Diru-zorro galdua
Diru-zorro galdua –
Pasa den barikuan, hilak 21, San Tomas eguna ospatzera joan nintzen lagun batzuekin; eta noski tragoak gora, tragoak behera, mozkor-mozkor eginda amaitu nuen gaua. Ez dut gau hartako gauza askorik gogoratzen, eskerrak etxera bizirik ailegatu nintzela! Baina hurrengo egunak oso txarto igaro nituen, eta ez hainbeste ajeagatik, baizik eta diru-zorroa galdu nuelako.
Bertan ez nuen balio handiko gauzarik: bosteko pare bat billete eta txanpon batzuk (uste dut, ez dut oso ondo gogoratzen), NAN-a eta bankuko txartela, eta noski, barik-a. Baina, zelako atsekabea hurrengo goiza. Dakizuenez, abenduaren 22an Espainiako Gabonetako loteria zozketatzen da, ez dut txartel askorik erosten: amarekin bat eta lagun taldearekin beste bat. Horregatik ez diot jarraipen handirik egiten zozketari.
Harrigarria den arren, zapatuan amak telefonoz deitu zidan bigarren saria suertatu zitzaigula esanez. Arin-arin loteriaren txartelaren bila joan nintzen, eta orduan konturatu nintzen diru-zorroa ez nuela. Hauxe negargura, ez nekien zer egin nire bizitzarekin. Hainbat urtetan zozketan parte hartzen, eta aurten suertatu eta txartela galdu.
Crush-arekin —euskarara itzulita gustatzen zaidan pertsona— hitz egin nuen; lankidea da eta oso harreman estua daukagu. Berarekin eta beste hainbat lankide eta lagunekin atera nintzen San Tomas jaiak ospatzera. Gau hartan gertatutakoa kontatzea eskatu nion, baita nire arazoa azaldu ere; baina ezer ez zekiela esan zidan.
Egun bat pasa zen eta diru-zorroa galdu nuela salatzea erabaki nuen, badaezpada ere. Ez nuen ezer galtzen. Poliziak diru-zorroaren edota loteriaren argazki bat eramatea eskatu zidan salaketa gauzatzeko; baina argazkirik ez nuenez, ezin zidan lagundu.
Crushak berehala dena aitortu zuen nik egindakoa komentatzean. Berak diru-zorroa zuela esan zidan, nik eman niolako aurreko egunean ez galtzeko, eta broma moduko bat baino ez zela azaldu zidan. Asko haserretu nintzen berarekin oso txarto igaro nuelako azken eguna; orain, denbora pasa ondoren, ez nago hain haserre, nik erruaren parte bat dudala aitortu behar dudalako, hainbeste edateagatik.
Twitterren bidez dena kontatu dut txio-hari bat sortuz; irakurtzea gomendatzen dizuet, Crusharekin Telegram-eko mezuen bitartez edukitako elkarrizketekin eta abar osatuta baitago (gazteleniaz, euskara ez dakielako).
Atzo #SanTomas eguna ospatu genuen eta ez dut gogoratzen nola ailegatu nintzen etxera, auskalo zer esan nion crush-ari! ? pic.twitter.com/M5S01FaHCr
— J. AIALDE (@Jaialde_) December 22, 2018
Esan dit loteriaren txartela ez zuela nahi, ez zuela nahi ezer gaizki egin, broma bat baino egitea ez zuela nahi. Hitz egingo dugu ea zer ateratzen den elkarrizketa horretatik eta nire crusha izaten jarraitzen bada.