[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna IV
Langileriaren errogabetasuna IV –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Egoera etsigarri honetan, ez dezakegu sokorririk aurki lurraren azaleran oraindik bizirik gelditzen diren iraganeko ugarte batzuetan baizik.
Ez du erran nahi lehenagoko erromatar inperioaren inguruan Mussolinik egiten duen espantakeria onetsi behar dugunik, ezta bergisan guk Louis XIV erregea baliatzen entseiatu behar dugunik ere. Konkistek bizitzatik deus ez dute, aitzitik heriotza baizik ez dira gertatzen diren momentutik beretik. Iragan biziaren tantak salbatu behar dira arreta handienarekin toki guzietan, Parisen Tahitin bezala zeren eta horren soberakinik ez baitago nehun lur osoan.
Hutsalkeria litzateke iragana arbuiatzea bakarrik etorkizunari so egoiteko. Horrela egin litekeela pentsatzea bera ilusio lanjerosa da. Horregatik, iragana eta etorkizunaren oposizioa absurdua da. Izan ere, etorkizunak ez digu ezer ekartzen, ez digu ezer emaiten, guk diogu etorkizuna eraikitzeko hari dena eman behar, gure bizitza bera ere. Baina guk etorkizunari zerbait eman ahal izaiteko, lehenik zerbait eduki behar dugu, eta ez daukagu beste bizitzarik, beste saparik, baizik eta iraganetik jarauntsi, digeritu, asimilatu eta guk berkreatu altxor horiek. Horregatik, giza-behar guzietarik ez dago deus hil ala bizikoagorik iragana baino.
Baina iraganaren amodioa ez du deus ikusteko ikusmolde politiko atzerakoi batekin. Giza-aktibitate guziek bezala iraultzak berak ere bere sapa guzia tradizio batetik hartzen du. Marxek egia hau sentitu zuen nun iraultzaren tradizio hori denbora urruneenetatik etorrarazi nahi izan baitzuen, klase-borroka bihurtuz historiaren esplikazioaren printzipio bakarra. Mende honen hasieran, deus ez zen Europan frantziar sindikalismoa baino erdi-arotik hurbilagoa zenik. Izan ere, gurean sindikalismoa korporazioen izpirituaren azken isla zen. Sindikalismo horren aztarnak dira ahalik eta lasterren suspertu behar ditugun pindarretariko bat..
Hainbat mendetik hona, arraza xuriko gizonek, etxen ala kanpoan, iraganetik jaso aberastasun asko suntsitu dute miserable triste batzuek bezala, itsutuki. Denboraldi horretan guzian, sekula izan baldinbada egiazko aintzinamendurik, ez da etorri iraganaren suntzitze-errabiatu horretatik, baizik eta, horren kontra egin izanagatik, bizirik egoiten zen iragan poxiaren eraginari esker.
Zorigaitzez, iragana ez da sekula itzultzen. Iraganaren suntsiketa da menturaz krimenik handiena. Gaur, iraganetik oraindik gelditzen zaigun poxia salbatzea ideia kasik obsesiboa izan behar litzaiguke. Baratu behar dugu europearren metodo kolonialistek eragiten duten errogabetze izigarria, forma gutien krudelenetan eginak ere. Garaipenaren ondotik, ez da etsai garaitua zigortu behar oraindik gehiago errogabetuz. Etsaia suntsitzea ez delarik ez posible ezta desiragarria ere, bere eromena larritzea bera baino mentsagoa litzateke. Ondorio sozialak eduki litzaketen berrikuntza politiko, juridiko edo tekniko guzietan, oro baino lehen aurkitu behar dira gizakiei berriz erroztatzeko ahalbidea emaiten duten konponbideak.
Ez du erran nahi gizakiak konfinatu behar direla. Alderantziz aireztatzea ez zaie sekula orain baino beharrezkoagoa izaten. Izan ere, erroztatzea eta kontaktuen biderkatzea osagarri dira. Adibidez, teknikak ahalbidetzen duen guzietan, (eta norabide horretan pixka bat ahaleginduz ahalbidetuko luke askotan), langileak herrian barreiatuak izango balira, langile bakoitzak edukiko balu etxe bat, lur zati bat, makina-herreminta bat, bestetik Frantziako itzulia berpiztuko baginu gazteentzat, (zergatik ez munduan zehar?), langileek usu izango balute aukera praktikaldiak egiteko montaje atelierrean zeinean berek fabrikatutako piezak beste guziekin montatzen diren, eta azkenean aprendizen formakuntzan parte hartzeko aukera izango balute, baina hori guzia soldataren egiazko babes batekin, orduan bai proletargoa, kondizio sozial bat den bezainbatean, desager liteke.[1]
Ez dugu proletario-kondizioa neurri juridikoekin ezeztatuko, ez industria nausien nazionalisazioekin, ez proprietate pribatuaren ezeztatzearekin, ez sindikatuei emandako hitzarmen kolektiboak eraikitzeko ahalmenekin, ez lantegiko delegatuekin, ezta langileen kontratatzearen kontrolarekin ere. Proposatzen diren neurri horiek guziak eduk dezaten etiketa iraultzailea ala erreformista ez dira neurri juridiko hutsak baizik, eta langileen zorigaitza ez da ordea maila juridikokoa, ezta horren erremedioa ere. Marxek ederki konprenitu beharko zuen onesta izan balitz bere pentsamolde propioarekiko, zeren eta hau Kapitalaren orrialde onenetan argiki agertzen den ebidentzia bat baita.
