[Erroztamendua] Arimaren premiak IV
Arimaren premiak IV –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Gari landa bati errespetua zor zaio ez gari landa delako baizik eta gizonentzako janaria delako.
Ber gisan kolektibitate[1] bati errespetua zor zaio ez kolektibitate delako baizik eta gizaki-arima kopuru jakin baten hazkurria delako[2].
Izatez, egoera esberdinengatik, obligazio honek portaera eta egintza esberdinak eskatzen ditu. Baina obligazio hori funtsean den bezala begiratuta, erabat berdina da denentzat.
Batez ere abtsulutuki berdina da kolektibitate horretakoak ez direnentzat.
Giza-kolektibitatei zor zaien errespetu maila arrazoi askorengatik oso altua da.
Lehenik eta behin, kolektibitate bakoitza kasu bakarra da munduan, eta suntsitzen baldinbada, ez da ordeztua. Gari-zaku bat beste batekin ordez daitekebeti. Aitzitik, kolektibitateak bere barruan bizi direnei eskaintzen duen hazkurriak ez du baliokiderik unibertso guzian.
Gainera, bere iraupen-gaitasunari esker, kolektibitatea etorkizunean ere sartzen da jadanik. Hazkurria badauka, ez bakarrik oraingo bizidunen arimentzat, baina baita oraindik sortuak ez diren arimentzat ere, hau da, datozen mendeetan munduratuko direnen arimarentzat.
Azkenean iraupen-gaitasun horri berari esker, kolektibitateak erroak badauzka iraganean ere. Gizakiarentzat, kolektibitatea kontserbazio-organo bakarra da hildakoek bildutako ezpiritu-altxorrak gordetzeko. Transmisio-organo bakarra da ere zeinaren bitartez hildakoak mintzatzen ahal baitzaizkien bizi direnei.Horregatik betiereko gizakiaren patuarekiko lotura zuzena daukan mundutar gauza bakarra gelditzen dena, seguraski da belaunaldiz belaunaldi transmitituriko patu horren kontzientzia osoaz jabetu ziren gure aurrekoen irrada.
Hau guziagatik, gerta daiteke perilean den kolektibitateari buruzko[3] obligazio batek gizakia azken bururainoko sakrifizioraino eramatea. Baina honetatik ez eiki da ondorioztatzen kolektibitatea, garrantziaz, gizakia baino goragoa denik. Halaber, gerta daiteke ere perilean dagoen gizakiaren sokorritze-obligazioa erabateko sakrifizioraino joan behar izatea, nahiz eta horrek ez duen inolako superioritaterik suposatzen sokorritatuaren aldetik.
Gerta daiteke zirkonztantzia jakin batzuetan, bere lurra lantzeko, laborariak joan behar izan dadin akitzeraino, eritzeraino baita hiltzeraino ere. Baina beti badu presente buruan ez dela horretan ogi kontu baizik.
Ber gisan, erabateko sakrifizioaren unean berean ere, kolektibitateari ez diogu zor hazkurriari zor diogun errespetuaren antzeko zerbait baino gehiago.[4]
Askotan gertatzen da rolak alderantzikatuak izatea. Kolektibitate batzuk arimen hazkurria izan beharrean, aitzitik kolektibitate haiek dituzte arimak jaten. Orduan, gizarte-eritasuna bilakatzen da, eta lehenbiziko obligazioa da tratamendu bat aplikatzen saiatzea. Gerta daiteke zirkonztantzia batzuetan kirurgian bezalako metodoak erabili behar izatea.
Pundu horretan ere, obligazioa berdina da kolektibitatearen barnean direnentzat nola kanpoan direnentzat.[5]
Gerta daiteke ere kolektibitate batek barruan daudenen arimei hazkurri eskasa hornitzea. Orduan kolektibitate hori hobetu egin beharra dago.
Azkenean kolektibitate hilak badira, zeinek, arimak ez jan arren, hauek gehiago elikatzen ez dituztenak . Erabat segur bada hilak direla, eta ez garela aurkitzen behin-behineko letargia baten aurrean, kasu horretan, eta bakarrik kasu horretan, kolektibitate horiek ezeztatu behar dira.
