Erregelak
Jokoaren erregelak. Zeintzuk dira horiek? Txikitan esaten ziguten 60ko erregela bat erosteko, matematikako klasean beharko genuela-eta. Baina gero ez zuen osorik kurtsoa amaitzen. Apurtu egiten zen lehenengo deskuidoan. DBH garaiak haiek, erregelaz beteak, apurtzen zirenak eta ez zirenak. Ezin genuen ikastolako lursailetatik atera, ezin baloia trenbidetik jaso, eskolako lanak eginak behar ziren eraman goizero, bestela, tutorearen gutuna zeneraman etxera. Gurasoek sinatu beharrekoa. Lotsagorritzea zer zen ikasi genuen bai.
Baina erregelak ez dira DBHn amaitzen gero! Beti daude bete “beharreko” erregelak. Lezioak.
Gaur nire lagun handi den X. Etxeberriarekin bazkaldu dut Antiguoko Kalaberrin. Ederki bazkaldu ere. Eta betiko legez guztiaz hitz egin dugu inongo arazorik gabe; munduaz, gure bidaiez, gutaz. Lagun arteko aholku eta gomendioak boteaz airera. Ongietorriak gomendio guztiak, bai horixe!
Erregelak apurtzeko gogoa izaten da askotan. Usteak txikitzekoa. Baina Etxeberriak berriz begiak ireki arazi dizkit, erakutsiaz erregela asko guk geuk sortuak (guztiak guk onartuak) direla, eta ez nabil gizarte mailaz, maila pertsonalaz baizik. Beno eta gizarte mailaz ere bai, arraio! Norberak aukeratzen du, norbere buruak edo bihotzak, askotan bigarrenak soilik, herrialde komunista bateko banguardia bailitzan, zer egin. Erantzunak aurrean dauzkagu eten gabean. Bizitzan zer norabide hartu, zer bizi, zer galdu, zer ahaztu.
Nork daki, egunero prentsaurrekoan topatzen duzun neska hura kafe batera gonbidatu behar duzun… akaso hori da bidea. Erregela nazkagarri guztiak haustea. Behingoz ezezagunean barneratzea eta ezinak itotzea. Ezer galtzeko ba al da? Eta baldin bada, ez al du horrek guzia emozionantea bihurtzen?