Errata eta errua

Errata eta errua – 

Hala ere, deigarriena da monjeek eta emakume horrek nola egin zioten aurre akatsari, arazoari: aurrera jarraituz, bere gainean eraikiz eta huts horiei esker sortu, imajinatu zutena. 

Hitzak elkartzen aritzen garenok sarritan huts egiten dugu. Idazten dugunak irakurri eta berrirakurri arren, beti badauka akatsen bat. Errua ez da guztiz gurea. Arduraduna, askotan, Titivillus da. 

Irudiaren kreditua: Charles De Luvio

Erdi Aroko sinesmenen arabera, Titivillus deabru bat zen, Belphegor, Luzifer edo Satanen izenean jarduten zuena eta fraideen idazkeran akatsak sartzen zituena. Monastegietako Scriptoriumen tintontzietan ezkutatzen zen, eta kopiatzaileen nekea edo kontzentraziorik eza aprobetxatzen zuen. Pentsa dezagun zer suposatzen zuen garai hartako eskuizkribu batean huts egiteak. Askotan, hilabeteak eman ziren lan bati ekin behar izaten zitzaion berriro. Huts horiek bekatutzat hartzen ziren, eta monjeari penitentzia bat ezartzen zitzaion. Beste interpretazioa da amanuensesek, kopiatzaileek errua botatzen ziotela gizajo horri bere akatsak justifikatzeko.

Kontua da egunaren amaieran Titivillus infernura itzultzen zela okerrez betetako zaku batekin eta egin zituztenen zerrendarekin.

Harira: adituen arabera, pergamino horietan aurkitzen ditugun ilustrazioak eta marrazkiak, hasiera batean, testu-akatsak, erratak ezkutatzeko sortu ziren. Huts horiei esker, kodizeak miniatuta -benetako artelanak- dauzkagu.

Errar terminoa latinezko errare hitzetik dator, adiera bikoitzarekin. Hemen interesatzen zaiguna “huts egitea” da, “ez asmatzea”. Hortik datorkigu “errakuntza”, “errateko” eta “errata”. Ziur aski hortik ere datorkigu “erru” (gaztelaniako “yerro”_tik) –Errare humanum est, sed perseverare diabolicum San Agustinek -Senekaren jatorrizko esaldian oinarrituta- idatzi eta “bataiatu” zuen; Elizarako bereganatu zuen. Ordutik hona deabruak eta akatsak elkarri eskutik heldu zioten. Errata eta errua elkartu genituen. Ordutik errudunak gara.

Hau guztia kontatzen dut joan den astean Bette Nesmithen biografiarekin topatu nintzen eta Erdi Aroko praileenarekin daukan paralelismoak ikaratu ninduen. Hari esker esaldi mitiko bat esan dezakegu: Nire patua idatzita dago, baina badaukat Tippex. Bettek “Mistake out” izena jarri zion berak asmaturiko produktuari. Nesmithek, idazkari-lanetan, praileek bezala, akats ugari egiten zituen ezinbestean: Titivillus bizirik jarraitzen zuen Olivettiren tekleen artean. Ordenagailuak hedatu aurretik, oker bakar batek orria zaborrontzira bota eta -monastegietan bezalaxe- hutsetik hastea suposatzen zuen. 

Wikipediak kontatzen digunez diru sarrerak handitzeko asmoz eta margotzeko zeukan trebezia baliatuz, Bettek banketxeko erakusleihoak apaintzen hasi zen eguberrietan. “Artistek ez dute egindakoa baztertzen huts bakar batengatik, txarto egindakoaren gainean pintatzen dute beti, eta artistek erabiltzen dutena erabiltzea erabaki nuen”. Botila txiki bat tenpera zuriz bete zuen eta, akuarelak margotzeko erabiltzen zuen pintzel finarekin batera, bulegora eraman zuen, mekanografia akatsak zuzentzeko. 

Euskarri digitalen agerpenarekin istorio paralelo hauek bere zentzua galdu dute; edo agian berreskuratu egin dute. Hala ere, deigarriena da monjeek eta emakume horrek nola egin zioten aurre akatsari, arazoari: aurrera jarraituz, bere gainean eraikiz eta huts horiei esker sortu, imajinatu zutena. 

Agian gure bizitzari aplikatu beharko genioke.

En fin

Errata eta errua

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude