Erregea biluzik dago

Erregea biluzik dago –

Oso ezaguna da behinola urruneko herrialde batean enperadore bati bere jantzi berriarekin gertatutakoa, Hans Christian Andersen daniar idazleak ezin hobe kontatu zigun bere ipuin ederrean: nola biluzik zihoan agintari txit gorenari, itxurakeriaren itxurakeriaz, existitzen ez zen jantzia ikustarazten zioten; eta areago, berak ere sinestarazten bere menpekoei jantzita zihoala. Ume lotsagabe eta egiazale mukizu batek bueltatu zituen guztiak errealitatera. “Erregea biluzik dago!”-oihukatu zuen ozenki.

Eta denek onartu behar izan zuten begibistakoa. Ez jantzi, ez dotoreziarik.

Espainian ere txakurrak hanka hutsik, eta erregearen inguruko inor ez da ausartzen larrugorritan dabilela esatera. Gutxieneko jantzi demokratikoak erabat urratuta dituela adieraztera. Oinarrizko askatasunak guztiz murriztuta daudela oihukatzera.

Erregea biluzik dago, eta korteko bufoiak kartzelaratu egin dituztenez, ez dago egia lau haizetara barreiatuko duen ahotsik, rap-lariak eta tweet-lariak giltzapetuta baitaude; are gehiago, artea bera ere paretetatik erauzi baitute.

Erregea biluzik dago, eta inguruan gurtzaile profesionalak baino ez zaizkio geratzen.

Izan ere, erregeak berak ere badaki biluzik doala, ez baitu zerekin jantzi, aspaldi ahituak baitira oihal duinak bere erresuman.

Erregea biluzik dago, eta ondoko errepublikara joan behar izan du herri txiki baina duin bateko biztanleek bere biluztasuna mundu osoko “mobile phone” berrienekin erretratatu dezaten.

Erregea biluzik dago,

Espainia larrugorritan.


Erregea biluzik dago,

Inork ez dio ezer esan

Erregea biluzik dago.

Egia, ez banaiz horien berdina,

egia, izango naiz ardi beltza,

egia, buru barruan da kartzela

egia, aita kartzelerua

egia, isolamenduari beldurra,

egia, esango dutenari,

egiari beldurra, ipuin hartan bezala.

Joxe Ripiau

Erregea biluzik dago
Borboiak, erregea, Erregea biluzik dago, Katalunia, Monarkia
Iñaki Lazkano

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude