Erramu-igandea, Jerusalemerako bidean

Erramu-igandea, Jerusalemerako bidean – 

“Mundu honetatik eramana izateko garaia bazetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek” (Lk 9,51). Egiarekin bat-bat egina egotetik gainean zetorkiona erabakitasunez onartu eta erabakitasunez patuari aurre egiten agertzen zaigu Jesus hasiera-hasieratik. Bizitzen ari garen garizuma bere zuztarretik bizi nahi badugu, Berpizkunde eta Pazkoa beren betean hartzeko prestaketa-erromesalditzat jo daitekeen garizumaren esanahi sakona ulertu nahi badugu, hasiera honetatik beretik hasi behar dugu zinez ibilbidea egiten. Ezin helmugara era zinezko batean ailegatu, helmuga delako horrek bere baitan barnebiltzen duen guztia geureganatu gabe. Jesusek ez zion iskintxo egin bere egitekoari, ezta hortik etorriko zaion patu beltzari ere.

Jerusalemerako azken bidaia hau ez zuen bakarka egin. Ikasleen konpainian egin zuen. Ez du ematen baina ikasleak bidaia berbera egitear zeudenik. Eurak ere harantz zihoazen, bene-benetan zertara zihoazen orduko hartan bihozkadarik izan gabe baina. Jesus Golgota aldera ari zen abiatzen, haraino ere ari zitzaizkion ikasleak Jesusi laguntzen. Ezertxo ere ulertu gabe orduko horretan. “Zoazen lekura zoazela, hara joango naiz zurekin”, esan zion bere ikasleetako batek, eta Jesusek zer ziotsan ere ez zekiela agerrarazi nahian-edo, jarraiko hau erantzun zion bueltan: “Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri” (Lk 9,58). Giza egiteko zilegi asko eta, egin-egin beharrekoak, zituzten ikasleek; batek aitaren hileta prestatu behar zuen, besteak etxekoak agurtu behar zituen aurrez… Egiteko eta kezka normalak giza mailan eta norbere egunerokotasunean lehenetsi beharrekoak, nola ez. Ordura arte Jesusek bizitzari bete-betean emana jardun bazuen ere, orduko legalismo, moralismo eta konbentzionalismo zenbaiten zentzugabekeria erakutsian jarrita, orain harago ere joango da. Bera izan zena, Bera zen eta ordezkatzen zuen guztia bere betera eramatera zihoan. Hau baina ezin izan zuen burutu, ezin izango zuen burutu era lasaian. Azkenik, jomuga zuen horrek Bera Berori, bere burua, entregatzera eraman zuen Jerusalemera. Ordua ailegatu zitzaion. Golgota aldera zihoan, hara zihoan, bere bizitza eskaintzera.

Orain gure bizitzari begira jartzen bagara, norberarenari, zera esan beharko genuke: denok dugu zain, berandu baino lehen, gure “Golgota”, bizitzaren amai gisa. Geuk ere, ikasleek egin zuten moduan, giza mailan, eta kristau mailan, maiz askotan, gehienetan, oso oharkabean bizi dugu bizitza bera dugun ibilbidea. Hau edo beste izan, honelako eta halako izan, beti arituko gara geure “Jerusalemerako bidea” egiten, ohartuki edo oharkabean, arituko gara geure bizitza, geu garen hori, eskaintzen. Zer ari garen eskaintzen, edota horren gainean zer kontzientzia izan dezakegun, hori besterik da.

Kristauok geure bizitza-ibilbidea Jesusekin, Jesusi jarraituz, egitea uste dugu. Hori behintzat izan beharko litzateke kristau izatearen ezaugarria. Jesusen ikasleek ere hala jardun zutela zeritzoten. Asko eskatzen du baina Jesusi jarraitzeak; prest al gaude zutik egoteko, bizitzeko lurrik ere ez dugularik? Prest al gaude geure buruari uko egiteko Berari jarraitze aldera? Jesusek baina, bizitza bere betera eraman zuen, bere betean maite izan zuelako. Eta bizitza bere berean eta bere betean besarkatze honek berorren baitan zekarren “gaua” ere onartzera eraman zuen itzulinguruetan ibili beharrik gabe.

Geure burua Beraren jarraitzailetzat dugunok bere ikasleak harrapatu zituen tentazio berberera lerra gaitezke. Errealitatearen gordinak kristau espirituz zinez eskatzen digunari iskintxo egiteko tentaziopean bizi gara une oro. Zinez “bizi gabe” bizi dezakegu gure fedea. Jerusalemerako bidea egin uste bai, baina delako bidaia aurrez otzandu eta etxekotu eta gero, berorrek dakartzan ondorio eta eskakizun guztiak aurrez erauzita. Zebedeoren semeak izan ditzakegu “egin gabe” egite horren erakusgarri garbi bat; gogotsu aritu ziren eztabaidaka loriazko postu gorenean euretako zein egongo, baita Jesusi ere eskatu eurak egon zitezen. Gu geu ere horrelatsu aritzen gara samurregi. Errazegi urardotzen dugu geure Jerusalemerako bidea, geure Gidaria, geure Maisua, ezagutu ez bagenu bezala jardunda. Harrigarria da gero ikustea noraino ailega daitekeen ustez Jesusengandik gertukoak direnen edo garenon itsukeria!

Uko egitea, geure burua eskaintzea eta, zergatik ez, nolabait hiltzea ere, horiek osatzen dute Egitasmoa. Zebedeoren semeek egin zuten moduan, Jesus, Bera egiten ari den Bidea, ekarri ohi dugu, tranpa eginez, gure aldez aurretiko egitasmoetara, kontrako zera egin beharrean, geure egitasmoak, geure bizitza, bere Bide erdian jarri eta eskaini, hau da, Jerusalemerako biderako egokitu eta eraldatu eta horrela zinez Jesusekin batera abiatu.

Igor Goitia

Erramu-igandea, Jerusalemerako bidean

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

13 pentsamendu “Erramu-igandea, Jerusalemerako bidean”-ri buruz

  • Eskerrik asko Goitia jauna artikuluarengatik.

    Behin baino gehiagotan esan dizudala uste dut, ez nagoela bataiatua eta ez dudala hezkuntza erlijiosorik jaso. Baina betiro izan dut izpiritualitatearekiko joera. Bilatzaile naiz hein horretan.

    Uste dut egungo gizartearen banalitatea eta sasi-transzendentziaren kontrako antidotoa dela egutegi liturgikoaz egiten duzu gogorapena eta hausnarketa. Niri politika gogaikarri gertatu zait eta euskal munduan, zoritxarrez, zenbait gaiei buruzko kakofonia etengabea sumatzen dut. Pakea ematen dit zure artikuluen irakurketak eta honek, gainera, heriotzaren gaia dakarkigu.

    Gauza polita da jakitea Jesukristok halako drama sakro baten barruan ikusten zuela bere burua. Harold Bloom literatura kritikariak Jesus Hamletekin konparatzen du, esaten du Jesusek Hamleten ironia beretsua darabillela, hau da, jendeak erotzat hartzen duela esaten dituenak ulertzen ez dituelako. Drama horren barruan erramu igande hau gauza ederra da, natura eta espiritualitatea biltzen baitira udaberri parte honetan.

  • Benat Castorene 2024-03-24 15:54

    Lehen aditzen ginuen Jesusek bere bizitza Aitari eskaini ziola gizakien bekatuak erosteko. Nunbait trukaketa triste bat egin zuela. Horrelakorik ez da sumatzen hemen eta ainitz hobe! Azken urte hauetan, Ebangelioa interpretatzeko modua horretaz aldatu egin da?
    Plazer baduzu, erraguzu otoi berpizteari buruz pentsatzen duzuna, horretan dugu ohiko koska eta galdea anitzok.

  • Ikasleek lagunduta. Hor informazio hagitz inportanta falta dugu, ikasle armatuak, zer Ebangelioetan garbi adierazten baita baten batek ezpata lekatik atera zuela, eta ez ziren ilarrak prezeski. Eta izena bera? Zergatik Jesus euskarazko testu batean? Oi Jezu!

