[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna V

Langileriaren errogabetasuna V –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Gaurko langileen sofrikario konkretuen zerrendak berak emaiten digu datozen hamabi edo hamairu urtetan aldatu beharko diren gauzen zerrenda. Lehenik eta behin ezeztatu egin beharko dugu, eskolatik ateratzean, lantegian sartzen den hamabi edo hamairu urteko mutiko tipiak sentitzen duen bihotz-urradura hura. Langile heldu batzu oso pozik lirateke bihotz urradura horrek ez balie bihotzean utzi betiko zauri mingarri bat, baina langile haiek berek ez dakikete sofrikarioa iraganeko gertakari horretatik datorkiela. Izan ere, eskolan, haurra, izan zedin ikasle on ala txar, bere existentzia errekonozitua zuen pertsona bat zen, zeinaren giza-garapena bilatua zen, zeinaren baitan sentimentu onenak suspertuak ziren. Horra nun egun batetik bestera, mutiko tipi hori makina baten gehigarria bilakatzen den, “gauza” bat baino oraindik piska bat gutiago alegia; baina nola obeditzen duen, nehor ez da axolatzen jakiteko ian haur horrek ez duen obeditzen sendimendu apaleenen eraginpean. Langile gehienek, beren bizitzaren momentu berezi horretan, ezagutu dute gehiago existitzen ez zirelako sentipena, erraietako eta buruko halako zorabio-estatu batean. Intelektualek eta burgesek, sofrikario handienetan ere, ez dute oso bakanki baizik zorabio estatu horren ezagutzeko aukera. Bizitzaren lehen trauma horrek, hain gazterik jaso izanak,  inprimatzen du maiz marka bat ezabaezina. Trauma horrek lanaren amodioa betiko ezinezkoa bihur dezake.

Langileriaren errogabetasuna V

Horiek horrela, kanbiatu egin beharko da lanorduetan langilearen arreta lortzeko metodoa, hau da, kanbiatu beharko da alferkeria edo akidura garaitzeko pizgarrien izaera (gaur beldurra eta dirua baizik ez direnak), funtsean kanbiatu beharko da obedientziaren izaera bera, garatu egin beharko da langilei galdegindako ekimena, habilezia baita hausnarketa- bolumena ere orai askoz eskasegia dena. Eraldatu egin beharko da enpresaren lanaren osotasunean pentsamenduz eta sentimenduz parte hartzearen ezinezkotasuna. Ezeztatu egin beharko da langileek fabrikatzen dituzten produktuen balioaren, baliagarritasun sozialaren, eta norakoaren jakingabezia, batzutan erabatekoa dena. Egin beharreko aldaketen zerrenda luza genezake   oraindik.

Erreformatzeko giza-desio subjektiboa aparte jarrita, hiru faktore-mota objektibok eragiten dute ekoizpenaren funtzionamenduan, hau da, faktore teknikoek, faktore ekonomikoek eta faktore militarrek. Gaur, ekoizpenaren esparruan, faktore militarren garrantzia ekoizpenak gerlaren kudeaketan daukan garrantziaren baliokidea da. Bestela esanda faktore militarra biziki inportantea da.

Alta ikuspuntu militarretik beretik ere, milaka langileren pilaketa infernuko lantegi erraldoietan zeinetan langile kualifikatuak oso urri baitira, zentzugabekeria bikoitza da: Izan ere, gaurko arrazoin militarrek exigitzen dute lehenik ekoizpen industriala herrian barna barreiatua izan dadin. Gero exigitzen dute bake denboran langile gehienak kualifikatuak izan daitezen. Izan ere, horrela, bapateko herriarteko krisialdian, edo gerla garaietan, herria ekoizpenaren bolumena segituan zabaltzeko beharraren aurrean izanez gero, langile kualifikatu horien agindupean segituan  lanean jar genezake  emakume, mutiko eta adineko jende elemenia bat. Deusek ez du gehiago eragin gerlarako ekoizpenaren paralisia luzea, langile kualifikatu horien faltak baino.

Baina nola makinako peoiaren funtzioa kualifikazio altuko langile bati ezin zaion betearazi, orduan gerla garaietan izan ezik  peoi funtzio hori desagerrarazi behar dugu.

Hain da bakanki ikusten, gaur bezala, behar militarrak giza-xede onenekin horrela batera joatea,  ez eta kontrara usaian bezala, nun zirkunztantzia horretaz guztiz aprobetxatu  behar dugun.

Teknikoki, elektrizitateari esker, gaur, beharrik, energiaren garaio nahikoa errazak  ekoizpen industrialaren deszentralisazio maila handia ahalbidetzen  digu.

Gaurko makinei dagokienez, ez dira oraindik prest ekoizpen-modua iraultzeko; alta gaur erabiltzen diren makina automatiko doigarrien posibilitate berriek iraultza hori lortzen laguntzen ahalko ligukete horretarako esfortzu jakin bat egiten baginu, baina  tamalez esfortzu hori ez dugu egiten.

Funtsera eta, langileentzat berrikuntza teknikoaren kontzepzioaren eraldaketa batek  izango luke sozialismoaren etiketapean sartzen diren neurri guziek baino garrantzia sozial handiago bat  . Izan ere, egundaino  ez dugu  sekula irudikatu makina berrien kontzepzio teknikaz arduratzen den injeniari batek bi helburu hauetaz besterik izan lezakeenik: bata da estudio horiek enkargatu dizkion enpresaren etekinak handitzea, bestea da kontsumitzaileen interesak zerbitzatzea. Horregatik, tamalez, ekoizpenaren hobekuntzaz mintzatzen garenean, ez gara “gehiago eta merkeago” ekoizteaz baizik mintzatzen. Horrek erran nahi du aipatzen ditugun hobekuntza horiek ez direla kontsumoarentzako hobekuntza  baizik. Bi hitzok bata bestearentzat erabili ohi dugu eta.

Alabaina makina  berri horri beren indarrak emanen dizkioten langile horien interesaren alde nehork ez du gogoetatzen. Harrigarriagoa dena, nehork ez du pentsatzen ere horien alde gogoeta genezakeenik. Gehienez hola-hulako seguritate aparatu batzu asmatuko ditugu, nahiz eta egunero erhi moztuak eta lantegietako eskalerak odolez bustiak hain usu ikusten diren oraindik ere.

Baina arreta eskaseko seinale hori bakarra da. Langileen ongi moralari ez pentsatzeaz gain– iduriz irudikapen ahalegin handiegia izango litzateke– ez dugu  gogoetatzen ere nola egin haien gorputzei  ez min egiteko. Bestenaz aspaldi da meategietarako aurkituko ginuela mailu-joile neumatiko afrus hori baino tresna hobeagorik. Izan ere, makina izigarri horrek, ikarraldi jarraiez astintzen du berari zortzi orduz lotua den langile dohakabea.

Langileriaren errogabetasuna V Langileriaren errogabetasuna V Langileriaren errogabetasuna V

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

7 pentsamendu “[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna V”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-07-22 09:08

    Produkzioaren antolakuntza eraldatzea, planta handiak tipitan zatikatuz; antolakuntza eraldatzea, langilea kontuan hartuz, langilearen osasun mentala eta fisikoa begiratzeko lanaren prozezua eraldatzea, batez ere makineriaren kontzepzio teknikoa bera berpentsatuz: Swen lanaren filosofia konkretua hasten da azaltzen pasarte honetan.
    Lanaren arazoari posizio zentrala eman zion, erraiteraino filosofiarako lanaren kontzepzio berria izango zela XXI. mendeko erronka nausia

  • Beñat Castorene 2021-07-23 10:18

    Azken paragrafoko esaldi hau “Baina arreta eskaseko seinale hori bakarra da” ez dut ulertzen. Idurirzen zait adazlea tronpatu dela eta justukontrarioa erran nahi zuela, alegia “Baina arreta eskaseko seinale hori ez da bakarra”
    Anekdotarentzat, filosofoak meategi baten hondoa bisitatu nahi izan zuen baita mailu-joilea ere erabili, beraz badaki zertaz ari den. Errealitatea hurbildik ikusi eta sentitu nahi hori SWen ezaugarri bat da. Gainera artikulu honetako irudiak SWen joera filosofiko hori ongi iradokitzen digu. Izan ere 1930 urteetan, bera judu jatorrikoa izanez gero arriskuak hartuz, nazien peko zen Alemania bisitatu nahi izan zuen langile-klasearen partiduen hitleren kontrako portaera eta erresistentzia maila politikoa aztertzeko xedean.

  • Arratsalde on, Castorene jauna. Aspaldi ez naizela hemendik agertzen iruzkinik idaztera. Horregatik, saiatuko naiz aspaldi hasi genuen iruzkin trukaketa honekin jarraitzen. Agian beste norbait, inoiz, engaiatuko da iritzi trukaketa honetara, gaurkotasun nabarmenekoa baitirudit.
    Hasteko, aurreko sarrera ez dut iruzkindu ez baitzait ezer gehitzekorik okurritu.
    Sarrera honi dagokionean, produkzioaren antolaketa eraldatzeak beharren ikuspuntua eraldatzea dakar, ongi aipatzen denez.
    Helburua egun ere ekoizlearen etekina handitzea da, gehiago eta merkeago eta ahalik eta agudoen. Baina kapital metaketaren logikapean aipatu gabe geratzen den zerbait aipatu beharra dago: mailu jole pneumatikoa langilearen beraren luzapentzat hartu dezakegula baina, egun, zibernetika eta robotikaren aroan, makinak gizakia bera baztertuko du eta baztertzen du ekoizpen prozesua merkeagotzeko asmoz, langileak kontuan hartu gabe. Zinez, gerora begira, helduko da momenturen bat non eskulangileak soberakin bat baino ez diren izango. Momentu hori helduta, bide honetatik jarraitzekotan, zer egin beharko dute kapitalismoak eta Estatuek giza soberakin horrekin? Hor ageri da baita ere XXI. mendean lanaren kontzepzioaren erronka: beharrezkoa al da gizakia lan eskergabe batekin zamatzea bere duintasunaren alde? Lana beharrizan erroztatzaile bezala hartu dezakegu edo biziraupenerako karga bat bezala besterik ez. Teknologiaren gailentzearekin gizakia zamatzen duten hainbat labore desagertuko dira: robotek bigilatu eta landu ditzakete soroak, dendetako kajeroak automatizatuta daudelarik inork ez du zertan 8 orduz bertan produktuak kobratzen egoteko beharrik, etxebizitzak pabilioietan ekoitziko dira ostera dagokien lekuan erraztasunez muntatuak izateko (gertatzen ari da jadanik). Mantenua eta gainbegiratzea da behar dena, besterik ez. Horretatik libratu dela, gizakia beste betekizun batzuetara dedikatu daiteke, edo gauzak diren moduan izanda, gosez hiltzera dedikatu daiteke baita. Lan-indar masa baten beharra desagertuko da noizbait. Ordea, arazo bat daukagu hor: Zeinek kontrolatzen duen prozesu hori guztia. Etekinaren izenean lanpostuak desagerrarazteak hainbat langile utziko dituela ezer gabe, mirabe eta han hemenka eskean. Ezkerreko sektore batek horren aurrean Oinarrizko Errenta proposatzen du, zinez adabaki txatxua dena eta ez dena berdintasunezko ezta zintzoa den aberastasunaren banaketa bat. Langileak prozesu teknikoaren aurka egin beharrean, askotan gertatzen den legez, horren kontrola izan behar du. Peoiak desagertuko dira, baina jakintza teknikodun langileak beharko dira. Jakintza hori demokratizatzea da salbabide bakarra, hots, langile guztiak jakintza tekniko gorenekoak izatea, produkzio katearen hierarkizazioa minimora jaitsiz, espezializazio maila nahiko altua izan arren. Demokratizatzea eta halaber produkzio prozesu osoaren oharmena eta kontrola. Egungo sindikatuekin horretarako problema bat daukagula iruditzen zait, bezero-sare moduko bat baitira eta ez utopia egingarriak lortzeko antolatzeko modu bat eta, SWek nahiko lukeen kontrara, langileen alde hitzegiten duten gehiengo bat nahiko urrun dago langileek zer nahi duten edo esaten duten jakitetik, bulego-iraultzaileak dira gehienak.
    Zinez egin beharrezkoa den hausnarketa prozesu bat da hau, utopia egingarrien desira berpizte aldera eta programa minimotzat hartu langileek sufritzen dituztenen zerrenda. Ondo segi Beñat edo Benat, biak erabiltzen baidituzu (bietako baten bat hobesten baduzu esadazu, arren). Irakurtzen jarraituko zaituztet, bai SW eta zu.

  • Beñat Castorene 2021-07-27 22:09

    Enekorix ados gara erraiteko roboten erabilpen inteligentea ez eiki dela gauza txarra, adibidez lan dorpeenak edo arriskutsuenak gizakiari ekiditeko. Aitzitik langile guziak robotekin ordeztearen ideia eromena dela. Egia da badela joera gero ta handiagoa ( Txinan batez ere…) zentzu horretan baina ez dut uste joera hori bururaino eremaitea posible denik sortuko liratekeen arazo sozial eta pzikikoen gatik. Beharbada tronpatzen naiz!
    Kontua da ez dagoela hausnarketa zentzuzkorik arazo horretaz, edo nunbait existitzen bada ere gertarietan ez du eragin handirik.
    Tamalez kapitalaren metaketa itsuaren beharrek dute bakarrik agintzen hautu teknologikoetan eta eraman gaitzakete gure galerara.
    Mundua aldatu da SWen garaitik, gure eskualdetan langileen kondizioa hobetu da, materialki baina ez behar bada izpititualki bere hitzak erabiltzeko. Hemen proposatzen duena, hau da, antolakuntza industrialaz eta automatizaketaz arduratzen diren ofizina tekknikoak langile ekoizlearen zerbitzuan jartzea ez du sekula aplikaziorikk eduki ez Frantzia liberatuan, ez beste herri industrializatuetan ezta sobietar errepublika sozialistan ere. Konda den gauza bakarra da ekoizpenaren eraginkortasuna erosleen, kapitalisten eta estatuen onura bakarrerako.
    SWen lanaren kontzepzioaren indar iraultzailea da norberaren behar material arruntaz gain, baita gure komunitateari zor diogun eginbideaz gain ere izaera ontologiko bat emaiten ziolako lanari. Hau geroxago ikusiko da.
    Ni Beñatekin gizonik urosena niz.

  • Benat Castorene 2021-07-28 22:35

    Enekorix, oraintxe irakurri dutanak erenegungo zure galdera kezkatu eta arrazoiz kezkagarria ( robotizazioaren ondorioetaz ari ginela) gogorarazi dit segituan:
    “… zer egin beharko dute kapitalismoak eta Estatuek giza soberakin horrekin?”
    ” l’empire du moindre mal” bere azken saiakeran, 60. orrialdean, Jean Claude Michea filosofoak “anekdota” esanguratsu bat kontatzen digu Alemanian oraiko kapitalismoak eta estatuak zer asmatu duten industriako langabetuak “lanean” berkokatzeko:
    Lehenik jakin behar da, beti Micheak dioenez, Alemanian: “…orai prostituzioa besteak bezalako lanbide bat dela ezkerrari ezker…” eta eros’-zenterrak badaudela, beraz hango zerbitzu sozialek eros-zenterretan lanpostuak proposatzen omen dizkie lana galdu duten emakume batzuei.
    Beraz hemen ikusten den bezaala, kapitalismoak, alde batetik bere interesen hoberako robotizatzen ari da eta bestetik, duen mugarik gabeko imaginazioari ezker, estatuen eta ideologia “moderno”aren aitzinamenduaren laguntzarekin egundaino doain edo artezautzaren markoan egin ohi ziren aktibitate guziak merkaturatzen ditu “merkatu eta lanpostu berriak” sortzeko eta, bere izaerari jarraituz, kapitalaren metaketa infinituki zabaltzeko. Batez ere, adibide honetan bezala, gaurko jendeari gustatzen zaizkion ” pertsonari buruzko zerbitzu”etako ezparruan
    Pentsalari serioaren fama du Micheak eta tamalez uste dut dena egia dela.
    Horren ondotik denok amets ederrak egin ditzagun!

  • Egun on, Beñat.

    Nik ez dut uste ere ez robotengatiko langileen bazterketa absolutua egingarri eta, are gutxiago, desiragarri denik, baina bada tendentzia bat hori lortu daitekeen eremuetan helburu hori lortzekoa. Arazo psikiko, fisiko eta sozialak egun sortuko zitezkeen, gure egunerokotasunean badaukagulako eguna eginkizunez betetzeko behar handia, baina pentsa ehiztari-biltzaile gizarteetan, baliabide ekologikoak anitz direnean, lanorduak (edo behintzat esplizituki guk lanordu deritzegunak, zaintza lana ere gehitu genezakeelako) oso urriak izaten direla eta, beraz, aisialdian edo egonean ematen dituztela eguneko ordu gehienak. Zaintzarenari jarraiki, geroz eta zahartuago den gizarte batean bi gauza besterik ezin ditzakegu egin, gazteen kopurua handitu edo lan karga urritu zaintza lanetan erabili ahal izateko. Zibernetikak eta robotikak azken horretan lagundu gaitzakete.
    Nik, ahalko banu, menditik paseoan, soinketan eta irakurtzen emango nituzke eguneko ordu gehienak. Zer esanik ez mundu guztiak ez dituela beharrizan psikologiko berdinak eta hauek garaiarekin aldatzen direla ere.

    Micheà-ren liburua apuntatu dut noizbait begiratu bat botatzeko. Berak aipatzen duen fenomeno kezkagarri hori ezaguna nuen, aspaldi prentsan irakurri bainuen, berreskuratu egin dut gaiaren inguruko aipamen bat:
    https://www.lifesitenews.com/news/germany-forcing-unemployed-women-into-legalized-prostitution

  • Benat Castorene 2021-07-29 18:20

    Bai, Enekorix ,zaharra izanagatik, lotura horrek Micheak aipaturiko faktu berari dagokioke hain segur. Edozer ondorioztatu baino lehen, interesgarria litzateke jakitea ian orduko “istripu isolatu” bat izan zen ala gaur orokortu den praktika bat. .Espero dut ezetz.
    Michea berritan deskubritu dut, beste liburu bat ere ikusi diot “le complexe d’Orphée”
    Piska bat SW bezala aipatua eta errekuperatua da ezkerretik eskuinera. SWek bezala egiten du Marxismoaren kritika orobat neurtua eta zorrotza baina baina eraikitzailea eta berak ere ere badu kutsu anarko- sindikalista ere.
    SW baino garaikideagoa denez, egiten ahal du frantses ezker liberalaren genealogiaren eta ideologiaren kritika bat ( ene iritziz araiz) inteligentea, beharbada partez argitzen ahalko ligukeena azken hamarkadetako iparraldeko ezker ” abertzaleen” kutsadurazko eraldaketa harrigarria.
    Sekula, eginen batean, begirada bat emaiten badiozu kurios nintzateke zure inpresioa jakitea.