Egin gabe eginez, egin

Egin gabe eginez, egin –

Egin gabe eginez, egin

Aurrez, olerkiak baliaturik, ahal nuen moduan baina, isiltasunari heldu nahi izan nion, agian ozta-ozta, trakets samar ziur. Orain baina, hausnarketa lerro hauen bidez, horien ostean omen zeutzan ideia batzuk nahi nituzke hona ekarri.

Isiltasuna dugu benetako erronka geure bizitza-ibilbidean. Osatzen gaituen batasunetik beretik landu eta hazarazi behar dugu. Pentsatu, sentitu eta egiten dugunaren ostean haren bultzada zein gidaritza orekatua beharko genuke. Beti geure buruak kanpora bete-betean emanak bizi garen honetan, hemen betebeharrekoa bete ezinda ere, harako beste eginkizun hartara betiro korrika, huste-sentimenak gaitu zeharkatzen. Non gaude? Zer gara? Finean eta buruan, ezin sakon eta zinez bizi geure aitortutako fedea bizitzatik at, bizitzaren barne muinetik aldenduta; soil-soil bizitzari atxiki-atxikiak lortuko dugu gure erlijio aitortua zinezko bizipen espiritual bilaka dakigun.

Geldiune bat egin, atsedena hartu behar dugu egunerokotasun zurrunbilotsuaren aurrean, ez inondik ere hortik ihes egiteko, kontrara baizik, berorretan bihotzez egon eta jarduteko, berorretan Jainkoren baitan errotua egotearen bila ari den “ni” batetik jarduteko: Barnean ziñeu-kadan, eta ni landan nindabillan, eta an zindudan billa nai (San Agustin, Aitorkizunak XXVII, 38).

Isiltasunak, benazko isiltasunak baino ezin gaitu zentraltasun delako horretara eraman. Badirudi, baina, aipatu isiltasun horren alde egiteko ahalegina burutan hartzen dugun aldiro zera datorkigula segituan burura: “Denborarik gabe nabil itota; agian lasaixeago egongo naizen hurrengo batean…”; nolabait edo beste, inoizko batean edota inongo batean horretarako aukera edukiko dugulakoan, baina oraingo honetan ez… Eta zer gertatuko litzateke, delako isiltasun horrek, sakon eta espiritual deritzogukeen Isiltasunak, ez inoiz ez inon bilatu beharko dugunak, eta, aldiz, betiro eta une oro zeharkatuko bagintu eta bultzatuko balitu gure ekintzak eta gure ekimena?: “Ekitean isiltasuna aurkitu duenak, isiltasuna bera ekintza dela ulertzen du eta argia eta bakea aurkitzen ditu bere ekintza guztietan” (Bhagavad Gita, 4.18).

“Egin eza”-z mintzo da Taoismoa. Intereseko zaigu darabilen kontzeptua: “Egin eza” edota “egin gabe egin” (wu-wei) delakoari deritzot. Gurean ere, agian nola edo hala antzeko ideiak aurkituko ditugu, ziur; Taoismo honen alde egin dut baina, oso berezko eta bereiz landua dutelako kontu hau, are kontzeptu delako hori propio hiztegitaratzeraino wu-wei-ren bitartez; labur beharrez, hortaz oso erabilgarri deritzot lerro hauetarako.

Wu-wei, gurera ekarriz, kristau ikuspegitik norbere buruari uko egitearekin pareka genezake: “nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari…” (Mt 16,25). Niaren hutsaltasuna, haren izatasun-eza aitortze aldera jo izan dute, oro har, Ekialdeko erlijio tradizioek. Muga eta alde nabarmena dakusat nik baina haien niaren izatasun-eza eta kristauon “nork bere burua ukatze” artean. Testu honetan kontu honen gainean xehetasun gehiegitan ezin sakonduz, aitor dezadan labur baina irmoki alde ederra dagoela bi kontzeptuen artean, nahiz elkarrekiko ere badutela onartu.

Euren artean dagoen aldeari dagokionez, argi eta ozen zera aitortu behar dugu gure fedetik: Jainkoa, Jesusen bidez, aurrez aurre mintzo zaigu, aurrez aurre guri (“Jainkoaren erregetza zuen artean dago jadanik” Lk 17,21), eta aurrez aurre niri, eta zuri, nor bakoitzari bekoz beko, norberari bere izenez hots eginez, eta bera berau den aldetik (Jesusek banan-banan eta nor bakoitzari bere izenez deitu zituen bere ikasleak). Harreman intimo eta pertsonalerako gara deituak une oro, “zuek, nor naizela diozue?”(Mt 16,15) bezalako galderen bidez une oro sendotu eta eraberrituak. Garen modu-modukoak nahi gaitu Jainkoak, eta hitz emandako Erreinuan garen modu-moduan parte hartzera gara deituak.

Azken hau zehaztuta, oso bestela heldu behar izango diogu gorago aipatu wu-wei delakoari, ez horregatik baina berori ahulduz edota esanahiz hustuz, kontrara baizik, bizi-indartuz; ni askoz arinagoa da Jesusi darraiona, bizitzari lotuta, eta lagun hurkoaren bizitzari zeharo emanda, Jesusengan bere uste eta konfiantza osoa jarrita daukana, eta horrekin batera, ondo dakiena “mundu honetan mundu honetakoa izan gabe” buru belarri inplikatzen, ondo dakiena finean eta buruan azken hitza eta azken erabakia esku ezin hobeetan daudela, San Ignazioren hitzek ezin egokiago jasotzen duten bezala: “dena geure esku balego bezala jardun, finean dena Jainkoaren esku dagoelako konfiantza izanda”.

Isiltasunetik bestetik, geure barnetasunean murgiltzetik bestetik, ez dugu lortuko “egin gabe egin” ahal izatea, gugan erroak egin dituen handi den Hori gure eguneroko jardunean ager dadin, hain “auto-zentratua” edo “ego-zentratua” ez dagoen ni bat, “bolumena” jaitsi duen “ni” eraberritu bat izan gaitezen, bizitzaren Iturriaren ur-jarioa izango den “ni” bat.

Egin gabe eginez, egin

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.