Lehenik, aztertu behar da zein diren arimaren bizitzarako premiak nola baitira hazkurriaren, loaren eta beroaren premiak goputzaren bizitzarako. Arimaren premiak zenbatzen eta definitzen saiatu behar da.
Arimaren premiak ez dira sekula desirekin nahasi behar, ez kaprizekin, ez fantasiekin ezta araiz bizioekin ere. Bereizi behar da zinez beharrezkoa dena bigarren mailako beste beharretarik. Izan ere, gizakiak janaria behar du, ez baitezpada irrisa ezta patata ere. Berotasuna behar du, ez baitezpada egurra ezta ikatza ere. Berdin da arimaren premientzat, errekonozitu behar dira, asetze-modu esberdinak izan arren baliokideak direnak, hots, modu desberdinez behar berei erantzuten dutenak. Bereizi behar da alde batetik arimaren egiazko hazkurriak eta bestetik une labur batez hazkurrien funtzioaren ilusioa eman lezaketen pozoinak.
Horrelako azterketaren eskasiak intentsio oneko gobernuak derrigortzen ditu alferretan abenturatzera eta mugikatzera.
Hona jarraian arimaren premien adibide zenbait: (hurrengo asteko sarreran…)
[1] Iduriz, kolektibitate eta komunitate hitzak sinonimoak dira hemen.
[2] Ondorio askoko gogoeta litzateke hau.
[3] Bere logikan, SWek esan behar zuen «kolektibitatearen gizakidei buruzko». Baina horregatik beharbada ondoko esaldian segidan erreserba bat egiten du.
[4] Kolektibitatearen aldeko sakrifizioaren beharraren ahalbidea ikusten du baina idolatriarik gabekoa.
[5] Hemen, dudatzen dut. Ez ote du erran nahi aliatuek eta alemanek batu behar dutela Alemania “operatzeko”?
Behin Arantzazulab artikuluar iruzkintzean Chek hau idatzi zuen:
” Gaur egun dugun krisian ere agian hori izan beharko luke gure betebeharra, eustea, hurrengo belaunaldiek han izan dezaten Arantzazu. Aurrekoek eutsi zioten, guk zergatik ez? Ez hori bakarrik, ez dugu erortzen uzteko eskubiderik ere, eusteko obligazioa dugu.”
Hau irakurtzean, iduritu zitzaitan gaurko SWen pasarte honen oiartzuna entzuten nuela.
Ondarearen transmisioa ezinbestekoa da kolektibitate batek biziraun nahi badu. Transmisio horretan hizkuntza erabakigarria da baina ez da bakarrik hizkuntza kontu gehiago baizik. Gainera SWek ez du hizkuntza aipatzen ere. Frantsesa izanki nabarmen izan zitekeelako harentzat.
Aspaldi danik gure ondare kulturalaren transmisioa eragozten zaigu eta beste bat inposatzen zaigu. Ondorioa hilgarria da euskal komunitatearentzat beste edozeinarentzak izango zen bezala.
Espainolek, frantsesek baita basko « moderno »ek ere, ez ote dute maite gu atzeratuei aldarrikatzea berak mundu osotarrak direla ? eta kolektibitate bereizi batetakoak direlako beharra ez dutela sentitzen? Inperialismoaren arpegi bat da.
Aitzitik, 1943an, inperialismoaren kontra zen SWek zioen kolektibitatea arimaren hazkurria zela ; Gainera beste pasarte batean azpimarratzen du du « hil ala bizi »ko ingurune batean garatzearen inportantzia. Kolektibitatea zer den ez du hemen zehazten baina, bera franziarra izanda et testuinguru politikoa ikusita, probablea da nazio-kolektibitateari pentsatzen duela, adibidez Frantziari, Alemaniari… edo Indoxinari.
Atal honetan eta aurrekoan, iradokitzen digu gerta daitekeela kolektibitatea azken sakrifikazioaraino defendatu behar izaitea, baita indarra erabiliz ere, baina kolektibitatea idolotzat hartu gabe, hau da, ez beste obligazioak ahanzteraino.
Bizi garen ideologiak denok kutsatuak garenez, testu hau ulertezina edo garaiz kanpokoa ager lekiguke. Alta hainbat alditan Zuzeuko artikulu, iruzkin eta eta alferretan itzulika dabiltzaten eztabaidetan barna iduritu zait haren goihatsaren beharra sumatzen nuela.