Egonkortasun amiñi bat

Egonkortasun amiñi bat –

Zorionez ez zait inoiz halakorik egitea egokitu, eta beraz, zinez txunditzen nau jende askok egunero lanera joateko egin behar izaten dituen distantziak; bereziki deigarriak zerbitzu publikoei dagozkienean, izan osasungintzan, izan hezkuntzan. Bilboko irakaslea egunero Gasteizera joanez, Gasteizkoa Bilbora, Galdakaoko erizaina Donostira, Donostiko medikua Galdakaora, baztandarra Tafallara, Iruñekoa Pirineotara… Ez al dago orden apur bat jartzeko aukerarik administrazioan? Ez al genuke denok irabaziko etxe ondoan lan eginda? Bai diruan, bai denboran, bai bizi kalitatean, baita ikuspuntu ekologiko batetik ere.

Egonkortasun amiñi bat
Arg: JamesQube

Harrigarria iruditzen zait irakasle batzuk zeinen denbora gutxi igarotzen duten beren lanpostuan. 11 urterekin klasera joan eta irakasle bat izan dezakezu irailetik abendura, beste bat urtarriletik maiatzera eta azken hiru asteetan agian beste bat. Uste dut are larriagoa dela haurren kasuan. Hiru, lau, bost, sei urteko haurrentzat funtsezkoa da irakasleekin eraikitzen duten konfiantza eta gertutasun harremana, eguneroko tratuaren poderioz lantzen duten aprezioa. Eta bat-batean, egun batetik bestera, irakasle hori desagertu egiten da eta beste berri bat agertu. Eta berriz zerotik hastera.

Ez dut administrazioa eta bere funtzionamendu burokratikoa sakon ezagutzen: oposaketak, plazak, zerrendak… Dakidana da 3-4 urteko haur batentzat bere irakaslea funtsezkoa dela, eta ez dela komeni ikasturte erdian aldatzea. Eta helduagoak direnei ere ez diela mesede handirik egiten, aurreko irakaslea erabat aldrebesa ez bazen, behintzat.

Notak eta bestelakoak oso garrantzitsuak dira plaza bat ateratzerako orduan, ados, ez naiz hori eztabaidatzen jarriko. Baina pertsona batek bere lana ondo egiten badu, komunitateak horrela aitortzen badio, gertukoa izateaz gaindi hurbilekoa bada, eta gainera, bertan lanean jarraitzeko borondatea badauka… Zergatik joan behar da pertsona hori herrialdeko beste puntara, eta beste puntakoa hona etorri? Distantziarena oso subjektiboa da, baina argi dago pertsona batek egunean bi ordu edo gehiago bidean igarotzea ez dela oso mesedegarria: gasolina, tailerrak, alferrik galdutako denbora, trafikoa, ataskoak, istripuak…

Izugarri konplikatua izango da, zalantzarik ez. Baina ondo legoke irakasleek, eta ondorioz, ikasleek ere, egonkortasun amiñi bat izatea.

Egonkortasun amiñi bat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude