Ebangelioan, agertzen da zerbait inpertsonala bezala. «haren baitan sinesten duena ez da jujatua, haren baitan sinesten ez duena jadanik jujatua dago. Hau da jujamendua; … gauza mediokreak egiten dituen edonork argia hastiatzen du… egia egiten duena argi aldera dator» (Jean, 3, 18). «Entzuten dutan bezala jujatzen dut eta ene jujamendua justua da» (Jean, 5, 30). «Norbaitek ene hitzak entzuten baditu eta ez baditu atxikitzen, nik ez dut jujatzen, zeren ez bainaiz jina mundua jujatzeko, baina mundua salbatzeko. Ni ukatzen nauenak, eta ene hitzak jasotzen ez dituenak badu juje bat: erran dudan hitza da, horrek du jujatuko azken egunean».
Hamaikagarren orenaren langileen historian, ematen du mahastiaren nagusiak kapritxo bat egiten duela. Baina arreta piska bat ematen badugu, kontrarioa da. Nausiak soldata bakar bat ordaintzen du ez duelako soldata bakar baizik. Diru xeherik ez dauka. San Paulo soldata definitzen du: «Ezagutuko dut ezagutua naizen bezala». Mailarik ez dago. Berdin, mailarik ez dago soldata mereziarazten duen egitatean. Deituak gara: lasterka bagatoz edo ez gatoz. Ez dago nehorren eskuetan deia aitzinaraztea, segundo batez ere. Momentua ez da kontuan sartzen; Mahastian egindako lanaren kantitatea eta kalitatea ere ez dira kontuan hartzen. Betierekotasunean denbora pasatzen dugu ala ez nola onartu dugun ala errefusatu dugun.
«Bere kabuz burua altxatuko duen edonor behereratua izango da, bere kabuz burua apalduko duen edonor, altxatua izango da»; horrek balantzea iradokitzen du, arimaren lurreko partea plater batean balitz bezala, eta parte jainkoatiarra bestean; Ortzirale sainduko kantu batek kurutzea alderatzen du balantze batekin. «…Horiek haien saria lortu dute». Jainkoak ezin du behere honetan saririk gabeko esfortzuak, deusetarako egindako esfortzuak, baizik sariztatu; hutsak grazia erakartzen du. Hutserako egindako esfortzuek dute osatzen «Altxorrak zeruan biltzea» Kristok deitutako eragiketa.
Nahiz eta Ebangelioetan transmititu diguten Kristoren erakaspen parte eskas bat baizik, bertan aurki ginezake giza-arimaren naturaz haraindiko fisika deitzen ahalko ginukeena. Doktrina zientifiko guziek bezala, ez du edukitzen argiki ulergarriak eta esperimentalki egiaztagarriak diren gauzak baizik. Baina perfekziorako martxak du gauza horien egiaztapena egiten, eta horregatik martxa hori burutu dutenak hitzetik sinets behar dira. Baina, jakintsunek beren laboratorioetan pasatzen direnez erraiten digutena sinesten dugu, hitzetik eta kontrolik gabe, nahiz eta ezdakigun jakintsun horiek egia maite duten. Zuzenago izango litzateke sainduak sinestea, jatorrak direnak bederen, zeren seguru baita haiek bederen egia perfektuki maite dutela.
[Simone Weil] Erroztamendua XXIX