  • Igor Goitia Mora 2024-03-24 20:28

    Kaixo Txepeleko,
    Hasteko eta behin, mila esker zure hitz eta iruzkinarengatik.
    Pozten nau izugarri nire testuak zugandik horrelako harrera ona izateak.
    Egia esan, ez nuen horrelakorik aurreikusten. Oso niretik idazten dut, eta gehien-gehienetan ez horren esplizituki erlijio-aitortzari dagokionean, testu asko eta askotan nolabait edo beste igurtzi espirituala beti hor sumatzen bada ere…
    Bilatzailetzat duzu zeure burua. Ez dago gaizki, hor datza-eta, nire ikusian behintzat, bizitzari zintzotasunez heltzeko gakoa. Honen harira, honekikoan argi eta klar utzi nuen nire jarrera, sakontasun eta benetakotasunetik ernatuz gero, are benetako ateismoa ere da zinez oso aintzat hartu beharreko jarrera.
    Gurean baina, transzendentzirik gabeko bahiketa ideologiko gehiegitxo ditugu, tamalez. Pena da, zinez. “Ismo”-etatiko norberaren bahiketa gehiegitxo gurean, bahiketa hanka motz eta soka motzekok.
    Interesgarria ere dioztasun beste zera; euskarazko munduak, tamalez, azken aldiotan beti betiko hiru-lau gai bereberez baino ez hitz egiteko duen joera gaixotia.
    Ni friki samarra izan naiteke, ados. Eta pikutara doazela nire testutxoak, gozakaitz zaizkien horientzat guztientzat….baina, zabal dadila behingoagatik geure euskarazko mundua, zabal dadila, eta betoz behingoagatik are filateliaz euskaraz jardungo duten euskaldun heterodoxoak. Aurreratuaren sienalea dugu gizarte baten politizazioa, baina denak tamainan behar du, eta gizarte bat (euskal gizartea eta euskarazko mundua) hiperpolitizaziora lerratuz ere, akabo gurea, akabo…

  • Igor Goitia Mora 2024-03-24 20:58

    Kaixo Bañat,
    Eta beti bezala oso intesgarriak eta estimatzeko modukoak zure hitzak.
    Ondo diozu, kristau tradizioan sakrifizio-eskerma gailendu da guztiz Jesuen heriotza interpretatzeko orduan. Tradizio luze batek hala ikusi du.
    XX. mendeko teologian, askoz interpretazio aberatsagoak eta espirutualki askoz iradokiagarriagoak agertuz joan dira. Besteetan beste zera aitortzen duena Jesusen gurutziltzatzea ulertzeko orduan: gurutzean ez dago soilik Jesusen gorputza (edo fedetik Jainkoaren .Semetzat aitortzen dugun hori); gure arteko bat egin zen hori, apaletan apal, ezin baztertuagoekin, gizartetik guztiz kanpo zeuden horiekin egon zen hori dago gurutzean, bere esanak, bere ekintzak, bere giza-maila ezin gailenduazkoa….

    Besarkada bat

  • Kaixo Nagore,
    Estimatuak, aurrekoan jada adierazita moduan, zure komentarioak, purrustada formapean izanda ere, bilatzera, ni behintzat, abiarazten gaituztenak.

    Oraingoan, Jezu-rena…, esango diguzu zergatik propio diozun hori. Jatorrizko forma ez-euskaratu baten alde egitekotan, ez al litzateke hobe, latinera jo beharrean, Itun Berria jatorriz idatzia dagoeneko grekeerara jotzea, eta, hortaz, ??????-etik (I?soûs), Iesus edo Iesous formen alde egitea…Ez dakit…

    Bestetik, Leizarragaren Testamendu Berrian: Iesu zioen, badakit “s” hori orduako grafian lirain eta luzea zela, oraingo teklatuekin baina ezin horrelaxe adierazi…
    Bestetik, inportantziarik gabe, baina, kiribila biribiltzen hasita, biok ala biok ohi dugunez, batuaz ebanJelio. Leizarragan ere hala agertzen da eta hori litzateke gure euskarazko honen lehenengo erreferentzia.

    Ondo izan

  • Jainkoak gabon, bai, eta ezin jainkoaz atzendu ingurumari honetan. Ironia dugu, ziurrenik, zailena idatziz azaltzen, Jezuz eta Joze! Nolanahi ere, hori guzia alde batera utzita, ez dakit nik hegazti arrak eta emeak nola izendatzen diren. Ugaztunekin ez daukagu inolako problemarik, Astama, zerrama, apotea, behorra, zaldia, Aketza, baina hegazti eta arrainekin? Urzo batek Ama Birgina…..Eta nola jakin dezakegu Urzo hori zer generotakoa zen, eta Urzo ez binarioa baldin bazen, edota queer? Ezin jakin! Baina ikusi dudanez Apaizgaitegian egotzitako asko hemen bildu zaretela, zeuek izanen duzue erantzuna, jainkoak lagun.

  • Apaiztegitik egotzitako asko…
    jajajajajaja
    Ez da ironia, oraindik barrez lehertzen (ez da txantxa)
    Beti harritzen nauzu eta onerako (ez da txantxa).
    Hegazitenaz eta bestez dioskuzuna oso ona…
    El puto amo!
    Besarkada

  • Sekula santan ez diozu hariari heltzen! Eta hor dago hain justu zure abilezia.
    Ezta, artikuluaren gaia jada erdi-bazter geratu izanda ere, hurren, zure osteko parte-hartzeetakoari zehatz galdegindakoari ERE
    Gehienera jota, oso aldirietatik gaiari begiztatuta, eskuetatik irrist eginez-edo eroritako pitxer batetik jariatutako ura antzo-edo, jarduten DUZU, dena mela-mela eginda utzirik, eta jada ezta zer demontrez ere DIHARDUGUN jada ez dakigularik…
    Onena?, azkenaldian beti zure erantzunaren zain-zain nauzula, zure purrustada asmotsuak hurrenean zer ekarriko.

  • Ia erlijio guztien (eta ondorioz, hori jasaten duen Gizateriaren) drama da besterik gabe murriztu direla liturgia eta erritu batzuk betetze hutsera.
    Ez da introskpekzio eta espiritualitate sakonik.Ustez (teorian edo teologikoki) aldarrikatzen dituzten balore eta ideiak paperean geratzen dira, eta sinestunek (eta, grabea dena, sinesten ez dutenek) bete BEHARREKO erritu inkherente batzuetan jartzen da gaur egun indarra (hainbat jaki jateko debekua, hainbat janzki eraman beharra, eskultura batzuk gurtzeko joera fetitxista…).
    Kristauek ez dute bizitza bizi kristautasunak dioenaren arabera (ez behintzat kristaua ez den humanista moral normal batek baino gehiago), musulmanek ere ez. Baina ai zerria jartzen baduzu jateko, ai “ama birjina HONI edo HARI debozio handia diot” esatea zentzugabekeria handia dela pentsatzeari…
    “Maita ezazu hurkoa zeure burua bezala”… zer ote da hori, baina goazen denok aitaren egitera futbol partidua hastera doanean… goazen denak zapia buruan jartzea (edo hobe esan kentzea DEBEKATZEA) kultura dela esatera.

    Erlijioa, eta erlijioak dakartzan desbideratze moral guzti horiek dira gizateriak historian zehar jasan duen lakrarik handienetakoa.
    Ez etorri espiritualitatea aipatzen, otoi. Bueno, otoi ez, mesedez.

  • Benat Castorene 2024-03-27 11:26

    TTok, egun on, Elizei eta haien jarraitzaileei egozten ditutzun horiek oro eta Eliza katolikoari eta haren jarraitzaileei batez ere, orokorrean egia da.
    Bainan ez ahantz giza instituzio eta gizaki inperfektuz ari zarela. Gainera, pixka bat justu izan nahi baduzu, bietan portaera eta gauzatze miresgarriak ere aurkituko ditutzu.
    Zure baimenarekin, gogotik, jakin minez, eginen nizkizuke zenbait galdera:
    Lehen galdera litzateke: akusatzen ditutzun Eliza eta jarraitzaile, gizadiko beste instituzio eta gizakiak baino inperfektuagorik dira? berdintsu? ala gutiago?.
    Bigarrena litzateke: ez ote da Jesusen mezua transmititzea Elizaren ( eta beste kristau errito batzuen) izaiteko arrazoia?
    Hirugarrena litzateke: Elizak transmitituriko Jesusen mezua Elizaren eta jarraitzaileen portaera txar eta kriminal horien erantzulea ote da?
    Hirugarrean litzateke: Elizarik gabe, zeinaren meritu handiena, ene ustez, Jesusen mezua (beti inperfektuki ere) transmititzea den, delako mezu bakun hori ez ote zen ahanzturaren ziloan galduko?
    Artetik erraiteko zure informazioarako gogoeta mailan ni gehiago jartzen ahal nuzu Txepelekoaren mailan, Igorrenean baino.
    Adeitasunez.

  • Asko nuke komentatzeko baina zuzenean zure galderei erantzungo diet:

    Lehenari: ez dakit inperfektutasuna neurtzen, baina etika humanista praktikatu eta zabaltzeaz haragoko morala (sinesmen ilogikoak, pekatu arbitrarioak, erritual hutsalak) aldarrikatzen eta BESTEEI betearazi nahi dizkieten instituzio eta gizakiak oso urrun daude besteak baino perfektuagoak direla kontsideratzetik.

    Bigarrenari: lehenik, argitu beharko litzateke zein den Jesusen mezua (hau da, a) Jesus historikoak esan zuena, edo b) Elizak dioena Jesusek zer esan zuen), bigarren, argitu beharko litzateke eliza zertarako sortu zen eta zertan aritu den, eta azkenik, zure galderari erantzunez, argitu beharko litzateke gaur egun zein den Elizaren izateko arrazoia. Adibidez, nik uste dut Jesusek berak (bai historikoak, bai sinesmeneko Kristok) asko flipatuko lukeela immatrikulazioen eskandaluan elizaren instituzioak eta gizakiek izandako jarrerarekin.

    Hirugarrenari: Jesusen mezua, ez; baina Jesusen mezuaz aparte Elizak transmititu dituen beste hainbat eta hainbat mezu, bai, dudarik gabe.

    Laugarrenari: Jesusen mezuak alderdi asko ditu, eta nire ustez funtsezkoenak, gizadiarentzako mezu inportanteenak, sinesmen sobrenatural eta erlijiosoetatik kanpo daudenak dira. Eta mezu inportante horien muina balio etiko humanistak dira, Jesusen garaitik lehenago ere bazeudenak, eta gerora ere egongo direnak. Gizatxarra (ateoa zein sinestuna) ez den edonork bere egiten dituenak, eta gizakia bizi den artean ahanzturan eroriko ez direnak. Hain zuzen, sinestun askok aspaldi ahaztua dute mezu hori, ez agian ahoz, baina bai pentsamenduz eta obraz. Begiak ireki besterik ez dago hori ikusteko.

  • Benat Castorene 2024-03-27 17:00

    Arratsalde on TTtok
    Milesker erantzunik
    Lehen galdera: elizaren eta kristauen bilana “sinesmen ilogikoak, pekatu arbitrarioak, erritual hutsalak” izatera murrizten baduzu zure ikuspuntua arrazoizkoa da. Baina nik uste murrizte hori injustuegia da.
    Bigarren galdera: JBai esusen hitzak momentuz Ebangelistetarik datozkigu elizaren bidez. Baina, etengabe, jakintsu inpartzial batzu ari dira hitz horiek aztertzen eta kontrastatzen egia apologiakotetik bereizteko beraz espero genezake gure ezagutza objektiboa aitzinatuko dela.
    Oraiko elizaren egoeraren aurrean flipatuko lukeen? ezdakigu seguru (gizadia ezagutzen zuen) baina Elizak transmituriko ebangelioetatik susma genezake hasarre gorriz bertan garbiketa zorrotz bat egingo lukeela.
    Hirugarrena: Ez Jesusen mezua ere transmititu du eta hori da bere alde ona.. Nahiz askotan traditu eta orai ere traditzen duen.
    Laugarrena: bai jesusek moral baten printzipioak formulatu eta praktikatu zituen ezin hobeki erromatar inperioaren markoan. Ez da inor izan berak bezain ongi hori egin duenik momentuz baina hori ene intuizioa da besterik ez.
    Milesker elkarrizketa honen gatik.
    Adeitasunez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude