EAE-ko hezkuntzan talde lana herren
EAE-ko hezkuntzan talde lana herren –
Talde lana ezinbestekoa da. Ezinbestekoa egunerokoan helduen artean baita gazteagoen artean ere. Baina benetan, ba al dakigu elkarrekin lan egiten? EAEko ikasleak estatu espainiarreko ikasle guztien artean talde lanean okerrenetarikoak direla jakin dugu. Hori da, PISAk dioena. Nahiz eta PISAri bakarrik kasu egitea ez den egokia, garrantzitsuak diren beste balore batzuk ez baitituzte baloratzen, emaitza hauek pentsarazi egin digute.
Emaitza hauek jaso aurretik, hezkuntzan ari garen asko gai horri buelta bat eman nahian ari ginen. Ikasleak eta gurasoak ere kexaka entzuten ditugu. Ikasleek diote arazoak izaten dituztela talde lanetan normalean. Askok ez omen dute haien zatia egiten. Hori dela eta, beste batzuk egin behar izaten omen dute bakoitzari tokatzen zaion zatia eta lana egin ez duen ikaslearen lana. Badira ikasle batzuk besteen lanak egokiak ez direla pentsatzen dutenak eta lan guztia aldatzen dutenak besteen lana gutxietsiz. Gurasoek, berriz, haien seme-alabek besteen zatiak ere egiten dituztela diote eta ikaragarrizko lan karga dutela, eta askotan giro txarra beste kideekin.
Irakasleok, berriz, zatika egin dutela diogu. Ez dutela taldean lan egin eta kasu askotan, besteek egin duten zatia irakurri ere ez dutela egiten. Batzuetan, letra ezberdinekin ere aurkezten dituzte lanak. Zatika lan egitea, ordea, ez da taldean lan egitea. Inork ez die, ordea, ikasle hauei talde lanean lan egiten erakutsi. Irakasleek izan beharko lukete talde lanean gidari. Baina, nork erakutsi dio irakasleari horretan? Irakasleak ere ez daude horretan trebatuta.
Bartzelonako Sadako eskola ezagutzeko aukera izan nuen. Bertako zuzendariak eskolaren funtzionamendua azaldu zigun eta gero, DBH2ko bi ikasle etorri zitzaizkigun eskola erakustera. Ikasle horiek zuten komunikatzeko gaitasunarekin erabat harritu ginen. Helduak ziruditen! Ikasleak eskolan nola lan egiten duten kontatu ziguten. Oso kontziente dira ikas prozesuaren inguruan, oso barneratuta dute eta parte dira, bai hezkuntza sisteman baita ikasketanprozesuan ere. Sadakon, gelak taldean lan egiteko egituratuta daude eta ez irakasleari begira. Aprendizai kolaboratiboari ematen diote garrantzia, hekuntza emozionala, soziala eta filosofikoari eta ikasleak komunitatean hartzen dute parte. Proiektuak eta haiek sortutako ekimenak eramaten dituzte aurrera. Ikasle bakoitzak rol bat hartzen du eta bakoitzaren ebaluazioan eta koebaluazioan hartzen dute parte.
Askotan gela batean bi irakasle daude. Bi gelek batera lan egiten dute. Ikasle asko dira baina taldeka lanean ari direnez, ez du horrek axola. Ikasgaiak ez dira existitzen. Konpetentzia transbertsalak lantzen dituzte.
Proiektu batean, mineralen inguruan lan egin dezakete, ordenagailua erabiliz informazioa bildu eta ondoren, testua idazterakoan konpetentzia linguistikoa erabili edo konpetentzia artistikoa erabiliz aurkez dezakete helburuen arabera. Eskolako txoko guztietan ikus zitezkeen ikasleak taldeka haien kasara lanean. Irakaslearen beharrik gabe. Harrigarria benetan!