Ezin da ere langileen errebeindikazioetan bilatu haien zorigaitzaren erremedioa. Gorputzez eta arimaz baita irudikapenez ere zorgaitzean murgilduak direnez gero, nola irudika lezakete bada zorigaitz horren kutsurik ez laukakeen zerbait? Zorigaitz horretatik askatzeko ahalegin bortitza egiten badute, amets apokaliptikoetan erortzen dira, edo konpentsatzio bat bilatzen dute langile-inperialismo batean zeina sustut ez baita animatu behar inperialismo nazionala baino gehiago.
Langileen errebeindikazioetan bila daitekeena da beren sofrikarioen seinalea. Errebeindikazio horiek, bada, denek edo kasik denek ez dute adierazten errogabetasunaren sofrikarioa baizik. Langileek lantegien nazionalisazioak eta langileen kontratatzearen kontrola lortu nahi dituzte, zeren erabateko errogabetasunaren beldurrak, langabeziaren beldurrak alegia, obsesionatuak baitira naturalki. Langileek jabetza pribatua ezeztatu nahi dute, zeren eta nazkatuak baitira sentitzen dutelarik lantokietan onartuak direla karitatez sartzen uzten diren etorkinak balira bezala . Hortxe dago ere 1936ko ekainean gertatu lantegi-okupatzeen eragingarri psikologikoa. Horregatik, zenbait egunez gozatu dute orduan alegera huts bat, nahasmenik gabekoa, lantegi haietan beretan etxen bezala sentitu izanagatik, biharamunari pentsatu nahi ez duten haur alegera batzuk bezala; alta nehork pentsa ez zezakeelarik ere arrazoiz biharamun ona izan zitekeenik.
Iraultzatik etorritako langile mugimendua oihu bat da gehien, protesta mugimendu bat da jasarpena mugimendu bat baino gehiago, zapaldu guzien alderako zortearen gogortasun gupidagabearen kontrako protesta mugimendu bat. Mugimendu kolektibo baten ganik espero ez zitekeen arren, araztasun asko bazen mugimendu honen barruan. Gelditu da 1914an, eta ordutik oiartzunak baizik ez dira gelditzen. Inguruko gizartearen pozoinek langileek zeukaten zorigaitzaren sentimentua bera usteldu dute. Sentimentu horren tradizioa berriro bilatzen entseiatu behar dugu. Baina ez ginuke berpiztea nahi. Oinazearen oihuaren hotsa nahi bezain ederra izanikan ere, ez dugu berriz entzutea opa izan behar; gizartiarragoa da ordea mina sendatu nahi izaitea.
[1] Hemen argi ta garbi agettzen da Marxekiko diferentzia bat. SWen iritziz, proletargoak ez zuen gizartea dominatu behar bera eraldatu baizik. Izan ere kapitalismoak errrogabetutako klase bat izanki, ezinbestez proletargoak ezin du gizarte guzia errogabetu baizik. Baina SWek hement ideia konkretuak proposatzen dizkigu proletargoaren zorigaitza ezeztatzeko.
Pasarte honetan argi ikusten da SW proletargoaren diktaduraren kontra zela eta ongi esplikatzen du zergatik.
Denbora berean berak hurbildik ezagutu zituen lantegi kapitalista (edo “sozialista”) handien antolakuntza tekniko fordista onartezina zitzaion. Baina inportantzia gehiago ematen zuen lanaren kondizio konkretuei eta antolakuntza teknikoari lantegien proprietate juridikoari baino.
Testu honetan, Hemen agertzan irudikatzen du izarra moduko organizazio bat zeinean enpresa kolektibo handi batek muntatuko bailituzke hainbat taller tipi pribatuk mekanizaturiko pieza osagaiak.
SWentzat lanaren gaia zentrala zen praktikoki eta filosofikoki.
On da oroitaraztea SWek ikasketen buruan urte batez esperientzia bat egin zuela Parise inguruko automozioko handi batzutan eta jakinean mintzo zela langile kondizioaz. “La condition ouvriere ” testuan kontatzen du bizi guzirako markatuko zuen lan esperientzia hori.