Donald ahatea balitz?
Donald ahatea balitz?
Ba al da sentsazio ankerragorik kazetari batentzat, kontatzeko edo esateko ezer interesgarririk ez duzula sentitzea baino? Gehitzeko baino kentzeko duzula sentitzea baino. Halako ondoez batek betetzen nau azken denboran. Eta ondoez horrek min gehiago ematen du tripa barruetan, egunero egunkaria zabaltzean, interes izpirik ez duten hitz gaiztoak, hitz zuriak topatzean. Interesik gabeko hitz interesatuak. Eta ondoez horrek erre egiten du, metal goriak bezala, zakurraren putza balio duten kontuok jendearentzat erakargarri direla konturatzean.
Aitzol Azurtza, Harri dela pornoaren industrian esaterako. New Yorkeko Eusko Etxeko zuzendari (ohiak) nahikoa izan du Urkullurekin izandako polemika bat, El Correok, Diario Vascok eta Vocentoko armada osoak lumak zorrozteko. Interes izpirik ez duen datu hori, portadako alpiste bihurtzeko. Hedabide honetako kazetariren batek hil ala bizi defendatu du kontuak albiste izatea merezi duela, eta Azurtza DisneyWorld-en Donald ahatea balitz ere berdin albiste litzatekeela. Inplizituki irakurriko ez bagenu lez, Vocentoren ildoa ezagutuko ez bagenu lez. Eta ingeniaria balitz zer? galdetu du besteren batek. Izugarri hedatu da alpistea, eta kilometrikoa da twitterren kontuari buruz topa dezakezun eztabaida. Luzea bezain antzua.
Zer esan. Zer kontatu. Gogoak ihes egiten baitu halako hedabideak Euskal Herrian (eta munduan oro har) salduenak direla ikustean. Hedabidea, hedabide izate hutsagatik ez baita kazetaritza. Zer esan? Zer kontatu?